Euskara eta euskal kultura sustatzea helburu duen elkartea

Ugaldeako sarbideko lanek herritarrei ahalik eta gutxien eragitea eskatu dio Udalak Aldundiari

By on 2017-11-10 in Hirigintza, Jendartea with 0 iruzkin

Aste hasieraz geroztik nabaria da N-634 errepidean, Ugaldea industriagunerako sarbidean egiten ari diren lanen eragina. Astelehen goizean esaterako, lanok direla eta, auto ilara luzeak sortu ziren sarbide honen inguruan, bi noranzkoetan, errepidean jarritako behin behineko semaforoen eraginez.

Egoera honen aurrean kexa agertu du Udalak Aldundian eta obra zuzendaritzarekin eginiko bileran udal langileek, lanok usurbildarrei ahalik eta eragin txikiena izatea galdegin diete. “Zehazki, bi aukera luzatu dizkiote obra zuzendaritzari: zirkulazio handia egoten den orduetan lanak eteteko, batez ere 8:00etatik 9:00ak artean, edota lanak gauez egitea. Bigarren aukera hori ez du ontzat jo obra zuzendaritzak, eta lehen aukera aztertzeko konpromisoa hartu dute”, berri eman du Udalak. Aste hasieran gertaturikoa ez errepikatzea ere eskatu dute udal langileek, “izan ere, astelehenean gertatu ziren erretentzioek eta ezustekoek ezin dutelako berriz gertatu. Zirkulazioan ahalik eta eragin txikiena izan dezan, aurrez abisatzeko eta udaltzainak jakinaren gainean jartzeko eskatu zaie”. 

Proiektu honen berri izan bazuen Udalak, baina lanok ezustean harrapatu dute. “Usurbilgo Udalak egitasmo horren berri bazuen, izan ere, udal gobernuak sarri eskatu izan dio Diputazioari sarrera hori konpontzeko. Lan horiek lehenbailehen hasteko indarra egin du Udalak. Eta, ondorioz, begi onez ikusten duen obra da. Haatik, Udalak ez zekien noiz eta nola hasiko ziren lan horiek, eta sorpresaz hartu du lanak, aurrez ezer esan gabe, hasi izana”, ohartarazi dute.

Hirugarren erreila
Gipuzkoako Foru Aldundia egiten ari den lanokin Ugaldea industriagunerako sarbidea hobetu nahi da. Errepidean, hirugarren erreil bat egingo dute, Usurbilgo Udaletik berri eman dutenez “industriagunera sartzeko itxaroteko erreila izango dena. Lanek bi hilabete iraungo dutela jakinarazi du Gipuzkoako Bide Azpiegituretako Departamenduak, eta lanen kostua 112.648,35 €-koa izango da”.  

Aspaldiko behar bati erantzuna emango zaio. Udal gobernuak ere sarritan eskatua zion Aldundiari konpon zezala sarbide hau. 

Harpidetu

Albiste hau atsegin baduzu, harpidetu orain horrelako albiste gehiago jaso ahal izateko.

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

*

Usurbilgo baserriak
Usurbilgo ondarea
Igo
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.