Euskara eta euskal kultura sustatzea helburu duen elkartea

Joxan Artze ezagutzen

By on 2018-06-13 in Aisia, Euskara, Jendartea, Kultura with 0 iruzkin

“Joxan Artze, espirituz ere bai” hitzaldiak larunbateko herri omenaldirako girotu gaitu gaur Potxoenean. Artze hobekiago ezagutzeko aukera izan da, Andoni Salameroren eskutik. Herritar ugari bertaratu da saiora.

“Izanak elikatzen gaituen bezala, izanarekin batuz gertatzen zen Joxan Artzeren elkartzea, gizakiekin, izakiekin, eta baita berak deitzen zuen irazale edo Sortzailearekin, hau da, Jainkoarekin. Hori horren ondo eta egoki bizitzen zuen olerkariaren inguruko testigantza eman nahi dugu hitzaldi honen bidez, izan ere, ez baita ezer isildu eta ukatzekoa, berau horren ongi eta hezurmamitik bizi zuenean. Joxanen irudi bat baztertu baino, aztertzea eta plazaratzea da gure nahia. Zintzotasun eta zuzentasun horri jarraiki, olerkari eta ekintzaile handi honek bere bizian erakutsitako alderdi guztion, espirituala barne, albiste eman nahi dugu, zinez eta taxuz gure herritar hau egiazki ezagutzeko”. 

“Joxan Artze guregan”
Urte hasieran zendu zen Joxan Artzeri ekainaren 16an egingo zaion herri omenaldia aurkeztu zuten maiatza amaieran Potxoenean, ekimen honen antolaketa lan betean diren hainbat usurbildarrek. Auzolanean, herritar, eragile eta Udalaren eskutik, “Joxan Artze guregan” dago eta hala izango dugu larunbateko omenaldi eguna iragartzeko Jose Luis Zumeta sortzaile usurbildarrak landutako kartelak dioen moduan.

Ekainaren 16an, “Joxan Artzerekin elkartu nahi dugu berriz ere. Bere mundu handia ezagutu, irudikatu, oroitu, sentitu, partekatu eta bizi nahi dugu”. Ekainaren 16ko herri omenaldian, Artzeren mundua, “unibertso aberats eta zabala” arakatu nahi dutela nabarmentzen dute. Aitortzen zutenez, zaila izango da ekainaren 16an Artzeren ondare guztia jaso eta kaleratzea, “gutako bakoitzak Artze geure erara biziko baitugu”. Horretara animatzen dute ordea. “Norberak ezagutu, irudikatu, oroitu, sentitu, partekatu, norberak bizi dezala Artze nahi duen eran. Sentimendu horien guztien topagune izan daitezela Usurbilgo kaleak. Irudikatze kolektiboaren lekuko izan daitezela”.

Yolanda Arrieta: “Gurekin egongo da, guregan egongo da”
Aurkezpenean zehar hitza hartu zuen herritarretako bat, Yolanda Arrieta idazlea izan zen. Herri omenaldi hau egitea ideia ederra dela iruditzen zaio, “joandako jendearekin egon eta heriotzari bizitzatik begiratzeko modu bat da”.

Herri omenaldi egun honen bidez, Joxan Artzeren hitzak eta egilea bera berpiztuko dugula nabarmentzen zuen. “Egun horretan egingo duguna da Joxan Artzeren hitzak guztion artean sentituz, imaginatuz, partekatuz, biziz, hitzak berpiztu egingo ditugu eta hitz horiek idatzi zituen pertsona ere berpiztu egingo dugu. Gurekin egongo da, guregan egongo da, hitzak ez direlako inoiz hiltzen, eta hitzekin batera, hitzak esatean, idazlea, pertsona bera ere ez delako inoiz hiltzen. Bizirik dago, guregan dago”, zioen Arrietak. 

Jendea hitza bizitzera, “Joxan Artze gurekin guregan berriro bizitzera” deitzen zuen. Gonbita baita gainerako kideen aldetik ere, bai usurbildarrei, baita gure artera etorri nahi dutenei, ekainaren 16an “denon artean Joxan oroitu eta guregan sentitzera”.

Herri omenaldi egun honen antolaketa lanetan parte hartu duten guztiak eskertu zituzten. “Auzolan ederra izan da eta emaitza ere halakoa izatea espero eta nahi dugu”. Tartean, zenbait izen nabarmendu eta emandako laguntzagatik eskertu zituzten; Carmen Esteban alargunaren eta Artzeren sendia, eta Joxe Luis Zumeta. Margolari usurbildarrak Artzerekin zuen harremanaren isla den kartela landu du.

Kartelarekin batera, josi duten egitaraua aurkeztu zuten. “Txalaparta, poesia, dantza, kantua eta musika uztartu nahi izan ditugu. Artzeren izana eta mamia, bere araldaketa eta barne bizitzaren isla hain zuzen ere”.

EGITARAUA
Ekainak 13, asteazkena
18:00
Joxan Artze ezagutuz Potxoenea kultur etxean.

Ekainak 16, larunbata
Egunean zehar:

-Joxan Artze irudikatuz, Sutegiko erakustaretoan. “Txoria txori” poema irakurrita, haurrek akuarelaz sortu dituzten marrazkiak ikusgai jarriko dira erakustaretoan.
-Joxan Artzeri idatziz egunean bertan, erregistro liburua egongo da, Joxan Artzeri zerbait idatzi nahi dionarentzat. Aldez aurretik, Potxoenea kultur etxera etorrita ere idatz daiteke bertan. Tel: 943 371 999.

10:30-11:30 “Harria Hitz” doako bisita gidatua frontoitik abiatuta.

“Euskal tradizioa eta modernitatea ederki uztartu dituen herria da Usurbil, baita euskal sorkuntzarekin konprometitutako herria ere. Inon baino hobeto islatzen da 60ko hamarkadan Euskal Herrian gertatu zen kultura-eztanda eta baita eztanda horren ondorena ere. HARRIA HITZ ibilbideak, herrigunean ikus daitezkeen zenbait elementuren bitartez, Usurbilek euskal kultura garaikidearen susperraldian jokatutako papera ezagutaraztea du helburu. Eta, jakina, Artze anaiek ere, oharkabean ia, rol garrantzitsua jokatu zuten susperraldi horretan. Gehiago jakin nahi izatera… ordubeteko ibilbidetxo honetan parte hartzera animatzen zaitugu”.

10:30 Usurbilgo frontoian elkartu.

10:35 HARRIA HITZ bisita gidatua herrigunean (Dema Plaza, Udarregiren omenezko eskultura, Zumetaren murala, Mikel Laboa Plaza, Tapiaren murala, Askatasuna Plaza, Sagardoaren Monumentua)
11:30 amaiera.
Izena emateko eta erreserbak aurrez: 688 818 017 edo info@kultour.pro(gehienez 25 lagunentzako lekua).

12:00 Joxan Artze oroituz  Mikel Laboa plazan.
Txalaparta, poesia, dantza, kantua eta musika lagun ditugula oroituko dugu Joxan Artze.

17:00 Joxan Artze sentituz Olanoneko anfiteatroan.
Haurrek marrazkiak egingo dituzte txalaparta entzunez sentitzen dutenarekin. Ondoren, ipuin kontaketa laburra izango da.

18:30 Joxan Artze partekatuz Dema plazan.
Joxan Artzeren lanaren aitortza egingo da, poesia eta txalaparta uztartuz. Bertan, Joxanekiko sentimenduren bat adierazi nahi duten guztiek parte hartzeko aukera izango dute, txalaparta joz edo haren poema bat irakurriz. Dagoeneko hamarnaka haur eta helduek izena eman dute ekitaldian parte hartzeko.

22:30 Joxan Artze biziz frontoian.
Joxan Artzeren lanean oinarritutako ikuskizuna gertutik biziko dugu: dantza, txalaparta, poesia, musika, bertsoak…

Antolatzaileak: herritar, eragile eta Usurbilgo Udalaren arteko elkarlanez.

Harpidetu

Albiste hau atsegin baduzu, harpidetu orain horrelako albiste gehiago jaso ahal izateko.

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

*

Usurbilgo baserriak
Usurbilgo ondarea
Igo
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.