Euskara eta euskal kultura sustatzea helburu duen elkartea

“Jordi eta Jordi. Behin ere ez zaizue gure babesa faltako”

By on 2017-10-18 in Jendartea, Politika


Usurbilen ere “Junts” aldarripean mobilizatu ziren atzo arratsaldeak herritarrak Mikel Laboa plazan Gure Esku Dago Usurbilek deituta. Katalunian izan diren azken atxiloketak salatu zituzten. Espainiako estatua urrutiegi iritsi dela salatu zuten, oso larritzat jo zuten Kataluniako independentziaren aldeko mobilizazio eta adierazpideak delitu bilakatu nahi izatea. Atxilotuak aske uztea eskatu eta elkartasuna adierazi zieten, estelada artean eta haien aurpegiak irudikatuak zituzten kartelekin: “Jordi eta Jordi. Behin ere ez zaizue gure babesa faltako. Ez gara nekatuko esateaz zuekin gaudela. Estem amb vosaltres. Jaso ezazue besarkada bero bat. Força y coratge! Laster arte!”. 

Usurbilen antzera Euskal Herri luze zabalean antzeko mobilizazioak egin ziren “Junts” aldarripean arratsaldeko 19:00etan, erabakitze eskubidearen aldeko Gure Esku Dago mugimenduak deituta. Urgentziaz deitu zituzten hitzorduok. Gogoan izan, Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile Carmen Lamelak, Jordi Cuixart Omnium Culturaleko presidentea eta Jordi Sanchez ANC Biltzar Nazionaleko Katalaneko presidentea espetxeratzea agindu zuen astelehen gauean.

Fidantzarik gabe espetxean
Gogoan izango duzue, irailaren 20an, urriaren 1eko erreferendumari begira Guardia Zibilak eginiko polizia operazio baten baitan 14 lagun atxilotu zituela Katalunian, tartean, Generalitateko hainbat goi kargudun. Milaka herritar irten ziren kalera atxiloketa haiengatik protesta egitera. Bartzelonako 13. Instrukzioko epaileak kontseilaritza hori miatzea agindu zuen egun hartan, eta Guardia Zibila hara heldu zenean milaka lagun bildu ziren eraikinaren kanpoaldean.

Kataluniako Ekonomia Kontseilaritzaren aurrean eginiko protesta hauen erantzule egin ditu Espainiako Auzitegi Nazionalak, Jordi Cruixart Omnium Culturaleko presidentea eta Jordi Sanchez ANC Biltzar Nazionaleko Katalaneko presidentea. Guardia Zibilaren kontrako “setioa” sustatzea egotzita, fidantzarik gabeko behin-behineko espetxealdia ezarri zien bart Carmen Lamela epaileak. Soto del Relaeko espetxera eraman zituzten astelehen gauean, epailearen aurrean deklaratu ostean. Egun berean baita, Josep Lluis Trapero Mossos d’Esquadren buruak eta Teresa Laplana intendenteak deklaratu zuten. Hauek aske geratu ziren, kautalezko neurrienpean. 

Guztiek bigarrenez deklaratu zuen urriaren 16an. Urriaren 6an ere Espainiako Auzitegi Nazionalean izan ziren deklaratzen. Sedizio delitua leporatu zieten.

GURE ESKU DAGOREN OHARRA JORDI SANCHEZ ETA JORDI CUIXARTEN ESPETXERATZEEN AURREAN
Jordi Sanchez eta Jordi Cuixart ANC eta Omniumeko presidenteak espetxeratu egin zituzten atzo, Carmen Lamela epailearen aginduz. Herritarren borondateari era baketsu eta demokratikoan bide emateko lan egiteagatik kartzelara eraman dituzte, baldintzarik gabe.

Ideia politikoen eta adierazpen askatasunaren aurka egiten ari da zuzenean Espainiako estatua, botere judizialaren bidez eta etengabeko beldurraren kanpaina eginez. Urrutiegi iritsi da. Herritarren oinarrizko eskubideei bizkarra eman eta gizatasunaren muga gainditzeraino. Eta orain Kataluniako independentziaren aldeko mobilizazioak eta adierazpideak delitu bilakatu nahian dabil. Oso larria da hori. Demokrazia batean aukera guztiek beren tokia izan behar dute eta proiektu politiko guztiek modu baketsuan eta demokratikoan defendatu eta gauzatzeko modua izan behar dute, salbuespenik gabe.

XXI. mendeko kultura politiko berriari atea zabaldu diote katalanek eta erakutsi dute herritarren gehiengoaren borondatea beste mugarik ez duela etorkizun justuago batek. Era baketsu eta zibikoan egin dute, irribarre batekin ahoan. Bi Jordiek lan infinitua aitortzeko, babesa emateko, eta bidegabekeria salatzeko, kalera aterako gara gaur. Ezin gara albora begira geratu.

Jordi eta Jordi. Behin ere ez zaizue gure babesa faltako. Ez gara nekatuko esateaz zuekin gaudela. Estem amb vosaltres. Jaso ezazue besarkada bero bat. Força y coratge! Laster arte!

 

OLYMPUS DIGITAL CAMERA

OLYMPUS DIGITAL CAMERA

OLYMPUS DIGITAL CAMERA

OLYMPUS DIGITAL CAMERA

Harpidetu

Albiste hau atsegin baduzu, harpidetu orain horrelako albiste gehiago jaso ahal izateko.

Iruzkinak itxita daude.

Usurbilgo baserriak
Usurbilgo ondarea
Igo
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.