Euskara eta euskal kultura sustatzea helburu duen elkartea

Errigoraren kanpaina arrakastatsuko oliba olio bidoiak NOAUA!ra heldu dira

Heldu dira, jaso ditugu NOAUA!ren egoitzan, Errigoraren udaberriko kanpainako 5 litroko oliba olio bidoiak. Eskaeraren bat bideratua duzuenok, egunotan gerturatu zaitezkete goiz nahiz arratsaldez kultur elkartearen egoitzara, goizez 10:00-14:00 artean, edo arratsaldez, 16:00-19:00 artean. Bidoiak eskuratzerakoan egin beharko dira ordainketak. 

Martxoaren 20ra arte, oliba olio bidoiekin batera, edo hauek gabe, kontserbak (pikillo piperrak, zainzuriak, orburuak, barazki-menestra, potxak, tomate frijitua, kremak) eskatu zenituztenok zertxobait gehiago itxaron beharko duzue. Ekainean jasoko ditugu. NOAUA!ra heltzean, eskaera bideratu duzuenoi jakinaraziko dizuegu. Eta oliba olio bidoiekin egin bezala, ordainketak, produktuok eskuratzerakoan egin beharko dira.

Oliba olio konbentzionaldun 64 bidoi eskatu dituzue aurten, beste 46 ekologiko. Eta 9 bidoi sorta. Sorta bakoitza, oliba olio konbentzional eta ekologikodun bina bidoiez osatua dago.

“6.500 sukalde gara!”
Errigoraren udaberriko kanpainak izan duen arrakasta neurtzeko, segidan dituzue egitasmo honen sustatzaileeek helarazitako datuok. Eskaerak gora egin du, Errigora komunitatea handitzen doa. “Errigoraren komunitatea sendotuta irten da udaberriko kanpainatik: Euskal Herriko 6.500 bat sukaldetara helduko da zubi bat Nafarroa hegoaldetik, eskutik eskura ia 93.000 litro olio eta 207.000 ontzi kontserba banatzeko”.

Errigoraren kanpainaren tamaina neurtzeko, gaineratzen dutenez, “datu gordinenei neurria hartzen laguntzeko, esan dezagun gutxi gorabehera —barietateak eta oliben errendimendua tarteko— 38.630 olibondo behar direla aurtengo olio eskaerari erantzuteko. Kontserbei dagokienez, ostera, 25 hektarea baino gehiagok ematen duena beharko da 207.000 ontziak betetzeko. Bestela esanda, 36 futbol zelairen azaleraren uzta behar du aurtengo kontserba eskaerak. Bada zerbait!”.

70 herrietara heldu da kanpaina, azken 5 urteotan. “Hamaika aldiz esan arren, hamabigarrenez ere esan behar baitugu, herriz herri ehundu den sarea dela Errigoraren altxorrik handiena”, berri eman dute. Hazten doan sarea. “Sukalde txikiak, ertainak eta handiak. Zaharrak eta berriak. Norbanakoenak, familienak, elkarteenak, jantokienak. Kontsumitzaile arduratsuen sukaldeak, euskaltzaleenak, ekoizleenak… Askotariko sukaldeek osatzen dugu Errigoraren komunitatea eta, kanpaina honen ostean, oraindik gehiago gara”.

Herri lanaren emaitza dela azpimarratzen dute. Emaitza hauen aurrean, esker hitzak baino ez dituzte Errigorako kideek. “Mila esker eta mila zorion, beraz, nola edo hala kanpainan parte hartu dugun guztioi: olioa eta kontserbak ekoitzi eta prestatzen ditugun nekazari eta elaboratzaileei; kanpainaren oihartzuna Euskal Herriko txoko guztietara hel dadin lan egin dugun errigoragile, errigorazale eta komunikabide txiki eta ez hain txikiei eta, nola ez, sukaldera zubi berri bat sartzea erabaki dugun kontsumitzaile arduratsu guztiei”.

Argibide gehiagorako: elkartea@noaua.eus edo 943 360 321.
Informazio gehiago: errigora.eus

Zubiak eraiki nahi
Nafarroa hegoaldeko tokiko produktuen ekoizpena eta euskalgintza laguntzeko, “Nafar hegoaldeko uzta eskutik eskura” kanpaina berria izan du abian Errigorak, “Zubi bat sukaldera aldarripean”. Zubi bat eraiki nahi dute sukaldera, Errigoraren komunitatearekin bat egiteko, zubiaren beste aldekoekin batera amesteko, ohitura sanoak sartzeko, bizipoza ekartzeko edota “Nafarroa hegoaldeko produktuak gure sukaldera heltzeko”.

Oliba olio eta kontserbak eskuratu ahalko ditugu oraingoan, euskaraz etiketatuta eta ekoizlearen jatorrizko prezioan, “sukaldeko armairuak urte guztirako betetzeko intentzioz. Keinu txiki batekin komunitate handi eta askotariko baten parte sentitzeko zirraraz”.



Harpidetu

Albiste hau atsegin baduzu, harpidetu orain horrelako albiste gehiago jaso ahal izateko.

Iruzkinak itxita daude.

Usurbilgo baserriak
Usurbilgo ondarea
Igo
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.