Euskara eta euskal kultura sustatzea helburu duen elkartea

Mundualdia igandean Usurbilen

By on 2017-10-20 in Aisia, Euskara, Jaiak, Jendartea, Kultura

Sorterri guztietako herritarrak bildu, eta guztion arteko ezagutza eta hartuemanak sendotzea helburu duen Usurbil Herri Anitza jaialdiaren lekukoa hartuko du aurten, Udala herritar talde batekin iganderako, urriaren 22rako antolatu duen Mundualdia Usurbilen jaialdiak.

Izena egokitu dute aurtengoan, jaialdiaren izaera egokiago biltzen duelakoan. “Mundua, jaialdia. Denontzako, denok, herri osoak elkarrekin ospatzeko. Guztiok jaialdi horretan murgiltzeko”, Josune Estella zinegotziak aipatu digunez.

Jatorri ezberdinei buruz ari garenean, urrunetik gure artera etorritako herritarrez oroitzeko joera izan dezakegun arren, “jatorri orok” du lekua Mundualdian. Aurtengo ediziora begira esaterako, “Europatik nahiz estatutik etorritako herritarrekin jarri gara hartuemanetan. Haien jatorria, ohiturak erakustea da helburua”, Estellaren esanetan. Jaialdiak horri guztiari leku bat, plaza bat, biltzeko gune bat eskaintzen dio, eta udal ordezkariak gaineratzen duenez, “horren aitzakiarekin herritarrak elkarrekin harremanetan jartzea” da bultzatu nahi dena.

Zubi lanetarako, gastronomia
Usurbil Herri Anitza jaialdiko ekitaldiak mantenduko ditu Mundualdiak ere. Baina aurten hitzordu gehiago txertatu eta ziklo modukoa osatu dute hilaren 16tik azaroaren 2ra. Tartean, aurreko edizioetan arrakastatsua suertatu ohi den munduko jakien dastaketa. Herritarrak haien sorterriko elikagaiak prestatu eta zerbitzatuko dituzte Mundualdian. Udalaren esanetan ekimen arrakastatsua da, herritarren arteko harremanei begira dakartzan onurengatik. “Jende asko animatzen da probatzera eta entzuten diezu jakiak zer onak dauden eta hitz egiten aritu direla esaten. Hori onuragarria da. Hurrengo egunean kalean gurutzatzen direnean gutxienik ezagunak izango dira jada”, nabarmendu digu Josunek.

Nahiz batzuetan gero kalean elkar ikustea zaila den. Jatorri ezberdinak dituzten herritarrei buruz ari garenean, errealitate oso ezberdinei buruz ari baikara. Hartara, zinegotziak gogorarazi digunez, “batzuk beren umeak eskoletan dituzte eta errazagoa da haiengana hurbiltzea”. Baina beste hainbat herritar lanean dabiltza aste osoan zehar eta gutxitan ikusiko ditugu ziurrenik herrian.

Errealitate ezezagunak bistaratu nahian
Eta hortxe dago Usurbilgo Udalak duen erronka nagusietakoa. Nola heldu herritarrongana. “Kanpotik zatoz, sorterrian utzi duzunaren zama dakarkizu. Hona etorri, ez duzu ezer ezagutzen eta bat batean sartuko zara hemengo kulturan? Askok esaten digute beraiek lan egin nahi dutela. Dirua irabazi nahi dute beren sorterrira bidaltzeko eta kito”, berri eman digu Josunek.

Kolektibo honen baitan bada Udala bereziki kezkatzen duen herritar sektore bat; etxeko langileena. Interna moduan daude bat baino gehiago. “Batzuk igande arratsaldetik larunbat arratsaldera arte aritzen dira lanean. Oso zaila egiten zaigu haien errealitatea ezagutzea. Iristeko erarik ez dugu”, adierazi digu udal ordezkariak.

Emakumeak dira ia kasu guztietan edo denetan. Garai batean estatu espainiarreko hainbat herrietatik etorritakoak. Egun ordea, Hego Ameriketatik, Afrikatik edo Asiatik datoz. “Harremanetan gaude, galdetzen ari gara ia zer egin. Zerbait egin nahi dugu. Aitzakia bat jarri, beraien beharretan oinarritutako zerbait abiatu. Agian ondo daude baina ez dakigu eta beti hor dago kezka”, adierazi digu Josunek.

Herritarrak ezagutzeko aukera aparta
Jatorri guztietako herritarrak erakarri nahi dituzte bai Mundualdira, baita dinamika honi urtean zehar jarraikortasuna ematera ere. Saiakerak egiten ari dira, nahiz gaurkoz herri bilgune iraunkorrik ez duten osatzerik izan. Ahalegin horretan segi asmo dute halere. Urtero parte hartu ohi duten herritar talde bat bai baita Mundualdian. “Balorazio positiboa egiten dute. Gustura egoten dira. Indar eta ilusio handia jartzen dute guztia prestatzen”. Horregatik guztiok animatzen gaituzte urriaren 22an plazara. “Animatu eta etorri ez bakarrik jakiak dastatzera, egun hori gainerako herritarrekin partekatzera. Usurbilen bizita, jendearengana nola iritsi? Mundualdia horretarako aukera ederra duzue”.
Mundualdia Usurbilen
Urriak 16-25
“Emakumeak Afganistan” Sutegiko erakusketa gelan. Egileak: Gervasio Sanchez eta Mónic Bernabé. Euskal Fondoa.
Ordutegia: Ordutegia: astelehenetik ostiralera, 17:30-19:30. Larunbatean: 11:30-13:00.

Urriak 20, ostirala
18:00
Garabidek aurkeztutako “Arnasa Txikitxuak” dokumental proiekzioa eta solasaldia dokumentalean aztertzen diren nasa eta kitxua hizkuntza komunitatetako ordezkariekin Potxoenean.
18:00 “Munduko ipuinak” Potxoeneko sotoko gelan, 5 urtetik gorakoentzat, Maite Franko ipuin kontalariarekin.

Urriak 22, igandea: Mundualdia Jaia
Goizez frontoian:

11:30 Alkatearen agurra. Aurkezpena herriko dantzariekin.
12:00 Cultural group taldearen eskutik munduko dantzak.
Ondoren, Asociacion Internacional Union 5 Estrellas taldearen dantzak.
13:00 Jatorri ezberdinetako herritarrek prestatutako jakien dastaketa.

Azaroak 2, osteguna
18:00
Hitzaldia Potxoenean: “Islamofobia gure gizartean”. Hizlaria: Tarana Karim, SOS Arrazakeria.

Antolatzaileak: Usurbilgo Udala eta hainbat herritar.

Harpidetu

Albiste hau atsegin baduzu, harpidetu orain horrelako albiste gehiago jaso ahal izateko.

Iruzkinak itxita daude.

Usurbilgo baserriak
Usurbilgo ondarea
Igo
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.