Euskara eta euskal kultura sustatzea helburu duen elkartea

Joxan Artzeren ekainaren 16ko herri omenaldia prestatzeko batzar irekia 18:30etan Potxoenean

By on 2018-04-23 in Euskara, Jendartea, Kultura

Martxoaz geroztik herri omenaldia prestatzen ari zaion bilguneak apirilaren 12an Potxoenean egin zuen bigarren bilkuran, urtarrilaren 12an zendu zen Joxean Artze omentzeko eguna finkatu zuen. Ekaineko hirugarren larunbatean, ekainaren 16an omenduko du Usurbilgo herriak sortzaile handia. Dagoeneko egun horretako egitaraua josten hasiak dira, irekia den batzorde honetan parte hartzen ari diren herritarrak. Poesia, txalaparta, eta musika izango ditu osagai nagusi. Abian duten lanketari astelehen honetan, apirilaren 23an emango diote segida, 18:30etan Potxoenean deitu duten hirugarren bilera irekian. Edonor bertaratu eta parte har dezake antolaketa lanetan.

Bihar, omenaldia San Telmon
2016ko ekainean Potxoenean izan genuen “Ikimilikiliklik, J.A. Artzeren unibertsoa” erakusketa Donostiako San Telmo museoko Laborategian bisitatu ahalko duzue berriz, maiatzaren 20ra arte. Ordutegi honetan zabalduko dute, irudi, musika eta soinu mundu baten bidez, Artzeren 40 urte baino gehiagoan zehar garatutako lan poetikoan murgiltzea ahalbidetzen duen erakusketa: 10:00-20:00 artean, asteartetik igandera. Sarrera doakoa izango da.

Erakusketa hau antolatuta, Artze hil zen egun berean aipatu museoak sare sozialen bidez iragarritakoa beteko du. Erakusketa honen bidez omendu asmo du San Telmok, urte hasieran zendu zen sortzaile usurbildarra. Erakusketa honen baitan, hain zuzen, ekitaldia deitu dute apirilaren 24rako. 

San Telmo Museoak eta Donostiako Udalak Joxan Artze omenduko dute astearte honetan, apirilaren 24an, San Telmo Museoan 19:00etan. Apirilaren 24ko ikuskizunak musika, dantza, poesia eta ikusentzunezko proiekzioak uztartuko ditu. Sarrerak gonbidapen bidez banatuko dira, museoko leihatilan. Pertsona bakoitzeko, gehienez, bi txartel.  

Hitzordua:
 apirilaren 24an 19:00etan, San Telmo Museoan.
Errezitatzaileak: Ramon Agirre, Miren Aranburu.
Dantzariak: Malandain Ballet Biarritz: Gaël Domenger, koreografoa eta dantza; Aureline Guillot, dantza; Mizel Théret, koreografoa eta dantza.
Musikariak eta abeslariak: Maddi Oihenart: ahotsa; Mixel Arotze, ahotsa; Mixel Etxekopar, ahotsa, txirula; Beñat Axiary,  ahotsa; Julen Axiary,  ahotsa; Pedro Soler, gitarra. Ainhoa Zubillaga, mezzosopranoa; Loreto Fdez. Imaz, organoa; Sorkunde Idigoras, viola da gamba.
Abesbatza: Ensemble Vocal Donostia.
Txalaparta: Zuaznabartarrak.
Proiekzioak: Morgancrea.
Zuzendaritza: Alberto Lizarralde, Asun Lasarte, Carlos Rodríguez.
Informazio gehiago: santelmomuseoa.eus

Harpidetu

Albiste hau atsegin baduzu, harpidetu orain horrelako albiste gehiago jaso ahal izateko.

Iruzkinak itxita daude.

Usurbilgo baserriak
Usurbilgo ondarea
Igo
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.