Euskara eta euskal kultura sustatzea helburu duen elkartea

Xuak urtea bete du gaur, Valentziako Picassent espetxean

By on 2018-01-19 in Jendartea, Politika

Motxiladun umeek hunkitu gaituzte asteotan, haien bizipenak entzun eta ezagututa. Euskal presoei eta haien senideei aplikatzen zaizkien salbuespenezko neurriak, pairatzen ari diren oinarrizko eskubide urraketak ezinhobeto azaldu dizkigute haien hitzetan. 

Motxiladun umeen kolektiboa dakizuenez, gurasoa(k) espetxean d(it)u(z)ten haurrek osatzen dute. Gehienek hainbat asteburuetan ehunka kilometroko bidaia egin behar izaten dute senideekin egon ahal izateko. Baina badira zenbait haur, sorterritik ehunka kilometrotara bizi direnak, amekin espetxeetan. Xua bezala. Olatz Lasagabaster eta Patxi Uranga usurbildar eta oriotarraren haurrak urtea bete du ostiral honetan, gugandik ia 600 kilometrora, Valentziako Picassent espetxean.

Urtea igaro den arren, gurasoei aplikatzen ari zaizkien salbuespenezko neurrien eraginez, oraindik ezin izan du Usurbil ezagutu. Hara bisitatzera joan beharrean aurkitzen dira senideak. Olatzen ama Mari Karmen Anzaren kasuan bezala. Asteburu honetan, beste behin, ehunka kilometroko bidaia egitekoa zen, bilobaren urtebetetzea ospatu ahal izateko. 

Datorren asteko NOAUA!rako eskaini duen elkarrizketan Anzak adierazi zigunez, badute zer ospatua gaurkoan. Hasteko Xuaren urtebetetzea noski, baina baita onik direla denak. Orain urtebete, beste hainbatetan egin zuen 600 kilometroko bidaia egin behar izan zuen Mari Karmenek jaio berri zen Xua biloba ezagutzeko. Hara iritsi ordea, ondoezik sentitu eta hilabetetik gora egin behar izan zuen Valentziako ospitaleko ZIU-n. 

Xua jaio zen egunetan gainera, bere aitak, Patxi Urangak aitona galdu zuen. Hori gutxi ez eta, baimena eskatua izan arren, 21 egun itxaron behar izan zituen haurra ezagutu ahal izateko. Xua jaio aurretik, Patxi eta Olatz Alacanteko espetxean ziren. Haurdunaldiaren azken txanpan ordea, Olatz Valentziako Picassent espetxera lekuz aldatu zuten. Haurra jaio ostean, hiru aste itxaron behar izan zuen Patxik, bera ere Picassentera lekuz aldatu eta haurra ezagutu ahal izateko.

Hasiera batean gainera ez zegoen ziurtasunik Patxi Urangak Picassenten jarraituko ote zuen edo ez. Azkenean bai, Xua, Olatz eta hirurak espetxe berean daude, baina ez batera. Xua Olatzen ziega berean bizi da. Patxik ordea baimentzen diotenean soilik ikus dezake, gaur urtea bete duen haurra.

Elkarretaratze berezia
Xuaren lehen urtebetzearen harira, elkarretaratze berezia deitu du Usurbilen Nahi Ditugu bilguneak, astebete barrurako, urtarrilaren 26rako 20:00etan Mikel Laboa plazan. Urtemuga honen harira, hurrengo asteko NOAUA!-rako Mari Karmen Anza elkarrizketatu dugu. 

Harpidetu

Albiste hau atsegin baduzu, harpidetu orain horrelako albiste gehiago jaso ahal izateko.

Iruzkinak itxita daude.

Usurbilgo baserriak
Usurbilgo ondarea
Igo
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.