Euskara eta euskal kultura sustatzea helburu duen elkartea

Datorren astean aurkeztuko dituzte gastroenteritis brotearen inguruko azterketaren emaitzak

By on 2017-11-18 in Jendartea


Egunotan hainbat herritar erasan dituen gastroenteritis brotearen jatorria aztertzen dabiltza. Usurbilgo Udaletik iragarri dutenez, azterketa honen emaitzak datorren astean emango dituzte ezagutzera. Emaitzok jaso bezain pronto agerraldia egingo du azken egunotan gai honen inguruko jarraipena egiten aritu den taldeak.

Lan talde horretako kideak honako hauek dira: Xabier Arregi Usurbilgo alkatea eta Jone Urdanpilleta zinegotzia, Marije Imaz Ikastolako zuzendaria, Juncal Artieda Gipuzkoako Osasun Publikorako Zuzendariordetzako Epidemiologia Unitateko ordezkaria, Tomas Plazaola Tolosa-Goierriko Osasun Publikoko eskualdeko koordinatzailea eta Mikel Aierdi uraren kalitatea neurtzeko Eusko Jaurlaritzak duen erakundeko ordezkaria. 

“Okerrena pasatu dela dirudi”, aditzera eman diote NOAUA!ri. Egoera nabarmen ari da egiten hobera, gastroenteritis kasuak murrizten doaz nabarmen. “Ikastolan, esaterako, gaur 60 haur dira ondoezik etxean geratu direnak, asteartean, ordea, 180 izan ziren”, adierazi dute.

Halere, prebentzio neurriei eusteko deia egin dute Udaletik. Ostegun arratsaldean plazaratu zuten bandoan adierazi bezala, iturriko ura ez edatea aholkatzen dute. Argi utzi nahi dute oraindik ez dagoela argi zerk eragin duen gastroenteritis brotea, “baina badaezpada ere, urik ez edatea aholkatzen da”. 

Udal bandoa
Gastroenteritis brotea dela eta, Usurbilen bizitzen ari garen ez-ohiko egoera honen harira bandoa kaleratu zuen ostegunean Usurbilgo Udalak. Etxe atarietan zintzilikaturiko oharrean, birusa zerk eragin duen argitzeke dagoela jakinarazten zuten, kasuak gutxitzen doazela, Udalak Osakidetzarekin hartuemanetan segitzen duela. Analitika epidemiologikoak egiten ari direla eta behin betiko emaitzak izan artean, birusa are gehiago zabaltzea saihestu eta prebentzio neurriak hartze aldera, iturriko ura ez edatea aholkatzen ari da Usurbilgo Udala, “bestelakorik esan arte”.
Honela dio udal bandoak:

Usurbildar hori:
Ez-ohiko egoera bizi dugu egunotan herrian, gastroenteritis brotea dela-eta. Astiro- astiro kasuak gutxitzen ari badira ere, oraindik ere herritar ugari dago ondoezik. Udala harreman etengabean dago Osasun Sailarekin, eta egunotan analitika epidemiologikoak egiten ari dira han-hemenka, brote hau zerk eragin duen argitzeko. Behin-betiko emaitzak eskuratu eta jatorria argitu bitartean, Udalak beharrezko ikusi du, Osasun Sailaren aholkuei jarraikiz, prebentzio neurriak hartzea, birusa are gehiago zabaltzea saihesteko. Horregatik, usurbildarrei aholkatu nahi diegu iturriko ura ez edatea bestelakorik esan arte.

Eskerrik asko.
Xabier Arregi, Usurbilgo alkatea

Harpidetu

Albiste hau atsegin baduzu, harpidetu orain horrelako albiste gehiago jaso ahal izateko.

Iruzkinak itxita daude.

Usurbilgo baserriak
Usurbilgo ondarea
Igo
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.