Euskara eta euskal kultura sustatzea helburu duen elkartea

Haimar Zubeldia, herri omenaldi handiaren atarian: “Errekonozimendu handia da”

By on 2017-11-17 in Aisia, Jendartea, Kirola

Hamaika bizipen, hamarnaka itzuli handi, saiakera itzela eta bidean izerdi ugari utzi ostean, abiapuntura itzuliko da larunbatean. Txirrindulari gisa hazi eta hezten ikusi zuen sorterrira. Herriak goratuko duen podiumera igo eta merezitako errekonozimendua jasoko du Haimar Zubeldiak hilaren 18an. Hedabide hau berarekin bildu da bezperatan.

Zer moduz, udan erretiroa hartu eta gero, bizimodu berrira egokitzen?
Haimar Zubeldia:
Denbora bat hartu nahi nuen errealitate berrira egokitzeko eta zer egin nahi dudan ikusteko. Pauso hori emana dutenek ere hala aholkatu didate; gauzak lasai hartzeko eta gauzak ateratzen doazela. Une horretan nago. Nahiko argi dut baita zer egingo dudan, gauza batzuk lotu ditut. Baina ondo nago, bizitzan gauza berriak eta aparkatuan nituenak egiteko ilusioz zorteduna ere sentitzen naiz, nik erabaki bainuen noiz, nola eta non utzi nahi nuen. Askok ez dute horretarako aukera izan eta horrekin ere dena eman dudala nabari dut, ez zait inolako korapilorik geratu ezer barruan.

Maila profesionaletik erretiratu arren, bizikleta ez duzu utzi. Zure twitterreko kontuan mendi aldean ikusi zaitugu?
Mendiko diziplina beti gustuko izan dut, neguan beti egin izan dut. Jorratu nahi dudan ibilbide bat da. Pirinioetan udaren parte handi bat pasatzen dut eta han leku ederrak daude horretarako. Hemen ere bai udazkenean asko gozatu dut. Betiko errutinatik asfaltoa behean ikusten da, berezia da. Polita. Uda ere deskubritu dut pixka bat. Azken 20 urteotan edo gehiagoan, uda zetorrenean ingurukoak oporretan zeuden baina nik ez nuen gozatzen behar bezala. Aurten benetan ikusi dut uda zer den eta gozatu dut.

Erretiratzeko erabakia hartzea zaila egin zitzaizun, hausnarketa prozesu baten emaitza izan da?
Argi dagoena da, azken urteotan neure buruan garrantzia geroz eta gehiago hartzen ari zen, eta inguruan, etxean ateratzen ziren elkarrizketetan ere bai. Zuk ere sentitzen duzu garaia ere badatorrela. Aurten bai geroz eta garrantzia handiagoa zeukala, beti entrenamenduetan, bakardadean, zure bukaera nolakoa izango litzatekeen askotan irudikatu edo egiten duzu. Nik hala nuen pentsatuta. Unea heldu zenean ekipoari planteatu nion. Azken erabakia Tourrean hartu zen eta denak azkar korritu zuen.

Irudikatu bezalako bukaera izan da?
Bai baina gero uste baino hobeto. Pasa den bezala. Denborarekin ari naiz kontziente izaten gauza guztietaz eta are politagoa da. Benetan bukaerak asebeteta utzi nau.

Donostiako Klasikako azken metro haiek bereziak izango ziren. Nola bizi izan zenituen?
Bezperatik banekien biharamuna azkena izango zela profesional gisara. Bezperan neure ibilbidean lagundu didaten guztiei, etxekoei, denei sentitzen nuena mezu bidez idazten, eskerrak ematen saiatu nintzen. Biharamuna egun berezia eta polita izan zen. Sorpresak izan ziren. Lasterketa txukuna egin genuen eta lasterketan zehar, txirrindulari asko ibilbide guztiagatik zorionak ematera hurbildu zitzaizkidan eta horrek bat betetzen du.

“Oparitu zidaten karreretako bizikleta bat eta hala apuntatu ginen Usurbilgo eskolan”
Maila profesionaleko 20 urteotako ibilbidea aipatu da sarritan, zure ibilbidea aldiz lehenagotik hasi zen. Noiz hasi zinen lehen pedalkadak ematen?
Usurbilgo eskolan. Garai hartan herriko eta auzoetako jaietan ohitura zen egunetako batean txirrindulari lasterketa egitea. Egutegi aldetik beti lehen jaiak Kalezarkoak izaten dira eta lehen lasterketa hartaz akordatzen naiz. Bitxia da, urte asko pasa dira baina egun hartako hainbat irudiez oroitzen naiz. San Estebango festetan, herrikoetan, Aginagan ere egiten ziren lasterketak. Aita bere lagunekin irteten zen igandeetan eta nik uste hark sortuko zidala jakinmin edo txirrindularitzarako har hori. Askotan kontatu izan dut, oparitu zidaten karreretako bizikleta bat eta hala apuntatu ginen Usurbilgo eskolan.

Usurbildar lagun bat baino gehiago txirrindularitzakoak emandakoak izango dituzu.
Bai, gaur egun mantentzen dugun koadrilan ia gehienak txirrindularitzatik pasatakoak gara. Badakizu gazteetan modak izaten dira, eta bospasei baginen adin berdinekoak ginenak Usurbilgo eskolan. Ia afizionatuak arte hor segi zutenak.

Txirrindularitza eskolako hezitzaile izan zenuten aurten Usurbilgo herriak omendu duen beste herritar bat; Ramon Unanue. Nola oroitzen duzu eskola hura?
Oroitzapen oso onak ditut. Akordatzen naiz orduan, nahiz eta Usurbil handia ez izan, txirrindulari eskolak pisua zuen eta gainera gauzak ondo egiten ziren: Ramonek berak bere denbora asko jartzen zuen eskolan eta kategoria ezberdinetan maila ederra eman zuten txirrindulari onak atera ziren handik. Usurbilgo eskolak beti zuen fama ona, ziklokrosa, errepideko diziplina, pista… egiten genuelako. Ramonen ondorena hor egon da. Berak bere eragina eman zigun diziplina mailan. Saiatuta zerbait lor genezakeela helarazten zigun.

Maila profesionalerako jauzia nola bizi izan zenuen?
Afizionatuetan Madariagaren semeak kudeatzen zuen Bizkaiko talde batera joan nintzen. Lehenengo urtea nahiko ondo joan zitzaidan, lasterketaren bat irabazi nuen. Ekipoz aldatzeko deiak izan nituen, baina bertan geratzea erabaki eta asmatu nuen. Bigarren urtean oraindik ez nuen pentsatua urte hartan pausoa eman nezakeela baina gauzak nahiko ondo joan ziren. Bidasoako Itzulian podiumean egon nintzen, lasterketa batzuk irabazi nituen eta garrantzitsuena izan zena, Euskadiko Txapelketa irabazi nuen. Urte hartan bertan egokitu zen Euskadi Fundazioak Euskaltel babesle gisa aurkitu zuela eta hurrengo urtean Euskaltel Euskadi izaten hasi zen. Egokitu zen baita, Julian Gorospe nuela nik afizionatuetan zuzendari gisa eta Julianek jauzi hori eman zuen. Euskaltel Euskadira bina gipuzkoar, bizkaitar eta arabar igaro ginen proiektu berri horretara.

20 urteok gozotik edo gazitik gehiago izan dute?
Gozotik dudarik gabe gehiago. 20 urteok azkar pasa zaizkit. Une txar bat baino gehiago egon da, baina gozoak askoz gehiago izan dira. Zorteduna izan naiz, neure zaletasuna ogibide bihurtu zen eta ogibide horretaz gainera hainbeste urteetan gozatu ahal izan dut. Lesioak izan ditut baina hau utziarazi didan lesio bakar bat edo bestelako arazorik ez. Asmatu egin dudala esan liteke.

Konstantziak definitu dezake zure ibilbidea?
Neure ezaugarrietako bat da konstantzia eta lana. Ramonengandik, gurasoengandik lan eginez eta konstantziarekin gauzak ateratzen direla jaso dugu. Neure betiko lemetako bat hori izan da. Gauzak gaizki joan direnean ahal bada beste puntu bat eman, aterako dira gauzak eta sinesten jarraitu.

Lanketa fisikoak burua ere landu beharra ekarriko du?
Askotan hori nahigabe egiten duzu. Beti galdetu izan didate ia norabait jo ote dudan. Esperientziarekin hori ere garatu egiten duzu eta jakin izan dut hori guztia kudeatzen. Une txarretan, sufritzerako orduan nahi gabe hori ere jaso dugu bide guztian eta horretan ere asmatu dudalakoan nago.

Talde ezberdinetan ibili zara. Aldaketak gogorrak izaten dira, naturalki eman dituzu?
Naturalki eman ditut. Izan liteke baita zortea ere. Neure kirol bizitza beti bi zatitan banatzen dut beti. Batetik, Euskaltel Euskadin egin nituen 11 urteak daude eta bigarrena Trek familiaren inguruan egin ditudan 9 urteak. Euskaltel Euskadi ekipo familiarragoa zen, denak gertukoak ginen, Euskal Herriko selekzioa zela esan liteke, gauza handiak lortu genituen. Trek taldean talde lanean aritu naiz lider handiak egokitu zaizkidalako baina norbere luzimendurako uneak egon direnean baliatu izan ditut. Neure ustez hori da hainbeste denboran hor egoteko sekretua; une oro jakin eta aztertzea zein den taldean urte horretan duzun zure lekua eta hori kudeatzen jakitea.

Erronkak markatzerako garaian maila profesionalean kudeatzen jakin beharreko presioak egongo dira?
Bai, eta era desberdinetakoak gainera. Presioa sentitzen duzu askotan zita garrantzitsuak datozenean, urte guztia hori prestatzen egon zara eta gauzek ondo atera behar dute. Taldetik ere presio hori sentitzen duzu. Euskaltel bezalako taldean egonda, herriaren bultzada eta presio hori nabari da. Beste lider batentzat lan egin behar denean ere, hori ere zaila da askotan. Presio une asko daude lasterketan baina hori ere ondo landu badut, naizen bezalakoagatik da. Nahiko lasaia naiz, nahiz barrutik eramaten den penitentzia. Neure izaerak lagundu egiten du hori dena kudeatzen.

20, 16, 1… Zer adierazten dute zenbakiok?
20 urte izan dira, 16 Tour, Giro bat eta beste 11 bat Espainiako Itzuli. Guztira 29 bat itzuli izango dira. Neure kirol bizitza ere, neure ezaugarriengatik itzuli handietara bideratu izan dut. Uste dut hor atera nezakeela probetxua neure ezaugarriei, erresistentziadun lasterkaria naizelako. Ez naiz irabazlea, abiadura punta hori falta zaidalako baina aldiz, hori gabe jakin izan dut besteen lana aurrera ateratzen eta badira zenbakiak. 16 Tour. Pentsatzen hasita, 16 bider 21, urte bat baino gehiago ateratzen da egunero Tourrean jokatzen. Zenbaki handiak dira baina urteak ere egon naiz. Polita da baita atzera begiratu eta zenbakiok zerbait esan nahi dutela ikustea. Zerbait ondo egingo nuen zenbaki horietara iristeko.

Zenbaki horien atzean ere asko egongo da.
Lan asko, kilometro asko bakardadean eta taldean, euri eta eguraldi txarrarekin ere une asko… Lasterketan sufritzen duzu gehien baina alde polita edo gozoena da. Entrenamenduak egiten dira gogorrenak. Gogorrena mentalki guretzat negua pasatzea zen.

Egiteke zerbait geratu zaizu?
Momentuz ez. Badaude egin ez ditudan lasterketa batzuk, adibidez Paris-Roubaix edo Milan-San Remo, baina ez dut sentitu egunen batean egiteko ez inbidiarik edo gogorik. Gustukoenak askotan egin izan ditut. Txirrindularitzatik aparte, bidean bai utzi ditut egingo nituzkeen hainbat gauza. Orain denbora dudanez, egiteko aukera izango dudalakoan nago.

LARUNBATEKO OMENALDIAZ: “Errekonozimendu handia da”
Lasterketan zoaztela animatzen dituzunak ez dituzula ikusten dirudi, baina ez da hala ezta, zaletuen babesa heltzen zaizue?
Dirudiena baino errazagoa da. Kanpotik barrukoa ikustea baino errazagoa da barrutik kanpokoa ikustea. Geldirik daudenak kanpokoak dira eta askotan kontziente zara zu animatzeko jendeak egiten duen ahalegina. Zer gutxiago keinuren bat egitea, hurbildu eta eskua ematea, bera konturatzeko zu hor zaudela. Esker onekoa izatea dela uste dut.

Larunbateko herri omenaldia, abiapuntura itzultze modukoa izango da?
Bai. Zarautzen bizi arren, usurbildarra sentitzen naiz. Zure herrian halako gauza bat egitea oso polita da, bat harrotasunez betetzen da. Errekonozimendu handia da eta ez dakizu zer esan. Hitzak falta zaizkizu. Gozatzea espero dugu, eta jendeak ere gozatzea. Azkenean ospakizun bat da. Seguru besteren bat etorriko dela atzetik. Badira Usurbilen hor dabiltzan gazteak, Xuban Errazkin tartean.

Hamaika elkarrizketa egin zaizkizu. Geratu zaizu esateko ezer? Justuak izan dira hedabideak zurekin?
Gerora kritika hori naturlaki eraman izan dut baina Euskalteleko aroan batez ere, pisatzen zidan Haimarrek ez zuela erasora jotzen ziotenean. Nik beste era batera egiten nuen lasterka, gure baliabideak ikusita era eraginkorrean. Baina badakit txirrindulari erakargarriagoa dela azkenean erasora jotzen duenak. Halere, zerbait ondo egingo nuen 20 urtez hor egoteko.

Kirol jardueran izarren bilera aritzeko joera.
Naturala da. Beti Indurain berri baten bila gabiltza. Batek listoia oso altu jarri duenean, ondoren datozenak beti listoi hori pasarazi nahi izaten dugu. Baina denok desberdinak gara eta bakoitzak bere bidea egin behar du.

Erretiroa iragarri zenuenean zenion, beti izango zinela txirrindularia baina beste amets batzuen bila zoazela orain. Eta orain zer?
Maila profesionala utzi nuenetik bizikleta gainean jarri ez naizen egun gutxi egon dira. Gaur ere nire itzulia egin dut. Urte guztiotan geratu dira egin nahi baina egin ez ditudan gauzak, asko txirrindularitzarekin lotuak. Mountain bikeko proba ezberdinak egin nahi ditut, bada lasterketa bat egiteko proiektua, triatloia ere jorratu nahi dut… Txirrindularitzari lotuta ere egongo naiz, beste era batean. Familiari ere denbora gehiago dedikatu nahi nioke.

Zer esan bide bazterretan zain izan dituzun jarraitzaileei?
Dudarik gabe eskerrik asko. Askotan saiatu naizen arren keinu bat egiten, beti sentitu izan dut hauspo hori edo arnas hori atzean eta batez ere eskerrik asko.

Harpidetu

Albiste hau atsegin baduzu, harpidetu orain horrelako albiste gehiago jaso ahal izateko.

Iruzkinak itxita daude.

Usurbilgo baserriak
Usurbilgo ondarea
Igo
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.