Euskara eta euskal kultura sustatzea helburu duen elkartea

Ikastolaren 50. urtemugako diskoa prest

By on 2018-04-09 in Aisia, Euskara, Hezkuntza, Jendartea, Kultura


Ikastolaren 50. urtemugari doinua jarri diote. 12 kantez osatutako diskoa grabatu berri dute ikastolako komunitateko egungo kideek eta kide ohiek. “Kantariak, ikastola osatzen duten oro izan dira, ikasle, ikasle ohi, guraso, guraso ohi, aiton-amonak, irakasleak, irakasle ohiak eta langileak. Instrumentu joleen artean ere, ikastolako guraso, irakasle, zein ikasle eta ikasle ohiak izenda ditzakegu, tartean, oso ezagunak diren instrumentu joleak”, ikastolatik NOAUA!ri berri eman diotenez.

“Usurbilgo ikastolan abesten dituzten kantak grabatu dira. Kanta alaiak, kanta ederrak… txirularekin jotzeko kantak, irakasleek sortutakoak, ikasleek sortutakoak, ikasle ohiek sortutakoak… eta Gattunk kanta¨.

Ikastolako musika gelan grabatu zuten diskoa joan den hilabetean zehar. Moldaketak Jaione Eskudero ikastolako musika irakasleak egin ditu. Udarregiko guraso ohi Kaki Arkarazo arduratu da grabaketaz.

Abestien artean, bada bat ikasle ohiena. Luken Arkarazok sortu du doinua eta letra, “ikasle ohien artean moldatuta, eta Martxel Arkarazo teknikari lanetan jardunez Garate estudioetan”. Kanta guztion nahasketan Andoaingo Garate estudioetan egin dituzte. “Kanta hauek edonoren belarrietara gozo sartzea lortu dute ikastolako kantari eta musikariek, kanta bakoitza mimo, gogo, intentzio eta maitasun handiz egina dago. Adin guztietako pertsonentzat zuzendua dago”.

Eginiko lanketaren emaitza ezagutzeko aste gutxi baino ez dira falta. Ikastolatik aurreikusten dutenez, hilabete amaieran plazaratuko dute. Apirila amaieratik aurrera izango duzue eskuragarri 6 eurotan, Lizardi eta Laurok liburu dendetan, Bordatxo tabernan eta Udarregi Ikastolan.

Bertso bazkaria
Ikastolaren mende erdiko ekimenen artean, hurrengo hitzordua, larunbatean, apirilaren 14an. Bertso-bazkaria antolatu du ikastolak Bota Punttuba bertso eskolarekin elkarlanean. Punta puntako bi bertsolari gonbidatu dituzte larunbatean 14:30etatik aurrera ikastolako jangelan ospatuko den hitzordura: Maialen Lujanbio eta Andoni Egaña. Txartelak 15 eurotan eskura ditzakete ikasle eta langabetuek, gainerakoek 20 eurotan, apirilaren 12a baino lehen, Aitzaga eta Bordatxo tabernetan, edo ikastolako idazkaritzan. Honatx dastatu ahalko den menua: entsalada epela, onddo nahaskia, haragi gisatua, jogurt eta fruitu gorrien moussea.

Irudia: Udarregi Ikastola.

Harpidetu

Albiste hau atsegin baduzu, harpidetu orain horrelako albiste gehiago jaso ahal izateko.

Iruzkinak itxita daude.

Usurbilgo baserriak
Usurbilgo ondarea
Igo
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.