Euskara eta euskal kultura sustatzea helburu duen elkartea

Kulturaldirako sarrerak salgai, NOAUA! kideontzat merkeago

By on 2017-10-30 in Aisia, Euskara, Jendartea, Kultura

Abiatzear dugun NOAUA!ren Kulturaldiko hainbat ekitaldietarako sarrerak eskuratu beharko dira. Salgai dituzue jada Bordatxon, Artzabalen, Lizardin eta NOAUA! Kultur Elkartearen egoitzan. Bazkideok merkeago izango dituzue txartelok, NOAUA!n bertan erosten badituzue. Une ezin aproposagoa beraz, NOAUA! kide ez bazara, bazkidetza bideratzeko. NOAUA!ra etorri eta segituan tramitatuko dizuegu.

Alejandro Tapia protagonista
Izen propio mordoarekin dator ate joka dugun NOAUA!ren Kulturaldia. Baina aurtengoan haietako bat nabarmendu nahi genuke; iazko abenduan zendu zen Alejandro Tapia margolari aginagarra. Bera omentzeko baliatuko dugu ostiral honetan bertan, azaroaren 3an hasiko dugun Kulturaldia. Bere aldeko omenaldi ekitaldi batek abiatuko du aurtengo eskaintza oparoa, eta Sutegin bere lan erakusketa bat izango da ikusgai azaroaren 3tik 12ra. Tapiaren senide eta inguruaren, Usurbilgo Udalaren eta NOAUA! K.E.-ren elkarlanez aurrera atera dira aginagarraren omenezko ekimenok.

Eta elkarlanaren emaitza dira baita, Kulturaldian zehar izango ditugun beste hainbat ekitaldi ere. Alkartasuna Kooperatibarekin batera, “Landareak lantzen” liburu berria aurkeztuko digute Jakoba Errekondok eta Antton Olariagak. Orbeldikoek, euskal dantza tradizionaletan oinarrituriko saio ederra eskainiko digute. Bota Punttuba eta Kantu Taldearekin batera bertso-kantu-jira berezia antolatu dugu. Jon Maia eta Alaia Martin bertsolariak Usurbila datoz azaroaren 5ean, kantu zaletuekin batera eguerdi parteko poteo ordua girotzera. 

Bi estreinaldi
Estreinaldiei tartea ere egingo diegu Kulturaldi honetan. Batetik, iragarri genizuen moduan, urriaren 20an Euskal Herriko eta nazioarteko hainbat zinemetan estreinatu zen “Handia” filma aurtengo Kulturaldira dakarkigu. Eta estreinaldiez ari garela, Joseba Tapia eta Besamotzak taldekoen egitasmo berriaz zuzenean gozatzeko aukera izango dugu.

Musikaren atalari dagokionez, Hesian taldeko kide eta egun, ETB-ko Irutxulo saioko aurkezle Zuriñe Hidalgorekin solasean aritu eta bere ibilbide profesional zein pertsonala ezagutu ahalko da.  Eta Lasarte-Oriako bi lagun, Ane Labaka bertsolaria eta Beatriz Egizabal antzerkilari eta ipuin kontalaria, “Erradikalak gara” bertso eta bakarrizketa saioarekin etorriko dira Sutegira. 

Sarrera behar duten ekitaldietarako txartelak egunotan jarriko ditugu salgai. Honatx 2017ko NOAUA!ren Kulturaldiko egitarau oparoa:

2017KO NOAUA!REN KULTURALDIA

Azaroak 3, ostirala: Alejandro Tapiari omenaldia
Ordua: 19:00.
Tokia: Sutegiko auditorioa.
Zehaztasunak: “2016ko abenduaren 24an zendu zen Alejandro Tapia Aginagako margolaria. 1930. urteko azaroan jaio zen eta 86 urteetan asko dira egindako margolan, eskultura eta grabatuak. Akuarelekin hasi bazen ere zahar berritze lanak egiten, laster egin zuen olio-pinturak eta pastelak egiterako jauzia. Natura izan da besteak beste bere inspiraziorako gai nagusia eta berak esana da “Abstrakzioa egiten dudanean ere beti sartu behar izaten dut natura pixka bat. Naturak beti dauka zerbait hartzeko. Nahi duzun guztia ematen dizu”. 1958. urtean joan zen Parisera eta ondoren Madrilen, Italian Londresen, Belgikan edota Holandan ere ibili zen ikasketak osatzen. Bere lanek estilo figuratibo eta abstrakzioaren eragina dutela esan genezake. 60. hamarkadan UR taldea sortu zuen Karlos Bizkarrondo, Jose Grazenea eta Javier Arozenarekin batera.

Alejandro oso artista herrikoia izan dela esan dezakegu. Ezaguna dugu berak egindako murala, Sutegin eta Aginagako Eliza Zaharrean eskainitako erakusketak eta Aginagako festetako jai egitarauak, zein bertan ikusgai dagoen eskultura ere. Ekitaldi honetan aukera izango dugu berak eskainitako guztia gogoratu eta eskerrak emateko”.

Oharra: ekitaldiaren ostean, azaroaren 12ra arte Sutegiko aretoan ikusgai izango den Alejandro Tapiaren lanen erakusketaren irekiera.
Antolatzaileak: Usurbilgo Udala, Alejandro Tapiaren familia eta ingurua eta Noaua! Kultur Elkartea.


Azaroak 3-12: Alejandro Tapiaren lan erakusketa
Zehaztasunak: “Alejandro Tapiaren lanak ikusi ahal izango ditugu. Berak bereziki maite zituen lanak eta inoiz erakutsi gabeko lanak izango ditugu erakusgai”.
Tokia: Sutegiko erakustaretoa.
Ordutegia:
Azaroaren 3an: 18:00-20:00.
-Azaroaren 4, 5, 11, eta 12an: 12:00-14:00 / 18:00-20:00.
-Azaroaren 8, 9 eta 10ean: 18:00-20:00.
Antolatzaileak: Usurbilgo Udala, Alejandro Tapiaren familia eta ingurua eta Noaua! Kultur Elkartea.


Azaroak 4, larunbata: “Landareak lantzen” liburu aurkezpena
Ordua: 11:00.
Tokia: Potxoenea.
Sarrera: doan.
Zehaztasunak: “Jakoba Errekondo eta Antton Olariagak egindako Landareak Lantzen. Baratzea, Fruitugintza, Lore baratzea, Basoa, liburuaren aurkezpena izango dugu. Baratzean, fruitu arboletan, lorategietan, basoan noiz zein lan egin? Erein, landatu, inausi, tratatu, uztak jaso, txertatu… Zein urte garaitan egin behar da lan bakoitza?. Izan ere, zenbat lan! Hemen duzu urte osoan egin beharreko lanen egutegia, sasoi bakoitzari, hilabete bakoitzari eta ilargialdiari lotuta. Era berean eta gure lanak ikasteko bide izan ditzagun, lan bakoitza noiz eta nola egiten dugun jasotzeko aukera ematen du gida honek. Zenbat aldiz gertatu zaigu: hazia nondik ekarri genuen ahaztu edo noiz erein genuen edo zein ongarri eman genion ez gogoratzea… Ikasteko bide onena egindako lan guzti-guztiak ahal den eta zorroten jasotzea da. Jaso eta ikasi”.
Antolatzaileak: Noaua! Kultur Elkartea, Alkartasuna Kooperatiba eta Usurbilgo Udala.


Azaroak 5, igandea: kantu-bertso-jira
Ordua: 12:00.
Tokia: Mikel Laboa plazatik.
Zehaztasunak: “Bertsolari Txapelketa Nagusi betean gauden honetan, lehiatik haratago, lagun arteko bertso giro goxoaz gozatzeko aukera izango dugu azaroaren 5ean, Jon Maia eta Alaia Martinen eskutik. Igandea izanik, eguerdi parteko poteo ordua girotuko digute bertsoz, usurbildar kantu zaleekin Kaxkoan barrena egingo duten kalejiran. Bota Punttuba, Kantu Taldea eta NOAUA!-k elkarlanean antolaturiko hitzordura gonbidatuak zaudete denok, bertsoak entzun eta abestera!”.
Antolatzaileak: Kantu Taldea, Bota Punttuba eta Noaua! Kultur Elkartea.


Azaroak 5, igandea: “Handia” filma
Ordua: 19:30.
Tokia: Sutegiko auditorioa.
Sinopsia: “Lehen Karlistaldian borrokatu ostean, Martin Gipuzkoako bere etxera itzuliko da, eta han, harrituta, bere anaia Joakin ohi baino askoz ere handiagoa dela aurkituko du. Mundu osoak Lurreko gizon handiena ikusteko ordaindu nahi izango duelakoan, bi anaiek bidaia luze bati ekingo diote, Europan zehar. Bidean, anbizioak, diruak eta ospeak betirako aldatuko dute familiaren patua. Benetako gertakarietan oinarritutako istorio bat”.
Sarrerak: 6 € (aldez aurretik Bordatxon, Artzabalen, Lizardin eta Noaua!ko egoitzan). Noaua!ko bazkideek 4€tan erosi ahal izango dute Noaua!ko egoitzan aldez aurretik.
Antolatzailea: NOAUA! K.E.


Azaroak 9, osteguna: Zuriñe Hidalgorekin solasaldia
Ordua: 19:30.
Tokia: Sutegiko auditorioa.
Zehaztasunak: “Tertulia honetan Zuriñe Hidalgo hobeto ezagutzeko aukera izango dugu: musikaria, aktorea eta baita pertsona ere. Emakume musikari izateak suposatzen duena izango dugu besteak beste, hizpide. Eta noski, euskarak bere bizitzan eta lanean duen garrantzia ere azpimarratuko digu”.
Sarrera: doan.
Antolatzailea: NOAUA! K.E.


Azaroak 10, ostirala: Orbeldi Dantzan
Ordua: 19:30.
Tokia: Sutegiko auditorioa.
Zehaztasunak: “Udazkenarekin batera dator Orbeldi dantza taldearen taularatzea. Euskal dantza tradizionalean oinarritutako ikuskizuna izango da, taldeak sortutako koreografia ezberdinekin atonduta. Jantzi berriak erakusteko parada ere izango da, jostunek egindako lan bikaina argitara ateraz. Dantza maite duen oro gonbidatuta dago emanaldiaz gozatzera, ez galdu aukera!”.
Sarrerak: 3€ (Aldez aurretik Bordatxon, Artzabalen, Lizardin eta Noaua!ko egoitzan). Noaua!ko bazkideek 1€tan erosi ahal izango dute Noaua!ko egoitzan aldez aurretik.
Antolatzaileak: Orbeldi D.T. eta NOAUA! K.E.


Azaroak 11, larunbata: “Erradikalak gara”
Ordua: 20:00.
Tokia: Sutegiko auditorioa.
Zehaztasunak: “Erradikalak zarete” esaten digute. Eta “nahi eta behar baino gutxiago” pentsatzen dugu. Bi emakume elkartu gara eta maletak kontraesanez beteta dakartzagu, bertso eta bakarrizketa formatuan. Erraietatik ariko gara, umorez, erroetara iritsi nahian”.
Parte hartzaileak: Ane Labaka bertsolaria eta Beatriz Egizabal antzerkilari eta ipuin kontalaria.
Sarrerak: 7€ (Aldez aurretik Bordatxon, Artzabalen, Lizardin eta Noaua!ko egoitzan). Noaua!ko bazkideek 5€tan erosi ahal izango dute Noaua!ko egoitzan aldez aurretik.
Antolatzailea: NOAUA! K.E.


Urriak 12, igandea: Joseba Tapia eta Besamotzak kontzertuan
Ordua: 19:00.
Tokia: Sutegiko auditorioa.
Zehaztasunak: Joseba Tapia eta Besamotzak, Joseba Tapiaren zuzenekoetarako egitasmo berria da, zuzenekoetan baizik entzun ezingo dena. Bere kantutegiko 14 kanta berritu eskainiko dizkio ikus-entzuleari honako musikariak lagun:
– Joseba Tapia, gitarra eta ahotsa.
– Dani Narbarte, trikitixa eta gitarra (Laiotz).
– Iñigo Telletxea, baxua (Petti, Anje Duhalde, Xabier Montoia).
– Iker Iriarte, bateria ( Betagarri).
Sarrerak: 10€ (Aldez aurretik Bordatxon, Artzabalen, Lizardin eta Noaua!ko egoitzan). Noaua!ko bazkideek 8€tan erosi ahal izango dute Noaua!ko egoitzan aldez aurretik.
Antolatzailea: NOAUA! K.E.

Harpidetu

Albiste hau atsegin baduzu, harpidetu orain horrelako albiste gehiago jaso ahal izateko.

Iruzkinak itxita daude.

Usurbilgo baserriak
Usurbilgo ondarea
Igo
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.