Euskara eta euskal kultura sustatzea helburu duen elkartea

Erraustegiaren kolapsoa ekar dezaketen ekimen juridikoak aurkeztu ditu GuraSOSek Europan

Zubietako erraustegia ez da atzera bueltarik gabeko proiektua. “Bere etorkizuna ez dago guztiz erabakia”, nabarmendu du GuraSOSek astelehen goiz honetan Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean egin duen agerraldian. Gipuzkoako Foru Aldundiak 2019ko udazkenerako martxan izatea aurreikusten duen Zubieta gaineko plantaren eta haren finantza ereduaren kolapsoa ekar dezaketen ekimen juridikoak aurkeztu zituen joan den astean GuraSOSek, Europako erakundeetan.

Ekimenon gaineko xehetasunak plazaratu dituzte gaurko agerraldian. Segidan aipatzen diren kexak Europar Parlamentuko Eskaeretako Batzordera igorri dituzte. Batetik, Eurostat-i “defizita eta zorpetze publikoa kontrolatzeko eta zuzentzeko mekanismoak aktibatzea” eskatu dio GuraSOSek, “salatutako arau-hauste eta iruzurrak direla eta”. Horrekin batera, erakunde berari Espainiako kontu nazionalen komisio teknikoaren 2017ko apirilaren 18ko txostena aztertzea galdegin diote. “Txosten honek, kontratutik eratorritako operazio ekonomikoei kontabilitate nazionalean emandako trataera du aztergai”. Zenbait zuzenketa jasoko dituen txosten berri bat igortzea eskatzen dio GuraSOS-ek. Gogorarazten dutenez, “ez da egia, azpiegiturak erabiltzearekin lotutako arriskuen gehiengoa kontratistari behar bezala transferitzen zaiola”. Bestalde, “ez da erregistratu behar bazkide pribatuaren kapital finkoaren eraketa gordin gisa”. Azkenik, GuraSOSetik ohartarazten dutenez, “Europar Batasuneko gehiegizko defizitaren protokoloaren testuinguruan, inbertsioaren kostuak eragin negatiboa izango du kontratua egin duen administrazio publikoaren defizit eta zor publikoan”. 

Europako Batzordera ere jo du GuraSOS-ek. Eskubide komunitarioaren araudi urraketa salatu eta horren aurrean, Espainiaren aurkako prozedura abiatzea eskatu du, “kontratazio arloan izandako arau-hausteagatik, eta ingurumenaren eta hondakinen arloan parte hartzeko eta justizian sarbidea izateko eskubideak urratzeagatik”. Erraustegiaren proiektu honetan zuzenean inplikatuak dauden Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioari (GHK), Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailari “proiektuaren suspentsioa eskatzea” galdegin diezaiola eskatu dio GuraSOS-ek Europako Batzordeari. Baita, “hasiera-hasieratik herritarren parte-hartzea bermatuko duen hondakinen kudeaketarako planaren berrikustea martxan jartzea eskatzea”.

Eskariokin, Europak, aipatu Gipuzkoa nahiz EAE mailako erakundeok dagozkien bete beharrak betetzen dituzten aztertu dezala nahi du GuraSOSek. Jaurlaritzaren kasuan, ia hondakinen inguruko plangintza bete duen, hondakinak kudeatzeko planik gabe, erraustegia eraikitzeko ingurumen baimena emanda; edota “ingurumenaren babeserako ardura” urratu eta “herritarren parte-hartzea bermatu al duen”.

Gipuzkoako Foru Aldundiok agintariek, finkatua dagoen moduan, sei urtez behin ebaluatu eta berrikusten ote duten hiri hondakinen kudeaketa plana eta horretarako herritarren parte hartzea bermatu den. GHK-ren kasuan, “kontrataziorako eta kontzesiorako araudi Europarra bete al duen”.

GuraSOS-etik ohartarazi dutenez, Europako Batzordeak arau-hauste espedientea ireki edo ez erabakitzeko urtebeteko epea du. Irekitzea onartuko balu, “Luxenburgoko Justizia Auzitegiaren bidez ebatziko litzateke gaia. Erreklamazioen aldeko ebazpenak erraustegiko kontratuaren deusezte automatikoa ekarriko luke”.

Espainiako Auzitegi Konstituzionalera
Europara soilik ez, Espainiako Auzitegi Konstituzionalera joko du GuraSOSek. Babes errekurtsoa aurkeztuko du bertan, guraso taldeak egindako parte hartze prozesuaren eskaria atzera botatzen zuen 2016ko uztailaren 16ko Foru Aldundiko Gobernu Kontseiluaren akordioaren aurka, eta Auzitegi Gorenak joan den apirilaren 19an atzera botatako iazko irailaren 27ko Euskadiko Auzitegi Goenaren epaiaren aurka sartutako kasazio-errekurtsoagatik.

Herritarren parte hartzearen funtsezko urraketen Konstituzionaleko salaketa hau, Estrasburgoko Giza Eskubideen Europako Auzitegira eraman aurreko urratsa da, GuraSOSetik argitu dutenez.

Premiazko bilera eskaera Aldundiari
Erraustegia barne hartzen duen 2019-2030 urte arterako Gipuzkoako Hiri Hondakinak Kudeatzeko Plan berria izapidetzen hasi dela iragarri du egunotan, Gipuzkoako Foru Aldundiak. 9 hilabete iraungo omen ditu izapidetze prozesuak “eta administrazioei, talde politikoei eta gizarte eragileei parte hartzeko aukera emango zaie”.

Plan berriak erraustegia eraikia eta martxan izan osteko garaiari begira planteatua dago. “Plan berriak (GHHKPO 2019-2030) hondakinen birziklatzearen eta balorizazioaren zirkulua itxiko du, eta Gipuzkoa prest utziko du ekonomia zirkularraren eta klima aldaketaren erronkari aurre egiteko. Lehenengo aldiz, Gipuzkoak hondakinen plan bati helduko dio Europako herrialde garatuenen baldintza beretan”, Gipuzkoako Foru Aldundiaren esanetan.

GHKKPO berria izapidetzeko Aldundiak eginiko iragarpenaren aurrean, 2002-16 urteko planetik 2019-30 urte artekora igarotzeko Aldundiaren asmoen aurrean, “zer gertatu da falta diren urteekin?” galdetzen dute GuraSOSetik. Aldundia orain, parte hartze prozesuaren eta ekonomia zirkularraren alde agertu eta aldi berean erraustegia eraikitzea kontrajarritzat jotzen du guraso taldeak. Diputazioaren iragarpenok, gizarteak eginiko presioen ondorioz heldu direla diote baina bat datozela bi printzipio hauekin. Berandu bada ere, “hondakinen kudeaketarako plana elkarrekin lantzeko garaiz gaude”.

Osasun berme gehienak eskaini eta ekonomia zirkularraren norabidean sakonduko duen plana elkarrekin diseinatu eta garatzeko, gai honetan konponbide adostu batera heltzeko premiaz biltzeko gonbita luzatu dio GuraSOSek Diputazioari. “Berdinen arteko elkarlan bat proposatzen dugu, parte-hartze benetakoa eta efektiboa izango dena eta etorkizunerako aukera guztiak irekiak izango dituena, tartean, Donostiak erraustegirik behar duen edo ez”. 

Bileraren gonbitaren Aldundiaren erantzunaren zain, “gatazka hau gainditzen lagunduko duten adostasunen bila” segiko du GuraSOSek.

Harpidetu

Albiste hau atsegin baduzu, harpidetu orain horrelako albiste gehiago jaso ahal izateko.

Iruzkinak itxita daude.

Usurbilgo baserriak
Usurbilgo ondarea
Igo
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.