Euskara eta euskal kultura sustatzea helburu duen elkartea

Gipuzkoako Batzar Nagusiek garraio zerbitzu publikoen aurreproiektuarekin aurrerantz jotzea erabaki dute

By on 2017-11-09 in Ekonomia, Ingurumena, Jendartea, Politika with 0 iruzkin


Bizi asko dago Gipuzkoan, garraio zerbitzu publikoen inguruko eztabaida, iraila hasieran Gipuzkoako Foru Aldundiak eremu honetan landu duen aurreproiektua aurkeztu zuenetik. Eztabaida honen lekuko zuzena izan ziren Gipuzkoako Batzar Nagusiak atzo, gipuzkoarren “parlamentuan” egin zuten osoko bilkuran hain zuzen. Eguneko gaien artean, EHBilduk eta Ahal Dugu-Podemosek garraio zerbitzu publikoetan Aldundia aplikatzekoa den %30 eta kasu batzuetan baita %50era arteko murrizketak bertan behera utzi eta gai honi eragile zein herritarrekin irtenbide adostu bat ematea eskatzen zuen ebazpen-proposamena aurkeztu zuten. Atzera bota zuten ordea gainerako alderdiek. 

Batzar Nagusietan ziren 44 batzarkideetatik 27 agertu ziren aurka, gainerako 17ak alde. Ebazpen-proposamen honen aurrean gainera, EAJk eta PSEk osoko zuzenketa aurkeztu zuten. Bertan, lizitazio honekin aurrerantz jarraitzea proposatzen dute eta gipuzkoarrek aurkezturiko milaka alegazioak aztertu eta baliagarriak zaizkienak aintzakotzat hartzeko asmoa erakusten dute, aurrerago aurkeztu nahi duten proiektua hobetze aldera. Aipatu moduan osoko zuzenketa hau gehiengoz onartu zuten aldeko 27 bozkekin eta 17 batzarkideren aurkako botoekin. Bozketa aurretik ordea luze jo zuen benetan bizia izan zen legebiltzarkideen arteko eztabaidak.

Arrazionalizazioa edo murrizketak
Gipuzkoako garraio zerbitzu publikoei lotutako aurreproiektua landu dutenentzat, zerbitzuon berrantolaketa eta arrazionalizazioa da sustatu nahi dutena. Murrizketak aldiz, oposizioko taldeen esanetan. 

Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun eta Lurralde Antolaketako foru diputatu Marisol Garmendiak gai honekin alarma soziala piztea egotzi zien oposiziko alderdiei. “Kritikatzeko eskubidea duzue baina ezagututa eta egia esanez, ez manipulatuz edo errealitatea faltsutuz”. Gezurtatu egin nahi izan zuen autobus lineak ezabatu edota autobusetako langileak kaleratuko dituztenik. Are gehiago, goizeko lehen orduetan zerbitzuak indartu asmo dituztela zioten eta aldiz, erabiltzaile gutxiago izaten diren orduetan “arrazionalizatu” egingo dituztela zerbitzuak, haien ustez Buruntzaldeko zerbitzuak gaindimentsionatuak daudelako. Zerbitzuak efizienteak eta ekonomikoki, sozialki eta ingurumenaren ikuspuntutik jasangarriak izan behar dutela zioen. “Hobekuntzak deitzen zaie hauei”, defendatu zuen Garmendiak.  

Gipuzkoako autobus enpresetatik jasotako erabiltze datu errealetan oinarritu direla zioen, eta “orain Buruntzaldeko mugikortasun errealaren argazki zehatza dugu”, .

EHBilduk aurreko legegintzaldian gai honetan herritarrekin eginiko parte hartze prozesua kritikatu zuen baita. Prozesu hartatik, herritarren ekarpenetatik, foru diputatuak “esperimentaltzat” jo zituen hainbat autobus zerbitzu jarri ziren martxan. Garmendiaren esanetan, “ikusi dugu linea haiek zer eman duten. Oso garrantzitusa da errealitateaz hitz egitea, garraio publikoaz ari garenean. Errealitateaz eta ez pertzepzioaz”.  

Eskuartean dutena aurreproiektu bat dela nabarmendu zuen, aurrerantz joko dutela, “interes orokorra” bermatu behar dutela argudiatuta. Aurkeztu diren alegazioek, gerora 2018. urte erdia baino lehen abiatuko ez den proiektua hobetuko dutela eta lasaitasunerako deia egin zuen.

Ildo beretik mintzatu zen baita EAJ-ko ordezkari Mari Angeles Lazkano batzarkidea ere. Gipuzkoarrek aurkeztutako alegazioei buruz zioen, “ekarpen horiek denak aztertuko dira eta proiektuan txertatuko dira, proiektua hobetzeko balio duten ekarpenak”. Buruntzaldeko udalekin elkarlana sustatuko dutela ere iragarri zuen.

Batzar Nagusietako PP-k, PSE eta EAJ-ren ildotik, Foru Aldundiak aurkeztutako aurreproiektuan murrizketarik ez zuela sumatzen adierazi zuen, adierazi zuenez, alegazioak kontuan hartu, udalekin kontrastatu, zerbitzuen argazki erreal bat izan eta aurrekontu igoera bat aurreikusten baitu Aldundiak.

“Hemen salatutakoak murrizketak dira”
Haserre hitz egin zuen Patricia Gete Ahal Dugu-Podemoseko batzarkideak. “Ze modu baldarra manipulatzeko eta gure argudioak aldatzeko”, aurpegiratu zien Aldundiko agintariei. Argi berretsi zuen, “hemen salatu direnak murrizketak dira. Gure lana da salatzea eta gobernua kontrolatzea”.  

Garraio zerbitzu publikoetan Aldundiak proposaturiko murrizketen aurrean, kontraesankorra iruditzen zaio Geteri, aurreproiektuan 2016ko datuetan garraio publikoen joan etorriak hazi direla nabarmendu, eta  gero “lineak murrizteko erabakiak proposatzea”. Bere esanetan, “Aldundiak ez du ulertzen, garraio publikoen helburu nagusia ezin duela irabazi ekonomikoak edukitzea izan behar, behar sozialei erantzutea baizik. Zentzugabekeria da murrizketak aplikatzea, eskaera handitzen badoa”.

Proiektu honek mugikortasun jasangarria ez duela sustatzen eta auto partikularra gehiago erabiltzea bultzatzen duela gaineratu zuen, eta honenbestez, “ikasle eta langile asko uzten ditu, garraio zerbitzu publiko alternatibo eta errealik gabe”.

Errektifikatzeko, murrizketak eten eta udal, eragile zein herritarrekin garraio zerbitzu publikoak berrantolatzeko garaiz daudela adierazi zien Getek EAJri eta PSEri. Hala egiten badu, “zuen gobernuak irabaziko du” esan zien EAJri eta PSE-ri. 

“Denek diote ez daudela ados”
Aurreko legegintzaldiari buruzko PSE-ren adierazpenen aurrean, EHBilduren kudeaketa defendatu zuen Jon Albizu batzarkideak. “EHBilduk 5 kontzesio egin zituen eta ez zuen murrizketa bakar bat ere aplikatu”. Oraingo foru gobernuak bai ordea bere esanetan. “Badakigu aurreproiektua dela, baina murrizketak datoz”, zioen. Aldundiko agintariek aipaturiko arrazionalizazioa, murriztea dela argitu nahi izan zuen eta alarma sozialik ez duela piztu EHBilduk. Murrizketon aurka Buruntzaldeko eta Tolosaldeako hainbat udalek, tartean EAJ eta PSEren aldeko bozkekin onartu dituzten mozioak ekarri zituen gogora. “Denek diote ez daudela ados (murrizketekin)”, nabarmendu zuen.

Aurreproiektua izan arren, udalekin, sindikatuekin, herritarrekin hitz egin gabe planteatu dela salatu zuen eta gutxienik haiekin guztiekin hitz egin beharra zegoela aurrez. Erabiltzaile errealak aurkezturiko alegazioak baino dezente gutxiago direla PSE-tik eginiko adierazpenen aurrean, Albizuk zioen “hiritar guztiek dute alegazioak aurkezteko eskubidea. Edo baimena eskatu behar diogu Aldundiari alegazioak egiteko?”. EAJri eta PSEri gogorarazi zien, alegazio epea ez dela Aldundiaren kontzesio bat, obligazioa baizik. Eta aurrera begira eskari argia luzatu zien: “Proposamen berri bat landu, epea bada oraindik”.

Harpidetu

Albiste hau atsegin baduzu, harpidetu orain horrelako albiste gehiago jaso ahal izateko.

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

*

Usurbilgo baserriak
Usurbilgo ondarea
Igo
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.