Euskara eta euskal kultura sustatzea helburu duen elkartea

Haserrea eta tentsioa eragin zuten iaz, erraustegirako gasa sartzeko obrek

By on 2018-07-09 in Hirigintza, Ingurumena, Jendartea

Bizilagun batzuk etxera, berriro diogu, etxera iritsi ezinik; beste batzuk, haiena duten baratzera ere gerturatu ezinean. Hala harrapatu zituen zubietar bat baino gehiago, ezustean, eta ulergarria den moduan haserre, iazko uztailaren 3an Santuenea eta Zubieta lotzen dituen herri bidea, aurrez jakinarazi gabe itxi zietenean. Erraustegirako, industriagunerako eta espetxerako gasa sartzeko lanei ekin zieten Zubietako Learritza bidean. Lanok egin ahal izateko, gaur egin duten moduan, eremu honetako bide zati bat hesitu zuten.

Etxe atariak edo etxerako bidea etenda ikusita, zubietar bat baino gehiago izan ziren zer gertatzen ari zen ikustera obren eremura gerturatu zirenak. Obrak hasi eta biharamunean, zenbait herritarrek Donostiako udaltzainen aldetik jasotako tratua deitoratu zuten. “Obretara gerturatu dira, ikusi dutelako bapatean beren etxeetako irteera oztopatuta. Joan dira jakitera zer gertatzen den. Ez zaie inolako informaziorik eman eta hori gutxi ez eta, Donostiako udaltzainen jazarpena jasan behar izan dute”, salatu zuten. Hedabideoi ere gure lana ohi den moduan egitea zaildu ziguten, bereziki lanen inguruko argazkiak ateratzerakoan. Argazkiak ateratze hutsagatik, Donostiako udaltzainak datu eske etorri zitzaizkigun. Zubietan nabaria zen, udaltzainon eta Ertzaintzaren joan etorriak.

Aipatu moduan, obrak hasi eta biharamunean, urgentziazko agerraldia egin zuten hainbat herritarrek, Usurbilgo Udaleko eta Zubietako Herri Batzarreko ordezkariekin batera. Bizi zuten egoeraren aurrean haserre agertu ziren, obra bera geldiaraztea eskatzearekin batera. “Obra hau geldiaraztea eskatzen dugu, hiru erakundeen (Usurbilgo eta Donostiako Udalak eta Zubietako Herri Batzarra) arteko irtenbide egokia adostu eta guztiaren berri herritarrei jakinarazi arte”. 

Herritarrak eta tokiko erakundeak kontuan hartu gabe
Lanen aurka eta lanon helburuaren aurka agertu ziren. “Bereziki irmoa da erraustegiaren aurkako jarrera. Zubietan eta Usurbilen ezin ozenago egin dugu aldarri: erraustegia guztiz kaltegarria da, eta ez da beharrezkoa. Bereziki larria da osasunari, ingurumenari eta gure eredu sozio-ekonomikoari eragiten dien zauria. Bada, hasi gara nabaritzen kalteak: Zubietatik Usurbilerako bidea moztea ekarri du gasaren hornikuntzak”, nabarmendu zuten.

Donostiako Udalak lanok abiatzeko baimena eman zuen, baina Zubieta eta Usurbilgo erakunde eta herritarrak kontuan izan gabe, eta inolako planifikaziorik gabe. “Nabarmen utzi du berriz ere begirunea galdua digula zubietarroi eta usurbildarroi. Nagusikeriaz jokatu du ostera ere. Zubietarron eta usurbildarron herri bizitza beste interes batzuen azpitik dagoela erakutsi dute, enegarren aldiz”, salatu zuten. Bizpahiru eguneko tartean, herri bidea partzialki ireki zuten oinezko nahiz motor gabeak diren ibilgailuentzat. Ondoko bideoan duzue agerraldi hartan, Usurbilgo eta Zubietako alkateek adierazitakoa:


Alkatetza aldaketa
Hala egokitu zen. Zubietak bi urtean behin aldatzen du alkatez. Juxtu, obrak hasi eta egun gutxira egokitu zen alkatetza aldaketa. Donostia eta Usurbilgo udal ordezkariak bildu zituen ekitaldia egin zuten Kaxkapen, iazko uztailaren 9an. Hitzordua, errausketaren aurkakoan bihurtu zen.
Ekitaldiaren amaieran, irteeran, erraustegiaren aurkako banderolekin agurtu zuten zubietarrek Donostiako Udaleko alkate Eneko Goia. 

Protesta, lanen eremuan
Astebete beranduago, Erraustegiaren Aurkako Usurbilgo Taldeak eta Zubieta Lantzen bilguneak elkarretaratzea egin zuten obren eremuan bertan uztailaren 15ean. Errausketaren aurkako eta birziklatzearen aurkako banderolak eskutan eta “Errausketarik ez! Ez gure izenean” aldarripean burutu zen protestan, lanetan zen herri bidea erabiltzera deitu zituzten herritarrak. Bide hau erabili eta erraustegiari aurkakotasuna adieraztera. 

Honatx elkarretaratzean plazaratu zuten adierazpena bere osotasunean:

ADIERAZPENA
Argi, garbi eta ozen esan genuen,

ERRAUSTEGIRIK EZ!!

Usurbil eta Zubietan iaz egin genuen herri galdeketan.

Behar ez dugulako, alferrikakoa delako, ez dugu nahi erraustegirik, ez hemen, ez inon!!

Alternatiba garbi, merke, osasuntsu eta iraunkorragoa, badago Gipuzkoan, eta martxan dago. Gipuzkoako 60 herri baino gehiagotan ari gara erakusten, arduraz jokatuta, ez dela ia zaborrik sortzen, erraustegiarentzako ez dagola janik. Beraz, soberan daude obra guzti hauek. Gutxi batzuen poltsikoak berotzeko besterik ez dira.

Gipuzkoan, oraindik, hiri hondakinekin ardura gabe jokatzen ari diren beste udalerrientzat gure mezua argia da, borondatean oinarritzen den gaikako bilketa daukatenentzat alegia: kutsatzea ez da eskubide bat, hondakinak gaika bereiztea, herritar eta herri guztien betebehar bat da. Bai, bai, hondakinak nahasita biltzea, gobernantza txarra izateaz gain, kutsatzea da. Ondo egin daitekeena gaizki egitea inmorala da. Auzoko herria kutsatzeko eskubidea izango balute bezala, a ze espektakulu penagarria ari diren ematen. Itxura plantak egiten jarraitzeko garaia bukatu da, ez gaituzue engainatuko, ez eta izorratuko ere.

Erraustegiarentzako azpilanetan ari dira hemen. Ez daukate Usurbilgo udalaren baimenik, ez eta Zubietako Herri Batzarrarenik ere. Baina, hala eta guztiz ere, herriarenak diren bideak okupatu eta pribatizatu dituzte, gureak diren bide hauetatik, pasatzea ere debekatuz. Hankapetik pasa nahi gaituzte ase ezinak diren enpresa “gose-pasatuok”, baina ez dute lortuko. Arrazoiaren indarra ez daukanak, indarraren arrazoia behar izaten du, eta horrela, etengabe ikusi ditugu hemen Donostiako udaltzainak eta Ertzainak. Pentsa, argazkiak ateratzeagatik ere kontu eske aritu dira, zer daukate ezkutatzeko bada??

Kontxako badiara begiratuz, sinatzen ditu Zubietarako inposaketak diren udal baimenak Donostiako Goia alkate jaunak bere bulegoan. Errespetoa, parte hartzea, demokrazia, Ez beti da Ez, eta halako hitzekin ahoa betetzen zaio Goia jaunari, baina praktika da hemen bakoitza bere lekuan jartzen duena.

Behar ez diren azpiegiturak inposatuz, herritarron osasuna arriskuan jarriz, ingurumena kaltetuz, diru publikoa negozio pribatuen esku jarriz, horrela ari da jokatzen PNV-PSOE tandema Gipuzkoako Foru Aldunditik, PP eta Diario Vascoren laguntzarekin.

Hemendik, dei egiten diegu herritarrei: erabili ezazue guztiona den bide hau, eta bide batez salatu, egin protesta, hemendik igarotzen zareten bakoitzean, inposatu nahi diguten erraustegi kriminalaren aurka. Ez dute baimenik bide hau oinezkoei eta txirrindulariei ixteko. Ezin digute ukatu hemendik pasatzea. Beraz errepikatzen dugu bide hau ahalik eta gehien erabili behar dugula oinez edo txirrindaz. Horrela bere lana eragotziko diegu.

Ez gaude geldirik, ez gara geldituko!!

Etengabe, jende andana pasatzea nahi dugu hemendik. Libre ibili nahi dugu gure herrian.

Hau ez dago konponduta. Arazo handi bat dauka Gipuzkoako erregimenak Zubietan.

Erraustegiari lotu nahi gaituzte kate lodi batez 35 urterako, baina EZ!!

ERRAUSTEGIRIK EZ, EZ ZUBIETAN, EZ INON!!

Zubieta Lantzen eta Erraustegiaren Aurkako Usurbilgo Taldea

Harpidetu

Albiste hau atsegin baduzu, harpidetu orain horrelako albiste gehiago jaso ahal izateko.

Iruzkinak itxita daude.

Usurbilgo baserriak
Usurbilgo ondarea
Igo
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.