Euskara eta euskal kultura sustatzea helburu duen elkartea

“Landareak Lantzen” gida liburuaren aurkezpena eta kontsultategia gaur, Esperientzia Eskolan

Herrikide baten bisita izango dute Esperientzia Eskolakoek, astearte honetako, urtarrilaren 9ko saioan. Jakoba Errekondo Artzabalen izango da, 55 urtetik gorako herritarrei zuzendutako doako eskolan. “Landareak Lantzen” 2018rako gida-liburua aurkeztu eta kontsultak egiteko aukera izango da, arratsaldeko 16:00etan hasita.

“Landareak Lantzen”
Gida-liburu praktikoa, irakurri, informatu eta landareei buruzko jakintzan sakontzeaz gain, idatzi edo marrazteko aukera eskaintzen diguna; horretarako eta gehiagorako baliagarria baita “Landareak lantzen, 2018ko gida-liburua” (Argia), Jakoba Errekondok eta Antton Olariagak landutako argitalpena. Zer landare eta nola zaindu, lanok antolatzeko lagungarria suertatuko zaigun lan tresna, tamaina egokikoa, eramateko erraza.

Urte sasoien azalpena, Euskal Herriko klima mapa eta urteko ilgora-ilbeheren eta ilberri-ilzaharren zikloen egutegia jasotzen dituen argitalpena arrakasta itzela izaten ari da. NOAUA!ren Kulturaldiaren baitan azaroa hasieran egin zuten aurkezpenean bi egile usurbildarrek ziotenez, lehen edizioa agortzear zuten, bigarrena plazaratzear.

Jakintza idatziz jasotzeko gonbita
Eremu honetan dihardutenen jakintza galtzen saihestea nahi lukete. “Izugarrizko jakintza galtzen ari gara”, zioen Errekondok Potxoeneko aurkezpenean. Guztia zergatik eta jakintza buruan gordetzeagatik, idatziz ez jasotzeagatik. Ikasteko, hobetzeko, etorkizunean erabaki egokiak hartzen laguntzeko ordea, Jakobak zioen, “nahita nahiezkoa da lehenago zer gertatu den jakitea”. Alegia lehenago zer landatu den, noiz edota non. Horretan ezin lagungarriagoa eskuragarri dugun “Landareak lantzen”.

Aipatu moduan, irakurri eta informatzeaz gain, argitalpena geronek erabili dezakegu eta, idatzi, baina baita marrazteko ere. “Erreibindikatzen dut ez bakarrik idaztera, marraztera ere ausartzera. Oso sinple, eskema batekin, beldur hori kendu, errotulagailua sartu baina marrazteko”, luzatzen du gonbita Antton Olariagak. Marrazkilaria sortze lan betean aritu zen aurkezpenean, Jakoba Errekondok azalpenak ematen zituen artean. Bertaraturikoak, marrazki eder eta pertsonalizatudun liburu sinatuekin irten ziren Potxoeneatik. 40 urte bete berri dituen Zakilixut-en egile usurbildarrak sortu ditu “Landareak lantzen” gida-libururako ilustrazioak. 

 

Harpidetu

Albiste hau atsegin baduzu, harpidetu orain horrelako albiste gehiago jaso ahal izateko.

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

*

Usurbilgo baserriak
Usurbilgo ondarea
Igo
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.