Euskara eta euskal kultura sustatzea helburu duen elkartea

Espainiako Auzitegi Gorenaren epaiaren exekuzioa adosteko San Marko Mankomunitateko zuzendaritzarekin bildu nahi dute udalek

By on 2017-11-07 in Ekonomia, Ingurumena, Jendartea, Politika with 0 iruzkin

Espainiako Auzitegi Gorenak 2014ko San Marko Mankomunitatearen aurrekontuak baliogabetu egin ditu, eta honenbestez arrazoia eman die, aurrekontuon aurka duela 3 urte helegitea aurkeztu zuten udalei, tartean Usurbilgoari. Epaia baloratzeko agerraldia egin dute astearte goizean San Marko Mankomunitateak Donostian duen egoitzan, Usurbil, Oiartzun eta Hernaniko udaletako ordezkariek. “Epaitegiek arrazoia eman digute”, zioen Luis Intxauspe Hernaniko alkateak.

2014an une hartan atez ateko bilketa indarrean zuten udalerriek aurkezturiko helegiteari eman dio arrazoia Espainiako Auzitegi Gorenak, “Mankomunitatearen irizpideak nabarmen kaltetzen zituztelako eta oraindik ere kaltetzen dituztelako”. Hain zuzen, atez ateko bilketa abian zuten udalerriek, bilketa honen gastuez gain, edukiontzien sistema baliatzen zuten Mankomunitateko gainerako herrien (Donostia, Lasarte, Orereta…) gastuei ere aurre egin beharrean aurkitu izan dira, “gure tarifa nabarmen zamatuz eta kaltetuz”, zioen Eneritz Arbelaitzek, Oiartzungo udal ordezkariak. Zegokiena baino gehiago ordaindu behar izan dute udalerriok: Pasaiak 93.000 euro gehiago, Oiartzunek 60.000 euro gehiago, Lezok 35.000 euro gehiago, Astigarragak 30.000 euro gehiago eta Usurbilek 3.000 euro gehiago.

2014koez gain, 2015, 2016 eta 2017ko aurrekontuak ere errekurrituak dituzte udalok. 2014ko aurrekontuak baliogabetu ostean, “logikoena da horiek ere baliogabetzea, 2014koentzako irizpide berak erabiliz”.

“Injustua da”
Poza agertu dute udal ordezkariok, epaia, helegitea aurkeztu eta 3 urtera heldu den arren. “Orain ikusi beharko da epai hau nola ezartzen den, Mankomunitatean nola kitatzen dituen 6 udal hauekin dituen zorrak…”, zioen Arbelaitzek.

Epaiaren exekuzioaren nondik norakoak adostu eta “2018tik aurrerako aurrekontuak hondakinen kudeaketa jasangarriaren irizpideak aplikatuz egin ahal izateko” bilera eskatzekoak ziren San Marko Mankomunitateko zuzendaritzari agerraldia bukatu ostean.

Tasak, tarifak eta udalek egin beharreko diru ekarpenak zehazteko irizpideak berregokitu behar direla diote hiru udalotako ordezkariek. “Hemen ordekzatuak gauden udalon jarrera argia da. Herritarren praktika onak saritu behar dira eta txarrak zamatu. Irizpide horrek gidatu behar luke San Markoren aurrekontua. Hondakinen kudeaketa jasangarriaren printzipioek gidatu behar dute tasa tarifen ezarpena, ez baita posible %80ko gaikako bilketa egiten dugun herriok beste herriek bezainbeste edo gehiago ordaintzea. Injustua da erabat. Irizpide horiek gainera eskala guztietan ezarri beharko lirateke, kudeaketaren ziklo osoan eta esparru guztietan”, zioen Xabier Arregi Usurbilgo alkateak agerraldi berean.

Harpidetu

Albiste hau atsegin baduzu, harpidetu orain horrelako albiste gehiago jaso ahal izateko.

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

*

Usurbilgo baserriak
Usurbilgo ondarea
Igo
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.