Euskara eta euskal kultura sustatzea helburu duen elkartea

Gazte usurbildarrak ere erraustegia gelditzera doaz

By on 2018-09-13 in Ingurumena, Jendartea, Kultura


“Utzi bizitzak kutsatzeari. Erraustegia gelditzera goaz!” goiburupean eta talde argazki honekin bat egin dute gazte usurbildarrek ere, irailaren 20rako Ernai gazte erakundeak Lasarten deitu duen manifestazioarekin. Irailaren 20an eta 21ean hain zuzen, erraustegiak sustatzen dituzten enpresen Europako konfederazioak kongresua egingo du Bilbon. Irailaren 19rako 20:00etan Guggenheim museo atarian elkarretaratzea deitu dute Errausketaren Aurkako Mugimenduak eta Zero Zabor Bizkaian Elkarguneak. 

Biharamunean, aipatu moduan, errausketaren zero gunetik gertuen dagoen udalerrietako batean, Lasarte-Orian alegia, Ernai gazte erakundeak, goizeko 10:30etan Okendo plazatik abiatuta hasita herria zeharkatuko duen manifestazioa. Ikasleak eta gazteria oro har, mobilizatzera deitu dute. “Dei egiten diegu inguruko herrietan bizi diren ikasle zein gazteei bat egin dezaten deialdi honekin eta etor daitezen proiektu txikitzaile honekiko aurkakotasuna adieraztera”. Hamaika arrazoi daude horretarako, Ernaik argitara emandako ondoko adierazpenean irakur daitekeen moduan:

ERNAI-ren ADIERAZPENA
Datorren astean, irailaren 20 eta 21ean, Bilbon mundu mailako Erraustegien Foroa burutuko da, elite politiko eta ekonomikoen mesedetara lanean dabiltzan gorbatadunak elkartzeko gunea, hain zuzen. Foro hori, duela bi hilabete Belfasten erraustegi proiektua gelditu zela kontuan hartu gabe ospatuko dute. Nola ulertu beste lurralde batzuetan eredu hori alde batera uzten ari direnean Gipuzkoan halako bat eraikitzen egotea?

Erraustegia egungo sistema kapitalista heteropatriarkalaren ikonoa da, gutxi batzuen etekin ekonomikoa jartzen baitu gu guztion bizitzen gainetik. Haien engranajearen beste pieza bat gehiago da erraustegia. Izan ere, bulego ilunetan itxitako eta jatetxe garestietan ospatutako tratu milionarioak dira haien boterearen berme eta xede nagusia. Argi dago erraustegiak ez diola herriaren interesei erantzungo, gutxi batzuen poltsikoen mesedeei baizik. Berriro ere poltsikoak diru ustelez beteko dituzte erraustegia beharrezkoa dela diotenek. Proiektu txikitzaile hauek babesten dituztenek ongi dakite gizartearen kalterako proiektuak direla. Herritarrak itotzekoa da haien intentzioa, kasu honetan itoko gaituen aire kutsatzailearen bidez, eta maskarilak banatuko dizkigute isilik egon gaitezen.

Honakoa da EAJ-ak PSE-ren laguntzarekin zabaldu nahi duen eredua Gipuzkoan zein Euskal Herri osoan, konstruktora eta lagunekin hitzarmenak egin eta poltsikoak diruz betetzea ahalbidetuko diena. Herritarron hitzari entzungor egin eta gu guztiok heriotzera kondenatuko gaituen proiektua, hilkortasun tasa %13 eta minbizi kasuak %3,5 igoaz inguruko eremuetan.

Herriaren hitza alde batera utzi eta haien interes pribatuen aldeko apustua egin du beste behin ere EAJ-tak. Hau baita beraien ustez herriaren alde lan egitea. Baina argi geratu da Gipuzkoako herritarrok ez dugula proiektu txikitzaile honen aldeko apusturik egiten, ikusi besterik ez daude lehengo urtean burututako manifestazio jendetsuak eta Zubieta inguruan dauden herritarrek behin eta berriz antolatutako ekimen arrakastatsuak.

Gainera, ez da ahaztu behar, erraustegia eraikitzen ari den Urbaser multinazioanala ikertua izaten ari dela politikariei komisioa ordaintzeagatik kontratu publikoen truke, ezta Araban plazaratu den De Miguel auzia ere; EAJ komisioak kobratzen ibili dela argi erakutsen du kasu horrek ere.

Bi gertaera hauek sor ditzaketen hipotesiak indartuz, legealdi hasieratik errauskailuaren proiektua era guztietako ezkutukeria eta legez kanpoko trikimailuekin ezaugarritu da. Auzitegien epaiei itxaron gabe egin dira lizitazioak, komenientzien arabera esleipen egunak aldatu dituzte eta informazioa etengabe ezkutatzen ibili dira, besteak beste.

Alferrikako azpiegitura kutsakor eta garestiak eraikitzeari utzi eta beste bizimodu baten aldeko apustua egin beharra dago. Herritarron bizitzak kutsatu nahi dituztenen aurrean, gu guztion bizitza erdigunean jartzera goaz. Gazteok argi dugu, herriaren aurkako iruzurrik ez dugu onartuko. Merkatua eta interes pribatuak lehenesten dituen ereduaren aurrean, bizitzaren aldeko apustua egiten dugu. Euskal Herrian BIZI nahi dugulako, maskarilak kendu eta erraustegia geldituko dugu; zuen inperioa hankaz gora jartzeko lehen pieza botako dugu. Gurekin jai duzue!

Gure hitza entzun dadin, irailaren 20an manifestazio bat burutuko dugu 10:30etan hasita Lasarteko Okendo plazatik. Beraz, dei egiten diegu inguruko herrietan bizi diren ikasle zein gazteei bat egin dezaten deialdi honekin eta etor daitezen proiektu txikitzaile honekiko aurkakotasuna adieraztera.

Utzi bizitzak kutsatzeari!

Erraustegia gelditzera goaz!

Gazteon oraina borrokan da!

OLYMPUS DIGITAL CAMERA

Harpidetu

Albiste hau atsegin baduzu, harpidetu orain horrelako albiste gehiago jaso ahal izateko.

Iruzkinak itxita daude.

Usurbilgo baserriak
Usurbilgo ondarea
Igo
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.