Euskara eta euskal kultura sustatzea helburu duen elkartea

Floxbin eta Kezka taldeen kontzertuak gaur, Txokoaldeko Akerra Gaztetxean

By on 2017-10-31 in Aisia, Euskara, Jendartea, Kultura

floxbin
Kontzertu gaua astearte honetan, urriaren 31n Txokoaldeko Akerra Gaztetxean. Herriko bi taldeen musikaz gozatzeko aukera aparta gaueko 22:00etan hasita. Kezka eta Floxbin taldekoak izango ditugu Txokoalden. Gogoan izan, iaz “Ak!” diskoa aurkeztu zuela Floxbinek gune berean, Akerran. Hitzordu hari begira elkarrizketatu genituen NOAUA!n Iñaki Udabe eta Joxeba Agirresarobe Floxbin kideak:

15 urterekin hasi ziren entseatzen. Floxbin izena ipini zioten taldeari. Baina gero beste proiektu batzuetan murgildu ziren. Urte askoren bueltan, berriro elkartu dira Joxeba Agirresarobe eta Iñaki Udabe, eta gaztetako proiektu hura berpiztu dute. Isilean mimo handiz prestatu duten lana plazaratu berri dute: “Ak!” izeneko diskoa. 


NOAUA! Lehen diskoa plazaratu duzue. Baina elkartzen, lehenago hasiko zineten. Noiztik dago Floxbin taldea martxan?

Iñaki Udabe: Elkarrekin urte pilo bat egin ditugu. 15-16 urterekin hasi ginen biak zerbait egiten, eta Floxbin izena ipini genion, pentsa. Eta duela urte t ́erdi edo, “beno, zeoze egin behar diagu” elkarri esan eta lan hau prestatzen hasi ginen.
Joxeba Agirresarobe: Entseatzen hasi beharrean, diskoa prestatzen hasi ginen.
I. U.: Egin eta egin, azkenean 10 abesti osatu ditugu eta aurrera! Ilusio handiarekin aritu gara.

N.Aurretik beste talde batzuetan ibilitakoak zarete.
I.U.:
Aiotz taldean hasi ginen. Haritz Harreguy, Pana eta Iker Lopezekin. 13-14 urterekin edo.
J.A.: Hiruzpalau kontzertu egin genituen eta gero bakoitzak bere bidea jarraitu zuen. Aurrena Ikara egin genuen, gero Larrua Truk… Folkoren hasi nintzen laguntzaile gero, eta beste bi urte egin nituen haiekin.
I.U.: Aiotz eta gero Sugoi taldea egin nuen. Sugoin ibili eta gero Larrua Truk-en sartu nintzen Josuren partez, eta hor berriro elkartu ginen Joxeba eta biok. D3 taldea ere osatu nuen beste bi usurbildarrekin. Gero beste talde bat egin genuen, Zain. Hor ere elkartu ginen biak. Lau bost kontzertu egin genituen eta akabo. Orain Floxbinekin berriz.

N.Zuen ibilbidearen emaitza al da Ak! diskoa?
I. U.:
Ez nuke halakorik esango. Baina hainbeste urteren ondoren, estilo pila bat entzun dugu eta hori dena batu dugu diskoan.
J. A.: Lana egiteko modua ere asko aldatu da.
I. U.: Konposatzeko ere, asko aldatu dira gauzak.
J. A.: Guk grabatu dugu dena. Lasai-lasai. Ia urtebete pasa dugu diskoa prestatzen.

N.Presio gabe aritu zarete orduan.
I. U.:
Lasai egiteko gauza zen. Hori oso argi genuen. Eta oso gustura egin dugu. Nahi bezala osatu dugu diskoa.
J. A.: Fetxarik gabe, eta eperik gabe. Orain Iñigo Roteta hartu dugu baxujole gisa zuzenekoetarako.

N.Beraz, diskoa bion artean egin duzue.
I. U.:
Joxeba eta ni elkarlanean hasi ginenean, argi genuen abesti guztiak eta grabazio osoa bion kontura joango zela.
J. A.: Eta halaxe egin dugu. Baina orain zuzenean hirukote gisa funtzionatuko dugu.

“Nahita edo nahi gabe, gure letretan askotan agertzen da gizakia”
NOAUA! Futboleroa, Animalia suizida, Milioika amets… Gizarte honetan nagusi diren kontraesanetan jarri duzue begipuntua, ezta?
Iñaki Udabe:
“Futboleroa” kantuaren letra Iñaki Agirresaroberena da. Ironia puntua duela esango nuke. Gainontzean, “gizakia” asko agertzen da gure letretan. Nahita edo nahi gabe, askotan aipatzen dugu gizakia. Kritikarik bada, aholkutxo batzuk ere… Natura ere oso kontuan hartu dugu. “Animalia suizida” kantuan diogun moduan, bere amalurra zaintzen ez duen animalia bakarra da gizakia. “Milioika amets” kantuan, gosetea kritikatzen dugu. Kasu honetan, umeen ikuspegitik. Betiko kontua da, hainbat diru beste gauzetan, eta bien bitartean milioika ume gosez.

Txoria txori poemaren moldaketa kariño askorekin egin dugu”
NOAUA! Eta bada gutxienik bertsio bat ere, ‘Txoria txori’ kantuarena. Lokalean, lanketa berezia eskatu al dizue horrelako moldaketa bat egiteak?
Iñaki Udabe: Artzeren olerkia mundiala da eta kariño askorekin egin dugu.
Joxeba Agirresarobe: Baina ez gara bertsioa egitera joan.
I. U.: Diskoko kantu ezberdinena da. Lehenik melodia egin genuen, eta ahotsaren metrika definitu genuen gero. Momentu batean konturatu ginen olerkia oso ondo egokitzen zela abestian.
J. A.: Azken kantuarekin berdin egin dugu. ‘Azkeneko anarkista’ BAPen kantu baten letra da. Letra hori hartu dugu eta beste abesti bat moldatu dugu.

N.Diskoa plazaratu eta berehala duzue lehen zuzenekoa. Martxoaren 19an etxean arituko zarete, Akerra gaztetxean. Aurretik ere arituko zineten bertan. Zer nolako oroitzapenak ekartzen dizkizue Txokoaldeko gaztetxeak?
J. A.: Garai batean Larrua Truk taldekoak han entseatzen genuen.
I. U.: Sugoirekin ere entseatu genuen guk bolada batean. Baina jo, gutxitan jo dut nik han.
J. A.: Larrua Truk eta Folkorerekin askotan. Oso egokia da kontzertuetarako. Bizilagunik ez dago inguruan…
I. U.: Soinu aldetik toki ona da, eta ez da jende asko behar ikusleen berotasuna sentitzeko… Oso argi genuen lehen kontzertua han egingo genuela.
J.A.: Oiartzungo talde batekin arituko gara, Aximila taldearekin.

N. Akerrako emanaldiaz aparte, baduzue beste emanaldirik?
J. A.:
Data gehiago ez dugu loturik, baina kontzertu gehiago emateko asmoa dugu.
I. U.: Jotzeko gogo handia dugu orain.

Harpidetu

Albiste hau atsegin baduzu, harpidetu orain horrelako albiste gehiago jaso ahal izateko.

Iruzkinak itxita daude.

Usurbilgo baserriak
Usurbilgo ondarea
Igo
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.