Euskara eta euskal kultura sustatzea helburu duen elkartea

GuraSOS Gasteizko Legebiltzarreko talde politikoekin bildu da

By on 2017-11-06 in Ekonomia, Ingurumena, Jendartea, Politika

Uztailean erraustegiaren finantzaketaren iruzurra salatzen izan zen GuraSOS, Espainiako Senatuan. Urrats berri bat eman zuten azaroaren 2an; Gasteizko Legebiltzarrean izan ziren taldeko kide Joxe Mari Izeta eta Joseba Belaustegi. EAE mailako araudia hautsi dela eta legebiltzarkideek dituzten eskumenekiko utzikeria salatu zituen GuraSOSek, talde parlamentario guztietako, hau da, EAJ, EHBildu, Ahal Dugu-Podemos, PSE eta PP alderdietako ordezkariekin egin zuten bilkuran. Eta eskaera argi bat luzatu zieten talde politikoei; hondakinen kudeaketaren eremuan dagozkien eskumenak baliatzea galdegin zieten.

Planifikazio falta 
Hondakinen kudeaketarekin dugun arazoa gipuzkoarrona soilik ez dela, Eusko Jaurlaritza eta Gasteizko Legebiltzarrak ere gatazka honen erantzule badirela gogorarazi zieten. Erraustegia bezalako instalakuntzak ezartzearen eskumena autonomia erkidegoari dagokiola, EAE-ri kasu honetan, ez Gipuzkoako foru erakundeei. Beste modu batera esanda, guraso taldetik diote, Gipuzkoako foru erakundeek ezin dutela erkidego mailako plan batean justifikatu gabeko azpiegitura bat, kasu honetan erraustegia sustatu, ez dutelako horretarako eskumenik. 

Autonomia erkidegoari dagokio hiri hondakinen kudeaketarako plangintza lantzea. Baina egun, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa biltzen dituen erkidegoak ez du halako plangintzarik eta horixe agerian utzi nahi izan zuen aurreko ostegunean GuraSOSek Gasteizko Legebiltzarrean; EAE mailan hondakinen kudeaketan dagoen planifikazio eta koordinazio eza, eta Legebiltzarraren aldetik egon den kontrol falta. Eta argi zioten, EAE-k eremu honetan plan propiorik ez badu, ezin da erraustegia bezalako proiektu bat gauzatu. 

Beharrik ez
Are gehiago, erantzukizun falta egozten diote EAE-ko ordezkari politikoei. Eremu honetako ingurumen organuari baitagokio, ingurumen politikak koordinatzea. Aldiz, bestelako panorama dugu Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Euren artean koordinatu gabeko ingurumeneko foru planak ahalbidetu dituzte, eta tartean, Gipuzkoan erraustegi bat eraikitzea, aurrez beharrezkoa ote den edo ez aztertu gabe.

Hori ere azpimarratu beharra baitago, ez dago Zubietako erraustegiaren beharrik. Guraso taldeak EAE-ko erraustegi enpresen elkarteak dioena ekarri du gogora. EAEri 0,79 erraustegi izatea egokituko litzaiokeela Araba, Bizkaia eta Gipuzkoari. Jada bat bada, Zabalgarbikoa Bizkaian. GuraSOSetik nabarmentzen dutenez, gainera ez da ehuneko ehunean funtzionatzen ari. Zubietako erraustegiaren beharrik ez da honenbestez, guraso taldearen esanetan.

Erantzukizun eske
Beharrik ez dagoen erraustegiari ingurumen baimen bateratua eman diona Jaurlaritzako Ingurumen Saila izan da. 2010az geroztik iraungita dagoen baimena. Erraustegia kosta ahala kosta errealitatean bilakatzea ahalbidetuko duen jokabide guztiz arbitrariotzat jotzen dute. Beharrezkoa dela ziurtatu gabe, kutsadura eragiten duen azpiegitura bat baimentzea erabaki baitzuten. Erantzukizunekiko utzikeria salatu du GuraSOSek Gasteizko Legebiltzarrean. 

Ez dira hor amaitzen, GuraSOSetik plazaraturiko irregulartasunak. Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak, egun, Bizkaiko bi herri, Mallabia eta Ermua ere barne hartzen ditu. Hau legez kanpokoa dela dio guraso taldeak. Baliabide ekonomikoen alferrikako xahutzea eta zerbitzuen bikoizketa egon dela ere salatu dute.

Parte hartze prozesurik ez
Bestalde, herritarrei hondakinen kudeaketaren gai honetan parte hartzea ukatzen ari zaiela ere bai. Herritarren parte hartzean oinarrituriko prozesu bat abiatzea eskatu izan dutela, baina ezezkoa jaso eta herritarrei auzitegietara jotzea beste aukerarik ez zaiela geratu. Foru Aldundiak berak parte hartze prozesu bat abiatuko zuela ere iragarri zuen 2016ko ekainean, baina gerora ez du emandako hitza bete. Nahiz derrigortua egon. Ez baita ahaztu behar, Gipuzkoako Hiri Hondakinen Plangintza 6 urtero errebisatu beharra dagoela. Baina ez dute halakorik egin. 2008an errebisatu zuten azkenekoz, 2016an amaitzen zen indarraldia. 9 urte igaro dira ordutik. Eta hain zuzen, parte hartzea eragoztea, EAE mailako ingurumen legediaren printzipioen aurka doala dio GuraSOSek.  

Berehala erreakzionatzeko eskaera
Gai honi lotutako dokumentazioa helarazi zien azaroaren 2an GuraSOSek Legebiltzarreko talde politikoei. Hondakinen kudeaketan erkidego mailan dagoen planifikazio eta koordinazio eza salatu zuten. Herritarrek gai honetan ez dutela parte hartzerik izan eta ingurumen legediaren printzipioak ez direla betetzen. Eta eskaera argi bat ere helarazi zien GuraSOSek Legebiltzarreko ordezkari politikoei. Berehala erreakziona dezatela. Berehala geldiarazi dezatela kontratazio espedientea, hondakinen kudeaketarekin dugun auzia adostasunez konpontzearen aldeko apustua egin dezatela eta berbideratu dadila egoera hau, legaltasuna errespetatuz eta kohesio soziala aintzakotzat hartuta. 

Gai hau politikoki modu eskasean kudeatu dela adierazita, etorkizuna ere herritarren parte hartzea eragotziz kudeatzea ez dela ulertu ezta onartuko ere dio GuraSOSek. Gipuzkoarrek informatu, eztabaidatu eta hondakinen kudeaketaren politikaz erabakiko dutela ziurtatzen du GuraSOSek, tartean erraustegiaz. Horretarako, datozen hilabeteetan erakundeek nahi ez duten parte hartze prozesua abiatuko duela iragarri du GuraSOSek. Hortik aterako da guraso taldearen esanetan, Gipuzkoako Hiri Hondakinen Plangintzarako proposamen eguneratua.

Harpidetu

Albiste hau atsegin baduzu, harpidetu orain horrelako albiste gehiago jaso ahal izateko.

Iruzkinak itxita daude.

Usurbilgo baserriak
Usurbilgo ondarea
Igo
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.