Euskara eta euskal kultura sustatzea helburu duen elkartea

Ikasgeletara itzultzeko ordua

By on 2018-01-08 in Aisia, Euskara, Hezkuntza, Jendartea, Kultura

Bi asteko atsedenaldiaren ostean, liburu artera itzultzeko eguna dute astelehen hau ikasle eta hezitzaileek. Ikasturtearen bigarren hiruhilekoan murgilduko dira Udarregi Ikastolan eta Aginaga zein Zubietako Eskoletan. Abiatu berri dugun 2018. urte honetan, laster, zabalduko dute ikastetxeetan, 2018-19 ikasturterako aurrematrikulazio epea.

Ikastolak 50 urte
Urte berezia izango da gainera Udarregi Ikastolarentzat. Ikastolak 50 urte beteko baititu aurten. Urtemuga berezi honen harira zenbait ekimen antolatzekotan dira ikastolan. Lan taldea ere osatu dute, baina ideia berriak proposatu eta antolakuntza lanetan laguntzera animatzen dute. “Ilusioz beterik gattunk! Barreiatu dezagun bada, bazter guztietara gogoa eta ilusioa!!! Guztion artean jantzi dezagun 50. garrena!”. Udarregi.eus atarian sartu eta jada proposatu dituzten ekintzetan laguntzeko izen emateko aukera duzue:
-Urtarrila: Ikastolaren leloa diseinatzen.
-Otsaila: 50. urte inauteriak ospatzen.
-Martxoa: atzotik gaurdaino: ikasle, irakasle, lehendakari eta familia ohiak….
-Apirila: Udarregi 50. urte bertsotan: Udarregi bertsolari, Udarregi ikastola….
-Maiatza: Udarregi sagardi artean: Usurbilgo bideetan barna (ibilaldi, paseo…).
-Ekaina: Ikastola Eguna. “Izango gattunk beste 50 urteetan! Bai horixe!”.

Zubietan, mailaz maila LH osoa ezartzen
Berezia izan zen abenduaren 22an, gabonetako oporretara joan aurretik Zubietako Eskolakoek ospatu zuten urteroko festa. Berezia, aurreko udan Lehen Hezkuntza osoa eskaintzeko aukera eskuratu baitzuten. Lortutakoa eskertu eta eginiko lanketagatik zoriontzeko ere baliatu zuten aipatu festa hau eskola kide diren ikasle, guraso eta hezitzaileek. Egun, ikasle helduenak 3. mailan daude. Hurrengo ikasturteetan, mailaz maila LH ezartzen joango dira 6. mailara heldu arte.

Neguko ospakizunak
Segidan ikus dezakezuen moduan, gabon kantu artean agurtu zuten ikastetxeek 2017-18 ikasturteko lehen txanpa. Negu parte honetan ospakizun gehiago izango dituzte. Esaterako, urtarrilaren 19an danborrada saioak Donostia Egunaren bezperan edota otsailaren 9an, inauteri festak.

Aginagako Eskola

Zubietako Eskola

Udarregi Ikastola

Haur Eskola

Harpidetu

Albiste hau atsegin baduzu, harpidetu orain horrelako albiste gehiago jaso ahal izateko.

Iruzkinak itxita daude.

Usurbilgo baserriak
Usurbilgo ondarea
Igo
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.