Euskara eta euskal kultura sustatzea helburu duen elkartea

Erraustegirako gasa sartzen hasi dira berriz

By on 2018-07-09 in Hirigintza, Ingurumena, Jendartea


Komunikazio bide nagusia da Zubieta eta Usurbil arteko herri bidea, oinezko, kirolari, bizikleta erabiltzaile eta motordun ibilgailu askorentzat. Herritarrei hainbat zerbitzu eskaini ahal izateko ezinbesteko pasabidea. 

Iazko udan gertatu bezala, erraustegirako gasa sartzeko gaur hasi dituzten lanek, ibilgailu nahiz herritarren joan etorria baldintzatuko dute hurrengo asteotan. NorteGasek udako hilabeteok baliatu nahi ditu obrak egiteko, uztaila eta abuztua alegia. Astelehenetik ostiralera egingo dira lanok, 8:00-19:00 artean. “Baliteke, abuztuko larunbat batzuetan lan egitea, 8:00-14:00 artean”, ohartarazi dute Usurbilgo Udaletik.

NorteGasek gutun bidez obren inguruan bizi diren herritarrei gutun bidez jakinarazi dietenez, eta Udaletik ere ohartarazi dutenez, segurtasunagatik obrak egiten ari diren ordutegian bidea guztiz itxita egongo da. Baimendutako ibilgailuei soilik utziko zaie igarotzen obretan ari diren orduetan.  Lan orduetatik kanpo, motor gabeko ibilgailu eta oinezkoei pasabidea irekiko zaie, alegia, arratsaldeko 19:00etatik goizeko 8:00etara. Obra hauen inguruan bizi eta bide honetatik igarotzea ezinbestekoa duten herritarrei motordun ibilgailuetan igarotzen utziko zaie baita.

Asteburu eta jai egunetan bidea zabalik izango da, abuztuko zenbait larunbatetan izan ezik, larunbat batzuetan erraustegirako gasa sartzeko lanean jardun dezakete eta, 8:00-14:00 artean.

Aldaketak autobus zerbitzuan
Iaz gertatu bezala, lanok hainbat zerbitzuetan eragina izango dute. Tartean, autobusen joan etorrian. Usurbil, Santuenea, Zubieta, Lasarte eta Hernani lotzen dituen T6 zerbitzuan bai behintzat. Santueneatik Zubieta zeharkatu ohi du Lasartera bidean. Lanok iraun artean, gaur hasi eta abuztua amaierara arte gutxienez, zerbitzu hau desbideratu egingo dute. Usurbil aldetik Santueneraino helduko da autobus zerbitzua. “Lantzadera bat jarriko dute Amiri baserritik Lasartera joateko, eta T6 linearekin sinkronizatuta egongo da”, berri eman du Udalak. 

Autobus aldaketa Lasarte-Oriako Euskotrenen geltoki parean kokatua dagoen errotondan egingo dute bidaiariek. T6 linearekin Lasarteko ohiko geltokian alegia. Zubieta aldetik behin behinean jarritako autobusean datozenak T6ren ohiko ibilgailura igoko dira. Hernani aldetik T6an etorri eta Zubieta aldera doazenek ere gune horretan bertan egingo dute autobus aldaketa.

Aipatu moduan, sinkronizatua egongo da guztia. Obren eremutik eta 20an eta 50ean abiatuko da behin behineko autobus zerbitzua Lasarterantz. Eta 00an eta 30ean Lasarteko aipatu geltokitik obra eremurantz.

Bus taxi zerbitzua bere horretan mantenduko da (gogoan izan, udako ordutegia du martxan) eta hondakinen bilketa zerbitzua ere bai. 

Harpidetu

Albiste hau atsegin baduzu, harpidetu orain horrelako albiste gehiago jaso ahal izateko.

Iruzkinak itxita daude.

Usurbilgo baserriak
Usurbilgo ondarea
Igo
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.