Euskara eta euskal kultura sustatzea helburu duen elkartea

Etxekoak eta lagunak harro, Haimar Zubeldiak eginiko ibilbideaz

By on 2017-11-10 in Jendartea, Kirola with 0 iruzkin


Bere ibilbide oparoagatik zoriondu, emandako guztiagatik eskertu eta bere ibilbide profesionala borobiltzeko merezitako herri omenaldia egingo zaio Haimar Zubeldiari astebete barru. Bidelagun, zaletu eta hurbilekoak alboan izango ditu ospakizun egunotan. Lerrootan, hitzordu guztiok antolatzen ari den Haimar Zubeldia Taldekoen eskutik jaso ditugun Haimarren etxekoen eta Mikel Soroaren hitzak.

HAIMARREN ETXEKOAK: “Harro gaude egin duen ibilbideaz”

Haimarrek egin duen ibilbidea zer moduzkoa iruditu zaizue?
Haimarren etxekoak: Guretzat (etxekoentzat) ibilbide txalogarri eta eredugarria egin du. Txirrindularitzaren maila gorenean 20 urte luzez irauteko faktore askok bat egin behar dute; lehenik eta behin txirrindularitzarako bertutea dago eta honekin batera zaintza, sakrifizioa, etxekoen eta taldearen babesa… Haimarrek faktore hauek guztiak maisuki landu ditu eta bere alde izan ditu ibilbideko une ezberdinetan txirrindularitza bere pasioa izanik hor goian mantentzeko.

Etxekoak izango zituen jarraitzaile sutsuenak? Guraso gisa, hara eta hona animatzera joandakoak izango zarete eta hamaika oroitzapen izango dituzue. Zein dira nabarmenduko zenituzketen bizipenak?
Txiki txikitatik erakutsi zuen bera txirrindularia zela eta txirrindularia izan nahi zuela eta bai Haimar eta bai Joseba jarraitu izan ditugu gertutik. Haimarren kasuan junior mailan hasi zen destakatzen eta geroztik, urte hauetan guztietan, momentu polit asko bizi izan ditugu guraso bezala. Zaila da guretzat une batekin geratzea baina batzuk aipatzekotan: Gipuzkoako itzuliak junior mailan, Euskal Bizikletako garaipena, Frantziako Tourreko une gogoangarriak, eta unerik presentena aurtengo Donostiako Klasika. Azken lasterketa izan zen Haimarrentzat baina pozez eta emozioz bizi izan genuen eguna izan zen. Esan behar baita ere, urte hauetan guztietan Haimarrek eta Josebak emandako uneez gain, txirrindularitzari esker, beste guraso, lagun eta herritarrekin batera etxean, eta beste lurraldeetako toki ezberdinetan une polit asko bizi izan ditugula eta horiek gure barruan ditugula eta eramango ditugula.

Nola hartu duzue Haimarren erretiroa? Eta Usurbilen egingo zaion herri omenaldia?
Egia da ibilbide baten amaiera dela eta zenbait une ez direla itzuliko, lasterketak ez dira berdinak izango guretzat etxeko erreferentzia bertan baita izango baina pozez hartu genuen Haimarrek bere erabakiaren berri eman zigunean. Ibilbide profesional borobila biribildu du zenbakiz, 20 urterekin pasa eta 40 urterekin erretiroa hartu eta orain ibilbide hori errekonozitzeko momentua da. Haimar Usurbilgo txirrindulari eskolatik hazitako txirrindularia izan da eta usurbildarra da, nahiz eta gaur egun Zarautzen bizi den. Urte hauetan guztietan urtero egin izan dugu urteroko omenaldi bazkaria eta aurten azkena izanik poza ematen du jendearen ekimenak omenaldi handi hau antolatzea Haimarren ibilbidea goraipatu asmoz. Eskerrak eman nahi dizkiegu Usurbilgo herriari eta omenaldi hau antolatzen ari diren guztiei bihotz bihotzez.

Omenaldian hitza hartzeko aukera izango bazenute zer adieraziko zeniokete zuen seme txirrindulariari?
Harro gaudela egin duen ibilbideaz eta eskerrak ematea urte guzti hauetan eman digun guztiagatik.

MIKEL SOROA: “EGIN DUENA SEKULAKOA DA”
Txirrindularitzak nolatan lotu zintuzten zu eta Haimar?
Mikel Soroa: Gaztetxoak ginela, 8 bat urtetik aurrera edo, Usurbilgo Txirrindularitza taldean elkarrekin aritu ginen 18 bat urte inguru arte. Eta gu biok bezala, beste hainbat gazte, gehiengoak usurbildarrak, baina baita Lasarte, Añorga eta ingurukoak. Sekulako taldea zegoen orduan, txirrindulari mordoa biltzen ginen Kalezarren, eta egia esan oso urte politak izan ziren. Guraso, arduradun eta gure artean familia handi bat bezalakoa ginen, astean zehar entrenamenduetan, eta astebururo lasterketetan biltzen ginenak. Jolas bat zen guretzat eta asko disfrutatu genuen. Gerora ere, orduan eginiko harremana mantentzeko aukera izan dugu.

Nolakoa zen bizikleta gainean alboan zenuten Haimar?
13-14 urte genituela edo, dohain bereziak zituela ikusten genuen. Entrenamenduetatik leher eginda bukatu eta hurrengo egunean errekuperatu ezinik ibiltzen ginen gu, eta bera beti sasoiko. Gerora erakutsi bezala, txispa handirik ez zuen bizikleta gainean, baina indar eta erresistentzia aparta. Oso saiatua eta diziplinatua izan da beti, eta, zentzu onean, burugogorra ere bai.  

Haimarrek zer ekarpen egin dio euskal txirrindularitzari? 
Alde batetik goi mailan presentzia eman dio. Batik bat tourrean, euskal ordezkari bat, urtea joan urtea etorri lehen postuetan izatea. Hori zaletu eta txirrindulari gazteentzat pizgarri bat izan da, erreferente bat. Baina horren gainetik berak erakutsi duen jarrera. Denok nahiko genuke, zenbait momentutan, Haimar erasokorrago bat, baina bere ezaugarri fisikoak eta izaera bat izan da, eta hori erakutsi du lasterketetan ere. Beti umil, langile, konstante, zentzudun, talde guztietan maitatua… balore oso inportanteak erakutsi ditu bere ibilbide osoan, zenbait garaipen baino balio handiagoa izan beharko luketenak. Pentsa zenbat belaunaldi ezagutu dituen, zenbat arazo egon diren txirrindularitzaren inguruan, eta bera beti hor, onenen artean, eta inolako orbanik gabe. Usurbildarrok Haimarrekin harro egoteko moduan gaudela iruditzen zait.

Erretiroa hartu duen honetan, nola oroitu behar genuke etorkizunean, Haimarrek eginiko ibilbidea?
Egin duena sekulakoa da. Bere palmaresa izugarria da, eta seguraski hemendik urte batzuetara berak eginikoa gehiago baloratuko dugu denok. Bere izaeragatik, korritzeko zuen eragatik, beti isilik, soinu askorik egin gabe, zenbaitetan eginikoari bere balorea ez zaiola eman iruditzen zait. Baina hainbeste urtetan, munduko onenekin, munduko lasterketa onenetan lehiatzen aritzeak sekulako meritua du, eta lortutako emaitzak lortuta are eta gehiago. 

HERRI OMENALDIA HAIMAR ZUBELDIAR Haimar Zubeldiari
Azaroak 15, asteazkena
19:00 Haimarrekin solasaldia Sutegiko auditorioan.
20:00 Argazki erakusketaren irekiera Sutegiko erakusketa aretoan. Haimar bertan izango da.

Azaroaren 16an eta 17an, ostegun eta ostiralean
17:30-20:30 Argazki erakusketa Sutegiko erakusketa aretoan.

Azaroak 18, larunbata
8:30 Haimarrekin Andatzara txirrindaz. Abiapuntua: Frontoia. Ibilbidearen iraupena 2 ordu eta erdikoa izango da. Deialdi irekia. Bi ibilbide egingo dira, zati bat modu bateratuan.
12:00 Haimarrekin txirrinda ibilbide girotua herrian zehar. Adin guztientzat. Azken metroetan Porrotx bidelagun. Abiapuntua eta helmuga: Dema Plaza.
13:00 Omenaldi ekitaldia frontoian.
14:30 Bazkaria Aginaga Sagardotegian. 100 txartel salgai Bordatxon. Helduenak 30 eurotan, haurrenak 12 eurotan.

Antolatzailea: Haimar Zubeldia Taldea.

Harpidetu

Albiste hau atsegin baduzu, harpidetu orain horrelako albiste gehiago jaso ahal izateko.

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

*

Usurbilgo baserriak
Usurbilgo ondarea
Igo
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.