Euskara eta euskal kultura sustatzea helburu duen elkartea

Zumarte birgaitu eta handitzeko obren kontratua formalizatu du Udalak

By on 2018-07-19 in Ekonomia, Euskara, Hirigintza, Jendartea, Kultura

Ostegun honetako (uztailak 19) Gipuzkoako Aldizkari Ofizialak dakarrenez, Zumarte Musika Eskola birgaitu eta handitzeko obra kontratua formalizatu du Usurbilgo Udalak. Gogoan izan, aurrez eginiko obren kontratazio deialdira eskaintza bakarra aurkeztu eta huraxe izendatu zuten eskaintza ekonomiko onena bezala, maiatza hasieran udalbatzak egin zuen ezohiko osoko bilkuran; Construcciones Moyua S.L.-rena. Gero 10 eguneko epea izan zuen aipatu enpresak beharrezko agiriak aurkezteko. Tramite hau egoki bete ostean, musika eskolaren eraikina birgaitu eta handitzeko lanak aipatu enpresari esleitzeko proposamena eraman zuen udal gobernu taldeak ekainaren 26an egin zuten osoko ohiko bilkurara. Aho batez onartu zuten udal ordezkari guztiek. Guztira, 1.981.219,02 euroko inbertsioa (%21eko BEZ barne) bideratuko du Udalak egitasmo honetara.

Lanak hastear
Uztailean hastekoak dituzte, duela urtebetetik itxita den Zumarte Musika Eskolaren eraikina handitu eta birgaitzeko lanak. Obrek urtebeteko iraupena izango dute. Honenbestez, 2019-20 ikasturterako erabilgarri egon behar luke, musika eskolaren eraikin eraberritu eta handituak. Bitartean, irailean hasiko duten ikasturte berrian, amaitu berri duten honetan bezala, herriko gune desberdinetan segiko dute musikariek; Udarregi Ikastolan, Santueneko frontoi ondoko lokalean, eta Zumarteren bulegoak, Puntapax kaleko garai bateko atez ateko bilketaren egoitza izandakoan.

Harpidetu

Albiste hau atsegin baduzu, harpidetu orain horrelako albiste gehiago jaso ahal izateko.

Iruzkinak itxita daude.

Usurbilgo baserriak
Usurbilgo ondarea
Igo
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.