Euskara eta euskal kultura sustatzea helburu duen elkartea

Mobilizazio asteburua Usurbilen

By on 2017-11-24 in Ingurumena, Jendartea, Politika

Azken ostirala, Azaroaren 25a, Parisko abenduaren 9ko manifestaziorako girotzea eta erraustegiaren aurkako salaketa tartekatuko dira, astebururako deituak dauden mobilizazio ezberdinetan. Hasteko, ostiral honetarako eragile anitzek deituta, bi aldarri lotuko dituen elkarretaratzea deitu dute 20:00etan Mikel Laboa plazan; euskal presoen eta haien senideen eskubideen aldeko aldarria eta Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako Egunarenak lotuko ditu hitzorduak.

Bakearen Artisauek abenduaren 9rako Parisen deitu duten manifestazioa girotzeko bestalde, ekitaldia deitu da larunbat iluntzeko 19:00etan frontoian. Hara joateko autobus zerbitzua antolatu dute Usurbilen. “Bidaiaren inguruko argibideak, bideoak, pintxoak, sagardoa, gaztain erreak…” eskainiko dira.

Azkenik, erraustegiaren aurkako elkarretaratzea deitu du Erraustegiaren Aurkako Usurbilgo Taldeak, igandeko (azaroak 26) 19. Erle Egunean. Arratsaldeko 13:00ean izango da elkarretaratzea Mikel Laboa plazan. Segidan xehetasun gehiago:

Azken ostiraleko elkarretaratzeak, bi aldarri lotuko ditu
Berezia izango da azaroko azken ostirala. Mobilizatzeko eguna dugu hilero. Oraingoan ordea bi aldarri lotuko ditu hitzorduak; euskal presoen eta haien senideen eskubideen eta biharamuneko, azaroaren 25eko Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Egunari lotutako aldarriak plazaratuko ditu.

Bi aldarriok lotuko dituen elkarretaratzea deitu dute ostiral iluntze honetan, azaroaren 24an, 20:00etan Mikel Laboa plazan eragileok; Usurbilen Nahi Dituguk, Matrakak Talde Feministak, Usurbilgo Ernaik eta Usurbilgo Sortuk. “Kontzientzia pizteko hainbat ekimen burutu, datu eta mozio aurkeztu ohi ditugu, baina bada garaia errealitate gordinari aurre egin eta azaletik errora jauzi egiteko. Erraiak azalera aterako ditugula aldarrikatzera gatoz!”, iragarri dute elkarretaratzearen berri emateko NOAUA!ra helarazi duten deialdian.


Abenduaren 9ko Parisko mobilizazioa girotzeko ekitaldia
Euskal Herriko gai batekin lotuta inoiz izan den mobilizazio masiboena izatea nahi dute Bakearen Artisauek abenduaren 9rako Parisen antolatu dutena. Euskal presoei aplikatzen zaizkien salbuespen neurriak ezabatzea eskatuko da frantziar estatuko hiriburuan. Hitzordua girotzeko, ekitaldia deitu dute larunbat honetarako, azaroaren 25ean iluntzeko 19:00etan frontoian. Antolatzaileek iragarri dutenez, “bidaiaren inguruko argibideak, bideoak, pintxoak, sagardoa, gaztain erreak…” eskainiko dira. Autobus zerbitzua ere antolatu da Usurbilen, abenduaren 9an Pariserako joan etorria egiteko. Izena ematera deitzen dute. Ohiko tokietan bideratu ahalko da aurrez.

Abenduaren 9an Parisen eskaera argi bat plazaratuko dute, euskal presoei aplikatzen zaizkien salbuespenezko neurri “onartezinak kenduak izan ditezen: presoen hurbilketa, gaixo diren presoen askatzea, baldintzapeko edo behin behineko askatasun neurriak ukan ditzaketen pertsonen libratzea, berdin kondena bukatzear duten presoak. Berehalako neurri horiek presoen gaiaren konponketa integralaren lehen urratsa izango da”. Bake prozesuan inplikatzea eskatuko zaio baita Frantziako Gobernuari.

Abenduak 9, larunbata
11:00-12:00 Euskal Herritik etorritako autobusen heltzea Montparnasse Geltokira.
11:30 Elkarretaratzea Montparnasse geltokiaren aintzinean, animazioen hastapena, Euskal Herritik etorritako trenei harrera.
12:00 Presondegien martxari harrera.
12:30 Manifestaldiaren abiatzea.
Euskal Herriko talde ainitzek alaituko dute : joaldunak, txarangak, trikitixak, gaiteroak, txistulariak, dantzariak etab… Kamioi zono baten gainean artista andana batek manifestaldia animatuko du: Bad Sound System + Fermin Muguruza, Zebda-ko Mouss eta Hakim, Ogres de Barbak-eko Fredo, Oreka TX, Roce etab…
14:00 Manifestaldiaren heltzea. Hitz hartzea.
14:30 Kantuak.
15:00 Elkarretaratzearen bukaera, autobus eta trenetara itzulera.
17:00 Gaualdia Pariseko Euskal Etxean.

Informazio gehiago: artisansdelapaix.eus


Azaroak 26, igandea
13:00 Erraustegiaren aurkako elkarretaratzea Mikel Laboa plazan. 

Erraustegirik ez
Munduan zehar (Italia, Frantzia, Estatu Batuak…) egin diren ikerketa zientifiko ofizialek erraustegi baten inguruan bizi diren pertsonek minbizia (gibelekoa, parte biguinetakoa, biriketakoa, esteetakoa, urdailetakoa…) izateko arriskua asko handitzen dela ikusi da. Italian 2013 eta 2015 urteetan egin diren ikerketetan erditze oso goiztiarrak izugarri hazi zirela ikusi da. Eusko Jaurlaritzaren Osasun Publikoko Zuzendaritzaren 2004. urteko txostenak dio: “Hondakin organikoen errausteak sortzetiko malformazioak eta minbiziarekin lotura duten ikerketak daudela” esaten da. Txosten berean, erraustegiek botatzen dituzten dioxinak (oso kutsakorrak) minbizia sortzeko ahalmena daukatela aipatzen da. Nafarroan erraustea EZ den beste eredu bat aurrera eramatea erabaki dute. Asturiasen borroka asko egin ondoren hondakinak EZ erraustea erabaki dute.

Espainiako Zientzia Ikerketen Kontseilu Nagusiko (C.S.I.C.) ikerlaria den Fernando Palacios jaunak, Berriari (2016/06/30) eskainitako elkarrizketan dio “Zabalgarbi (Bizkaia) inguruko landareetan artsenikoa (oso kutsakorra) pilatzen jarraituz gero, errauste planta ITXI egin beharko litzateke inguruko herritarren OSASUNA arriskuan egon litekeelako”. Bizimodu osasuntsuago baten alde hor ibiltzen gara Lasarte-Zubieta-Usurbil-Aginaga-Arratzain inguruetan, baratza-zelai-baso-sagasti-erreka-arrain-mendi edo abereei begira. Zubietako erraustegiak, ez al lituzke guztiak eta guztiok kutsatuko? Bertako landare eta barazkiak osasunarentzat hobeagoak direla esaten diguten garai hauetan, Zubietako erraustegiak osasuna ezezik elikagaiak ere kutsatuko lituzke.

Biodonostia Osasun Ikerketa Instituzioak erraustegiak osasunean eragin dezakeen kaltea ezagutzeko, bolondresak eskatzen dituela entzun dugu egun hauetan. Horrelako jokabideen bidez garbi ikusten da erraustegiek kutsatu egiten dutela eta herritarrak deitzen ditugu erraustegiaren kutsadura salatzera.

Zubietako erraustegitik 5 kilometrotara 46.372 pertsona bizi gara eta 10 kilometrotara berriz 272.582. Zenbat eta gertuago orduan eta kutsatzeko arrisku gehiago.

Esaldi batek honela dio: burua duenak ez du bere etxe inguruan erraustegirik nahi eta bihotza duenak berriz ez du besterentzat ere nahi.

Birziklatzeari bai, erraustegirik ez!
Bizimodu osasuntsuagoa bai, erraustegirik ez!
Usurbilen, 2017ko azaroa

Erraustegiaren Aurkako Usurbilgo Taldea

Oharra: Erraustegiaren Aurkako Usurbilgo Taldeak deituta, elkarretaratzea igandean, azaroak 26, 13:00ean frontoi atzean, Mikel Laboa plazan. Zatoz eta salatu erraustegia!

Harpidetu

Albiste hau atsegin baduzu, harpidetu orain horrelako albiste gehiago jaso ahal izateko.

Iruzkinak itxita daude.

Usurbilgo baserriak
Usurbilgo ondarea
Igo
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.