Euskara eta euskal kultura sustatzea helburu duen elkartea

Anna Ferrandiz Rabat: “Artisau bezala aitortua sentitzea oso pozgarria da”

By on 2017-10-31 in Aisia, Ekonomia, Jendartea, Kultura

Aitzaga Elkarteak azaroaren 1erako (11:00etan hasita frontoian) antolatu duen 22. Artisautza Azokak 30 bat postu bilduko ditu. 30 artisau. Anna Ferrandiz Rabat katalanarena esaterako. Usurbilen bizi da duela bi urtetik. “Koalita polita” (koalitapolita.com) marka sortu du, eskuz sortzen dituen jantziak ezagutzera emateko. Lerrootan elkarrizketatu dugu. Ezin genion eutsi eta Kataluniaz ere galdetu diogu noski.

Koalita Polita marka nondik dator?
Anna Ferrandiz Rabat:
Koala nire izateko moduagatik eta polita, orain bizi naizen lekuagatik. Etxean koala deitzen naute loti samarra eta oso maitekorra naizelako. Polita, marka hemen sortu nuelako. Bizi nintzen lekuko hizkuntzako hitz bat eman nahi nion markari.

Non abiatzen da abentura?
Etxean, amonak jostunak nituen. Haietako bat, goi-mailako joskintzan aritzen zen. Denborarekin ikastaro batzuk egiten hasi nintzen Bartzelonan. Jendea bere neurrirako arropa egitea eskatzen hasi zitzaidan eta horretan hasi nintzen. Hona etorri eta marka sortu nuen. Hemengo lagunek lagundu zidaten logoa sortzen, Zarauzko Jostederren hasi nintzen. Aurten hasi naiz artisau bezala, azoka ezberdinetan parte hartzen. 2018ko udako bilduma lantzen nabil orain. Arropa diseinatu artean, azoketan, sortzen ditudan moda osagarriak erakusten ditut.

Lehen urtea zaila izaten omen da sarritan. Zurea nolakoa izaten ari da?
Ni oso pozik nago. Udako lau hilabeteotan, hilero azoka bat edo bitan izan naiz. Artisau bezala aitortua sentitzea oso pozgarria da.

Nolakoa da besteontzat ezezaguna den sortze prozesua?
Lana oso ederra da, sormenaren ikuspuntutik itzela, ordaindu ezin dena; pentsatu, diseinatu, planoetan islatu, gero landu, zure burua ezagutzera eman, saldu. Prozesua nahiko luzea da, denbora asko inbertitzea eskatzen du.

Alde ezkutu hau ezagutuko bagenu, artisaua askoz hobeto ulertuko genuke?
Askoz ekonomikoagoa dela pentsatzen dute askok. Egungo gizartean dena surrealista da. Oso azkar josten da, koste oso baxuan, herrialde guztiz esplotatuetan. Munduak errealitate honi buelta eman behar dio antolaketa eredu baterantz, denek aukera berdinak izan ditzaten. Benetan jantzi bat ondo egin nahi baduzu, nortasunarekin, denbora eta prezioa behar da. Zuk egiten duzu dena.

Artisauek errealitate larri horri alternatiba erreal bat eskaintzen diozue?
Oihal bat aurkitzerakoan ahalik eta produktu onena izaten ahalegintzen zara, zentzuzko prezio batekin. Artisau produktuak jasangarriak dira, material jasangarriz eginak izan edo zure eskuekin sortuak direlako. Gainera argi dakizu, zeinek, nola eta zer maitasunez egin diren. Errepikaezinak dira. Eta horregatik bakarrik du duen prezioa.

Kontsumo ohiturak aldatzen goaz?
Sektore batzuetan bai. Nire inguruan, oso kontzienteak gara kontsumitzeko moduez. Aldatzen goaz. Ekarpenak egiten goaz egungo munduari, baina egiteko asko dago.

Online denda duzu. Artisauentzat saltzeko bide errazagoa?
Artisauek edo egungo diseinatzaileek zaila dute, espazio fisiko bat izatea. Duenak zorte handia du. Baina egiten duzuna modu erraz eta ekonomikoena ezagutzera emateko modua online edo azokak dira. Betidanik oso lagunkoia izan naiz. Azoketara joatea gustuko dut, eguna igaro, jendez inguratu, bezeroekin hitz egin…

Halako abentura bat abiatzerakoan, gomendagarria izango da inguruan orientatuko zaituen jendea izatea.
Nire kasuan, josteko jakinduria irakatsi didana, laguntza, Zarauzko Jostederreko irakaslea izan da. Baita klase kideak. Eta egun, diseinu irakaslea. Ez nuen marrazteko ideiarik baina denek esaten didate, barruan neramala. 30 urte pasatxora arte ez dut garatu ordea. Gero bikote lagun eta lagun on askoak ditut, beti babesten eta aurrera segitzeko animatzen aritzen zaizkit.

Nolatan izan duzu azaroaren 1eko Artisautza Azokaren berri?
Duela bi urte etorri nintzen Usurbila bizitzera. Iaz ogia erostera irten nintzen kalera azaroaren 1ean eta azoka ikusi nuen. Aurten, azoka ezberdinekin harremanetan jarri nintzenean eman nuen izena. Neure buruari esaten nion, zergatik ez parte hartu azoka honetan, hemen bizita eta artisau hasi berria izanda. Ezinhobeto, bizi naizen herrian jendeak egiten dudana ezagutu nazan. Oso pozik nago izena eman eta baiezko erantzuna jaso dudalako.

Zer erakutsiko diguzu azaroaren 1ean?
Batez ere moda osagarriak; motxila sako, bandolerak, ileko zintak, negurako buffak, lehen bildumako pare bat gona… Erakusketa modukoa izango da. Gipuzkoa aldean nabilenean, nirekin azoketara joan ohi den lagun baten alaba gaztetxoa izango dut laguntzen.

Azoketan ikusi edo erosi, zer egiten dugu gehiago?
Denetarik dago, baina benetan azoka mundua gustuko baduzu, beti zerbait erosten amaitzen duzu.

KATALUNIAZ: “EZ DA BIDE ERRAZA IZANGO. BAINA PROZESUAK AURRERA JARRAITUKO DU” 
Urriaren 1eko erreferendum eguna nola bizi izan zenuen?
Opor egunak nituen, eta han izan nintzen. Esplugas de Llobregateko hautesleku batean arazorik gabe bozkatu nuen. Oso hunkigarria izan zen, jende ilara luzea hauteslekuetan… Lagun asko eta aita ere, hauteslekuetan sostengu lana egiten aritu ziren. Haiei esker posible izan zen, herriak eskatzen zuena egitea. Argi dago zer eskatzen dugun; guk geure dirua, kultura, hizkuntza eta lurraldea kudeatu ahal izatea. Guk geure burua gobernatu ahal izatea. Ez dago Espainiarekiko gorrotorik. Nahiago nuke, zuek, Galizak, Extremadurak… ere gauza bera egin ahal izatea. Ez da oso konplexua, aldatu nahi izateko borondatean dago gakoa. Baina Franco ez da hil. Dena ondo asko lotua utzi zuen.

Estatu independente baten aldeko eskaera argia dago Katalunian. Baina bistan denez asko independizatu zarete jada.
Kataluniako gehiengoarentzat independentzia egina dago. Governeko presidenteak independentzia aldebakartasunez aldarrikatzeko asmoa bat batean geratzea ez dut askorik ulertzen. Agian askoz okerragoa izango zelako egingo zuen. Baina egin beharra zegoela uste dut, eta hala egin beharko duela, pentsatu gabe. Besteak ez direlako hitz egitera eseriko. Ia gero zer gertatzen den.

Kataluniak ze bide jorra dezake epe motzean?
Kataluniako herriak orain arteko izateko eta jokatzeko modu bera izango duela uste dut.

Zuen artean izan ditzakezuen desadostasunen gainetik argi duzue bidea?
Hori hala da, oso argi dago hori, baita nola egin behar dugun eta prozesuak ez duela atzera bueltarik. Baina errepresioa oso gogorra izango da. Ez dut pentsatu nahi Kataluniako kultura, hizkuntza galdu dezakegunik, ezta ekonomikoki, edo lurraldetasuna bera ere. Oso zaila ikusten dut, ez naiz baikorra, Franco ez baita hil.

Ezinezkoa ezta?
Ezinezkoa ezta. Pausoka eta gauzak egiten ari garen moduan, gauza asko lor ditzakegu. Eta hori erreala da. Pixkanaka egiten segiko dugu, baina makilkada asko jaso beharko ditugu. Ez da bide erraza izango, baina prozesuak aurrera jarraituko du. Epe motzean edo bestela urte batzuen buruan, egun haurrak direnak Katalunia herri independente gisa ikustea espero dut.

Usurbildik nola bizi duzu ehunka kilometrotara gertatzen ari dena?
Inpotentzia eta amorru handiz. Han egotea gustatuko litzaidake babesa ematen eta laguntzen. Ez da herri katalana soilik, munduan egoera berean herri asko dago. Ez zaie entzuten, gu baino askoz okerrago bizitzen ari direnak ere badira. Jendartearen pentsamoldeak buelta bat eman behar du.

Katalunia lehen pausoa izan liteke beste herriontzat?
Nik baietz uste dut. Hala egin behar direla gauzak. Bartzelonara beldurrez noa, segurtasun faltarekin, trenez. Ez dakit Santsen zer aurkitu dezakedan, Guardia Zibila… Asko irakurtzen dut, egiak kontatzen dira, baina gezur asko baita. Aiton amonen garaira itzuli behar dugu? Ez dut nahi.

Nola ikusten ari zara Euskal Herria Kataluniako prozesuaren aurrean?
Elkartasuna heltzen ari da. Usurbilen bizitzea ederra da. Etxera heldu eta kazerolada entzutea, edo erosketak egitera irten, herria esteladaz betea ikusi, hemengo jendeak babesten gaituela sentitzea oso asegarria eta hunkigarria da. Antzeko bi herri gara. Nire gurasoen kasua ordea bitxia da. Ni hemen bizitzen egonda, haiek uste dute Euskal Herria ez dagoela guztiz posizionatua eta haiek Euskal Herriaz gehiago espero zuten. Niri ordea ez zait gutxi iruditzen bizi izan duzuen guztiagatik hemen egiten ari zaretena. Atentzioa ematen dit neure gurasoek hori esatea, ez baitut uste Kataluniak bere garaian Euskal Herria, orain Euskal Herriak Katalunia egiten ari den neurri berean babesten zuenik. Beti eman dit atentzioa Euskal Herriak. Zuen adierazteko eta antolatzeko moduak. Oso herri antolatua zarete.

Katalunia babesten segitzea beharrezkoa izango da ezta?
Batez ere Euskal Herria, edota Madrilen ere esaterako egiten ari diren moduan. Saiatu behar dugu inon ez dadila errepresiorik izan. Denok bat egin behar dugu modu batetsu eta alaian, beldurrik gabe. Hori beharrezkoa litzateke, erregimena eraisteko.

Guk zer ikasi dezakegu zuen prozesuaz?

Beharrezkoa da hitz egitea, jendea interesatzea eta jendeak elkar laguntzea. Elkarrengandik ikasi beharko genuke. Zuek ere egin dezakezue.

Harpidetu

Albiste hau atsegin baduzu, harpidetu orain horrelako albiste gehiago jaso ahal izateko.

Iruzkinak itxita daude.

Usurbilgo baserriak
Usurbilgo ondarea
Igo
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.