Euskara eta euskal kultura sustatzea helburu duen elkartea

Mararen kontzertuak abiatuko du gaur Laboaren Uztaila zikloa

By on 2018-07-05 in Aisia, Euskara, Jendartea, Kultura


Mikel Laboaren omenez, bere izena daraman plazako “borobila” bakarlarien kontzertuen gune bilakatuko da asteotan. Bueltan datorkigu laugarrenez, Laboaren Uztaila ekimena. Ostegunero euskarazko musika gauak izango ditugu 22:00etan hasita. Antolatzaileek ohartarazi dutenez, “eguraldi txarra tokatuz gero, Sutegiko aretoan izango dira kontzertuak”. Lehen bisitaria, bihar, uztailaren 5ean datorkigu; Igor Arzuaga (Mara bakarlaria).

“Euskal kabaret” bezala definitu izan da bere musika egitasmoa, non bapatekotasuna eta musika garapenak handiak diren. Mararen unibertso musikala esplika ezina da. Molde intimistako diskoak dira, zeinetan poesiak musikak adina garrantzia duen, eta pop, rock eta folk doinuekin batera, kabareteko musikaren edota Frantziako kantagintzaren oihartzunak biltzen diren. Esan daiteke Arzuaga bere ahots propio eta berezia aurkitu duela urte hauetan zehar. Horrez gain, instrumentu bat baino gehiago menperatzen dituen musikaria da: pianoa, gitarra, soinu txikia, akordeoia, aho-soinua…

Exkixu talde arrakastatsuan trikiarekin eta Mikel Urdangarinen lehen diskoetan parte hartu zuen, baita Une Latzak taldearekin ere, harik eta bakarkako kantu egile ibilbideari ekin zion arte. Orain arte hiru disko kaleratu ditu bere izenpean (‘Argi izpi bat’ eta ‘Smog’, biak Gaztelupeko Hotsak-ekin eta `El perro corredor´ Ediciones Negruzco-rekin) eta beste bi (‘Lagun eroa’ eta ‘Unibertsoa gu’) Mara izenpean, bere kantuak interpretatzeko Arzuagak sortutako ‘pertsonaia’ edo alter egoa. Luis Vil musikariarekin ‘Mara-Mara’ izeneko lan ederra kaleratu zuten, “Paperezko loreak” kortoa musikatzen kolaboratzen ari zirela sortutako ideiatik.

Diska zozketa
Laboaren Uztaila ekimen autogestionatua da. “Inolako diru-laguntzarik gabe egiten denez, betiko lez txapela pasako da kontzertuetan ikusleek borondatea jar dezaten”. Gastuei aurre egiteko trukean ordea zer irabazia izango den ekimena ere antolatu dute. “Musikariek laguntza eskaini dute beraien diskak oparituz eta diska hauen sorta ederrak zozketatuko dira uztailaren 5 eta 26ko kontzertuetan. Zozketarako boletoak jada salgai daude, nahi dituenak herriko festa edo ekintzatan aurkituko gaitu saltzen”. Gaineratu dutenez, “Zozketarako talde eta bakarlari mordo baten diskak ditugu dagoeneko eta zerrenda luzatuz doa: eMe, Don Inorez, Zozo, Joseba Tapia, Joseba Irazoki, Mikel Uraken, Zaparra, Kezka, Erokomeri, Odolaren Mintzoa, Rukula, Sokartean, Hotzikara, Mendeku Itxua, Desegin, Izeberg…. Boletorik ba al daukank????”.


Emanaldiak ostegunero, Laboaren Uztailan
Ordua: 22:00.
Tokia: Mikel Laboa plaza (eguraldi txarrarekin, Sutegin).
-Uztailak 5, Igor Arzuaga (Mara bakarlaria).
-Uztailak 12, Joseba Irazoki.
-Uztailak 19, Mikel Uraken.
-Uztailak 26, Sokartean.

Harpidetu

Albiste hau atsegin baduzu, harpidetu orain horrelako albiste gehiago jaso ahal izateko.

Iruzkinak itxita daude.

Usurbilgo baserriak
Usurbilgo ondarea
Igo
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.