Euskara eta euskal kultura sustatzea helburu duen elkartea

Ahobizi edo Belarriprest guztiok, Euskaraldian izen emateko aukera dugu gaurtik

By on 2018-09-20 in Euskara, Hezkuntza, Jendartea, Kultura


Adi, “Ahobizi” nahiz “Belarriprest” guztiok. Heldu da eguna, zabalik da jada herritar ororentzat, azaroaren 23tik abenduaren 3ra Euskal Herri mailan, eta Usurbilen noski, deitu den Euskaraldian izen emateko epea. 11 egunez euskaraz hitz egin, entzun, aritu, eta euskaraz bizitzeko ekimenean parte hartzeko bide ezberdinak eta xehetasunak dituzue segidan. 

Izen ematea, paperez egin nahi dutenek, eskuragarri izango dituzte NOAUA! K.E.-ren egoitzan, Potxoenean, Euskaraldiko partaide diren elkarteetan eta kalean jarriko den mahaian. Online bidez ere bideratu ahalko da inskripzioa, usurbil.euskaraldia.eus atari estreinatu berrian.

Informazio zabala eskaini zen atzo Potxoenean egin zen solasaldian, Olatz Altuna (Soziolinguistika Klusterrako kidea) eta Inazio Usarralde (EMUN-eko hizkuntza teknikaria) herrikideekin. Amaieran atera zuten talde argazkia duzue ondokoa.

11 EGUN EUSKARAZ-2018ko azaroaren 23tik abenduaren 3ra

Zer egin dezakegu euskal hiztunok euskararen erabilera areagotzeko?

Galderak hainbat erantzun ditu, baina, guk, hizkuntza ohiturak astindu eta ohiko harremanetan euskara gehiago erabiltzeko ariketa bat proposatzen dizuegu: 2018ko azaroaren 23tik abenduaren 3ra, euskaraz hitz egiten edo ulertzen dugun guztion artean egin dezagun euskaraz. Euskal Herri osoan eta elkarrekin arituta, gure egunerokoan eragin genezake.

Nola egingo dugu?
Ondoko bi roletako bat har dezagun 11 egunez:
Ahobizi: ulertzen duenari euskaraz egingo diot, hark erdaraz erantzun arren. Ezezagunei lehen hitza, gutxienez, euskaraz egingo diet.
Belarriprest: egidazu euskaraz, nik ulertzen dut eta. Agian erdaraz erantzungo dizut, baina zuk niri euskaraz egitea nahi dut.

Zer da hamaikakoa?
Hamaika laguneko taldea da hamaikakoa, inoren ordezkari izan gabe, modu pertsonalean eta borondatez arituko direnak. Euskaraldia ekimenean ahobizi edo belarriprest izatea erabaki dute. Horretarako, gainera, beren inguruko kideei ekimenaren eta beren erabakiaren berri emango diete, eta euskara ulertzen duten hamaika lagun, senide, lankide/ikaskide edo ezagun parte hartzeko aktibatzen saiatuko dira.

Zer lortu nahi dugu?
-Gure harremanetan hizkuntzarekin ditugun inertziak astintzea eta uste baino gehiagotan euskarazko komunikazioa posible dela frogatzea.
-Euskal Herrian euskara ulertzen duen jendea pentsatzen duguna banio gehiago dela jabearaztea eta euskara gehiagotan erabili dezakegula ikusaraztea.
-Hizkuntza ohiturak aldatzea norberaren hautua eta ariketa izan arren, bidea taldean eta batera, erosoago eta lagunduago egitea.
-Euskara erabiltzeko testuinguru eta egoera berriak, abegikorragoak eta babestuagoak sortzea.

Non egingo dugu?
Bakoitzak bere inguruan, bere ohiko harreman sareetan egitea proposatzen dugu: familian, lagunartean, lanean, eskolan, dendetan… Horretarako, herriz herri antolatuko gara, baita enpresa, ikasketa zentro eta era guztietako elkarte zein entitateka ere. Nahi duzun lekuan izena eman, eta ondoren, zure ingurukoekin parte hartu proposatzen dizugun ariketa honetan.

Nork har dezake parte?
16 urtetik gorako herritarrek eman dezakegu izena:
-Ahobizi izateko, euskaraz hitz egiten jakin behar da.
-Belarriprest izateko euskara ulertu behar da.

Irizpideak betez gero, norberak erabakiko du zein roletan izena eman. 2018ko azaroaren 23tik abenduaren 3ra, Ahobizi edo Belarriprest ikurra soinean eraman, eta hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketa egingo dugu!

Eta bitartean, zer egin dezakegu?
Herriz herri eta hainbat enpresa eta entitatetan antolatzen ari diren batzordeetan parte har dezakezu. Herriko eragile eta euskaltzaleek antolatutako batzordeetan zure ekarpena egin eta inguruan Ahobizi eta Belarriprest berriak aktibatzen denok egin dezakegu gure ekarpena.

HERRITARREN IZEN EMATEA: irailaren 20tik aurrera. 

Informazio gehiago:
Facebook: Euskaraldia Usurbil
Twitter: @EuskaraldiaUsur
Youtube: Euskaraldia Usurbil

E-posta: usurbil@euskaraldia.eus
Antolatzailea: Euskaraldia Usurbil.

Harpidetu

Albiste hau atsegin baduzu, harpidetu orain horrelako albiste gehiago jaso ahal izateko.

Iruzkinak itxita daude.

Usurbilgo baserriak
Usurbilgo ondarea
Igo
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.