Euskara eta euskal kultura sustatzea helburu duen elkartea

Hainbat herritar erasan dituen gastroenteritis brotearen arrazoiak argitzeko hartuemanetan dira Udala eta Osakidetza

By on 2017-11-15 in Jendartea


Udarregi Ikastolan hamarnaka ikasle falta dira egunotan ikasgeletan. Anbulatorioan ohi baino herritar mugimendua sumatu dute, medikuarekin egoteko txanda eskatuta. Eta kalean bolo-bolo dabil albistea; herritar ugari erasan dituela asteburuaz geroztik, gure artean dugun gastroenteritis broteak. Kezka sortzen ari den gaia Usurbilgo Udalera heldu da.

Brotearen jatorria zein den, hainbeste gastroenteritis kasu zerk eragin duen jakiteko Udala Osakidetzarekin hartuemanetan da jada. Osakidetzak txostena helarazi dio Udalari eta gaia aztertzen ari dela diote. Gai honen jarraipena egiteko lan talde bat osatu dute, osasun etxeko sendagile eta udal ordezkariek, “epidemiologia eta mikrobiologiako sailekin koordinazioan lan egingo du. Era berean, kultiboak ere hartu dituzte, laborategian aztertzeko” aditzera eman du Udalak.

Ustez, birus batek eragindako brotea
Osakidetzak Usurbilgo Udalari helarazitako lehen datuen arabera, astelehen eta asteartean 25 ume eta 50 heldu baino gehiago hurbildu ziren Usurbilgo anbulatoriora gastroenteritisak jota. Egun horietako kontsulten %30a izan ziren. Egoera ez ohikotzat jotzen du Osakidetzak, nahiz era berean, ze urte garaitan gauden kontuan izanik, oso ohikotzat jotzen dute gastroenteritisak erasatea. 

“Irailetik hona hiru alditan indartsu agertu da gastroenteritisa Gipuzkoan. 24 eta 48 ordu artean irauten du, eta koadro kliniko arina du: goragalea, botaka egitea, beherakoa, sabeleko mina, ondoeza, mialgia edota buruko mina eragiten ditu, edota sintoma hauen nahasketa. Erraz kutsatzen da birus mota hori, hala nola airearen bidez, gaixorik dagoen pertsona batekin kontaktua izatearen ondorioz edota kutsatutako objektu edo azalerak ukitzeagatik. Horregatik, hainbat aholku eman ditu Osakidetzak, eta garrantzitsuena eskuak ondo garbitzea dela nabarmendu du”, adierazi dute Udaletik.

Osakidetzak Udalari helarazitako datuen arabera, gastroenteritisak auzo guztietan modu berean eragin du, “Añarbeko ura edan ala ez. Espreski aipatzen du, Zubietan, San Estebanen eta Aginagan Añarbeko ura hartu ez arren, hango herritarrei berdin-berdin eragin diela  gastroenteritisak. Horregatik, oraindik emaitzak esku artean ez dituzten arren, birus batek eragindakoa dela uste dute”.

Harpidetu

Albiste hau atsegin baduzu, harpidetu orain horrelako albiste gehiago jaso ahal izateko.

Iruzkinak itxita daude.

Usurbilgo baserriak
Usurbilgo ondarea
Igo
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.