Euskara eta euskal kultura sustatzea helburu duen elkartea

Carme Forcadellek eskerrak helarazi eta laguntza eskatu dio Usurbilgo Udalari

By on 2017-10-18 in Jendartea, Politika


Kataluniaren eta demokraziaren aldeko mozioa onartu zuen Usurbilgo Udaleko udalbatzak joan den irailaren 26an egin zuten osoko bilkuran. Albiste honetan beherago irakur dezakezuen mozio hartan erabakitakoaren berri, besteak beste, Kataluniako Parlament-eko presidente Carme Forcadelli helaraziko zitzaiola hitz ematen zen. Hala egin zuen Udalak, eta orain, Parlament-eko presidentearen erantzuna bueltan jaso du Udalak. Ezin egokiago gainera; katalanez eta euskaraz!

Kataluniako Parlamenteko presidente Carme Forcadell i Lluísek biziki eskertu dio Usurbilgo Udaleko alkate Xabier Arregiri zuzenduta idatzitako gutunean, azken osoko bilkuran udalbatzak Kataluniarekin eta demokraziarekin bat egiten zuen mozioa onartu izanagatik. “Benetan eskertu nahi dizuet zuen hiriak Katalunian gaur egun bizi den egoera politikoaren aurrean erakutsi duen, eta urriaren 1eko Erreferendumaren zilegitasunaren alde onetsi duzuen mozioan irudikatu den, elkartasun eta laguntza keinua”, adierazi dio Forcadellek Kataluniako Parlamentaren izenean Usurbilgo herriari zuzenduta idatzitako gutunean.

Gutun berean gaineratzen duenez, “oso modu berezian baloratzen dugu gure herrialdearen gaur egungo egoerak eragiten duen arreta, zuek bidali diguzuena bezalako ekimenen bitartez adierazten dena”.

Eskerrak emateaz gain, laguntza eskatu dio Usurbilgo Udalari. Pairatzen ari diren bidegabekerien aurrean, “epe laburrean Katalunian gertatzen diren gertakariak arretaz jarraitzeko eskaria egiten ausartuko naiz. Zuen laguntza ezinbestekoa da bakea, demokrazia, askatasun zibilak eta oinarrizko eskubideak bermatzeko, ez Katalunian bakarrik, konpartitzen dugun gizarte osoan baizik”.

Kataluniako herriak, bere etorkizun politikoa erabakitzeko bozkatu baino ez duela eskatzen nabarmentzen du. Aldiz, Espainiako Gobernuak eskari hori ez duela entzun nahi eta errepresio judizialaren bideari ekin diola.

Eztabaida Kataluniaren harira, azken osoko bilkuran
EHBilduk Kataluniako erreferendumaren inguruan aurkezturiko mozioa onartu zuen irailaren 26an gehiengo osoz udalbatzak. Babesa eta errespetua adierazten zion urriaren 1eko deialdiari, espainiar estatutik eginiko erasoa salatu eta halako prozesu politikoen alde egiteko konpromisoa agertzearekin batera. Mozioa EHBildu eta EAJko udal ordezkarien aldeko bozkekin onartu zen gehiengo osoz. PSE-ko udal ordezkariak aurka bozkatu zuen.

Bozketa aurretik luze zabal jardun zuten udal ordezkariek, Kataluniak bizi duen egoeraz, erreferendumaz eta erabakitze eskubideaz. Esteka honetan duzue pleno hartan bildutako informazioa:
http://www.noaua.eus/2017/09/29/kataluniaz-eztabaida-bizia-azken-udal-osoko-bilkuran/


Harpidetu

Albiste hau atsegin baduzu, harpidetu orain horrelako albiste gehiago jaso ahal izateko.

Iruzkinak itxita daude.

Usurbilgo baserriak
Usurbilgo ondarea
Igo
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.