Euskara eta euskal kultura sustatzea helburu duen elkartea

Urriaren 22ko Mundualdia girotzeko, “Arnasa Txikitxuak” dokumentala eta “Munduko Ipuinak” ostiralean

By on 2017-10-18 in Aisia, Euskara, Jaiak, Jendartea, Kultura

Antolatzaileek iragarri moduan, herri osoa batu nahi duen Mundualdia jaialdia igandean (urriak 22) ospatuko den arren, egitarauari erreparatuz gero, ziklo modukoa osatu dutela ikus daiteke. Gogoan izan, astelehenaz geroztik zabalik dela Sutegiko aretoan, “Emakumeak. Afganistan.”, emakume afganistarrek pairatzen dituzten diskriminazioak iruditan biltzen dituen erakusketa.

Honekin batera, jatorri nahiz adin tarte guztietako herritarrei zuzendutako egitaraua osatu nahi izan du Usurbilgo Udalak eta herritar talde batek. Horren erakusgarri, ostiralerako iragarri dituzten bi hitzorduak. Biak ordu berean, arratsaldeko 18:00etan Potxoenean. Maite Francok “Munduko Ipuinak” kontatuko dizkie haurrei Potxoeneko sotoko gelan. Eraikin berean, baina goiko solairuan, “Arnasa Txikitxuak” Garabideren dokumentala proiektatuko da. 

Andeetako Nasa eta Kitxua hizkuntza-komunitateak ezagutzeko aukera
Garabide, esperientzien elkartrukean oinarritzen den lankidetza, kooperazio era berria sutatzen duen elkartea da. “Hizkuntza gutxituak dituzten Hegoaldeko herri indigenekin euskararen berreskurapen esperientzia hori partekatzea da gure helburua, beti ere hizkuntzaren eta kulturaren biziberritzeak jasangarritasunarekin, giza eskubideen defentsarekin eta ekitatearekin duen nahitaezko ikuspegitik. Partekatzetik, euren ekimenak ezagutu eta modu eragilean euskalgintzaren esperientzia nazioartean zabaldu nahi dugu”.

Bestelako egitasmoen artean, 2015ean “Beltzean Mintzo” filma ekoitzi zuten, Garabideren hizkuntza lankidetza ezagutzera emateko. Jatorrizko hizkuntzen biziberritzea hizpide nagusi duen dokumental berri bat landu dute, joan den maiatzean estreinatu zutena: “arNASA txiKITXUAK; Andeetako bi hizkuntzari eutsi guran”. Andeetako Nasa eta Kitxua hizkuntza-komunitateak hurbilagotik ezagutzeko aukera emango diguna urriaren 20an. 

“Sara Mijangos, Igone Cerio eta Nagore Olmos dira filmaren egileak eta HUHEZI fakultateko #KimuBerri Gradu Bukaerako Lanaren baitan eraman dute aurrera proiektua. Hiru zuzendari gazteak Kolonbian eta Ekuadorren izan ziren martxoan Garabidek bertako nasa eta kitxua komunitateekin lantzen dituen hizkuntza berreskurapen proiektuak ezagutzen eta dokumentalerako irudiak eta testigantzak biltzen.

Filmak Ekuador eta Kolonbiako parajeetara garamatza helburu argi batekin: 40 minututan biltzea bi hizkuntza hauen biziberritze lanetan ari diren eragileen testigantzak. Ikuslea berehala jabetuko da prozesu horietan konpartitzen ditugun argi-ilunez”. 

Segidan, solasaldia iragarri dute antolatzaileek, dokumentalean aztertzen diren nasa eta kitxua hizkuntza komunitatetako ordezkariekin.

Mundualdia Usurbilen
Urriak 16-25
“Emakumeak Afganistan” Sutegiko erakusketa gelan. Egileak: Gervasio Sanchez eta Mónic Bernabé. Euskal Fondoa.
Ordutegia: Ordutegia: astelehenetik ostiralera, 17:30-19:30. Larunbatean: 11:30-13:00.

Urriak 20, ostirala
18:00
Garabidek aurkeztutako “Arnasa Txikitxuak” dokumental proiekzioa eta solasaldia dokumentalean aztertzen diren nasa eta kitxua hizkuntza komunitatetako ordezkariekin Potxoenean.
18:00 “Munduko ipuinak” Potxoeneko sotoko gelan, 5 urtetik gorakoentzat, Maite Franko ipuin kontalariarekin.

Urriak 22, igandea: Mundualdia Jaia
Goizez frontoian:

11:30 Alkatearen agurra. Aurkezpena herriko dantzariekin.
12:00 Cultural group taldearen eskutik munduko dantzak.
Ondoren, Asociacion Internacional Union 5 Estrellas taldearen dantzak.
13:00 Jatorri ezberdinetako herritarrek prestatutako jakien dastaketa.

Azaroak 2, osteguna
18:00
Hitzaldia Potxoenean: “Islamofobia gure gizartean”. Hizlaria: Tarana Karim, SOS Arrazakeria.

Antolatzaileak: Usurbilgo Udala eta hainbat herritar.

Harpidetu

Albiste hau atsegin baduzu, harpidetu orain horrelako albiste gehiago jaso ahal izateko.

Iruzkinak itxita daude.

Usurbilgo baserriak
Usurbilgo ondarea
Igo
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.