Euskara eta euskal kultura sustatzea helburu duen elkartea

Azken agurra, zendu berri den Belen Gonzalez Peñalbari

By on 2017-11-17 in Jendartea, Politika

Ostegun goizaldean zendu zen Belen Gonzalez Peñalba Donostiako Onkologikoan. 2009an minbizi sendaezina diagnostikatu ziotenetik espetxealdi arindua ezarri zioten, eta etxean bete du zigorra azken urteotan. Etxean bai baina ez aske. Gaixotasun luze honen ondorioz zendu zen ostegun goizaldean, 61 urte betetzear zituen lazkaotarra. Heriotza honen harira, azken agurra eman zaio, Usurbilgo Sortuk deituta ostiral iluntze honetan Mikel Laboa plazan egin duten elkarretaratzean. 

Erbestea, deportazioa, espetxea… ezagutu zituen
ETAko kide historikoa, 1970. hamarkadaz amaieratik. Ezaguna egin zen, ETAk Espainiako Estatuarekin izandako hainbat negoziazio saiakeretan parte hartu zuelako, erakunde armatuko mintzakide gisa. Emakume bakarra izan zen; bai 1989an PSOE agintean zela, Felipe Gonzalezen gobernuarekin izandako negoziazioetan, baita hamarkada bat beranduago, Jose Maria Aznar Espainiako Gobernuko buru zela, Zurichen (Suitza) egindako negoziazio saiakeran ere.

Malin eta Santo Domingon deportatuta egon ostean, 1999an Pauen (Okzitania) atxilotu eta frantziar estatuan espetxeratu zuten, gero espainiar estatuko hainbat espetxeetan. 2009an minbizia detektatu ziotenetik etxean ari zen betetzen espetxe zigorra.

Mobilizaziorako deia
LAB sindikatuak, Sortuk, Sarek… heriotza hau salatu eta mobilizazioetan parte hartzera deitu dute. “Belen Gonzalez Peñalva presoaren heriotza gorrotoa eta mendekuan oinarritzen den espetxe politikaren ondorioen adibide garbia da”, azaldu du ohar bidez. Ulertezintzat jotzen dute ETAk ekintza armatuak egiteari utzi duela 6 urte eta oraindik “Gobernu espainiarrak egun duen jarrera inflexiblea mantentzen jarraitzea”.

Belen askatasun osoa eskuratu gabe hil dela ohartaratzen dute. “Larriki gaixo diren presoei askatasuna ukatzeak eta baita etxean kondena betetzeko aukera bera ere ukatzeak preso diren herritarren heriotza kopurua igotzen joatea dakar. Gaur Belen hil da espetxean zela sortutako minbiziaren ondorioz eta bere askatasuna osoki eskuratu gabe. Bihar Ibon Iparragirre edo Manu Azkarate edo larriki gaixo den beste preso bati gerta dakioke. Ez dugu salbuespen egoerak heriotz zigorra izan daitezen utzi, ezin dugu presoak halako muturreko egoeretara eraman ditzaten utzi”, gogorarazten du Sarek.

Sarek mobilizatzeko deia egin du, “finean, giza eskubideez ari garelako, konponbidearen eta bakearen bidean ematea ezinbestekoak diren urratsez”. Bagoaz eta Etxeratekin batera, frantziar estatuko 20 espetxeetan barrena egingo duten bira abiatu zuten atzo. Gogoan izan, espetxe bira honekin Sare, Bagoaz eta Etxeratek abenduaren 9an Bakearen Artisauek Parisen deitutako mobilizazioa bultzatu nahi dute. Hitzordu hau girotze aldera, Usurbilen azaroaren 25ean, 19:00-21:00 artean frontoian hitzordu hau girotzeko ekitaldia deitu da.

Parisekoaren ostean, urtarrilaren 13rako Bilbon deitu du Sarek hurrengo mobilizazioa “Prest gaude” aldarripean.

Harpidetu

Albiste hau atsegin baduzu, harpidetu orain horrelako albiste gehiago jaso ahal izateko.

Iruzkinak itxita daude.

Usurbilgo baserriak
Usurbilgo ondarea
Igo
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.