Euskara eta euskal kultura sustatzea helburu duen elkartea

Ttipika, igandean Lesakako Nafarroa Oinezen

By on 2017-10-13 in Aisia, Euskara, Hezkuntza, Jaiak, Jendartea, Kultura with 0 iruzkin


Kilometroak ospatuta, Nafarroako ikastolen txanda orain. Nafarroa Oinez, aurtengoan Lesakan igande hoentan, urriaren 15ean, “Bikin bat in” aldarripean. Tantirumairu ikastolarentzako eraikin berri bat egitera bideratuko dute jasotako laguntza, “izan ere, oraingo egoitza ttikia eta zaharkitua gelditu zaigu”. Helburu ekonomikoez haratago, euskararen presentzia eta garrantzia, euskaraz bizitzeko euskara bizia, Nafarroan ikastolak beharrezkoak dituztela, auzolanaren balioa, indar eta ilusioa ere aldarrikatu nahi dituzte, jaialdi honen bidez.

3,5 kilometro eta lau gune izango ditu Nafarroa Oinezeko zirkuituak. Udalerriaren goikaldea zeharkatuko du jaialdiak. Gune bakoitzean, jan edana, ikuskizunak, haur jolasak, Erronka, kontzertuak… denetarik izango da. Baita noski, musika entzuteaz gain, dantza egiteko aukera ere. 

Egun osorako hamaika ekitaldi iragarri dituzte antolatzaileek. Adi dantza zaleok. Usurbilgo Ttipika Dantza Gidatuak taldeko kideak ere Nafarroa Oinezen izango ditugu urriaren 15ean. Ibilbideko lehen gunean, arratsaldeko 17:00etan hasita, dantzara gonbidatuko gaitu Aitor Agirre, Maitane Arteaga, Josu Furundarena eta Manex Torrealdai laukoteak. 

Musika eta dantza, dantza eta musika, biak plazaratzen dituzte Ttipika Dantza Gidatuen taldekoek. Bata bestearen ezinbesteko osagarri bihurtarazi dute. Udaberrian abiatu zuen egitasmo honek poztasun handia ekarri dio jada, bai Usurbilgo zein beste hainbat txokoetako herritarrak dantza batean jarri dituen laukoteari. Igandean Lesakako Nafarroa Oinezen aurkituko dituzue. Aurretik NOAUA!rekin bildu dira.

Dantza Egunean ikusi zintuztegun lehen aldiz. Estreinakoa izan zen emanaldi hura?
Manex Torrealdai: Lehenago izan genuen beste proba bat. Tapia eta Leturia Patxi Perezekin aritu ziren proiektua interesgarria iruditzen zitzaigun. Aitor Agirre dantzariarekin hitz egiten aritu ginen eta hala hasi ginen. Data bat jarri nahi genuen, hartara bai edo bai hasiko ginelako. Dantza Egunerako jarri genuen hitzordua.
Aitor Agirre: Usurbilgo Dantza Taldean ere proiektu hori sortzeko asmotan ginen. Aurrera joan zen proiektu hau. Dantza Eguneko emanaldiaren aurretik proba moduko saio bat eskaini genuen Tolosan jende gutxirekin.

Nola sentitu zineten Dantza Eguneko estreinaldian? Ezohikoa zen irudia, erromeria giroan arratsaldez plazan.
A.A.:
Harrera ona izan zuen. Jendeak nola hartuko zuen ikusi nahi genuen. Aurrez taldea ez genuen jendaurrean aurkeztu. Beste leku batzuetatik deika hasi ziren gero. Formatuarekin asmatzen ari garela ikusi dugu.

Musikan oinarritzen duzue dantza, edo dantzan musika? Nola uztartzen dituzue bi elementuok?
A.A.:
Trikitixa dugu oinarri eta horren inguruan jendeak dantza eginaraztea. Gure helburua dantza errazak erakutsi, jendeak ondo pasa eta dantzatzeko aukera izatea da. Gure kantak sortzen ari gara dantza egiteko, baina baita musika munduaz gozatzeko ere.
M.T.: Abesti modernoagoak hartzen ditugu edo gure kantak, eta gero agian dantza asmatu egiten dugu, gehienbat pauso tradizionaletan oinarrituta. Batzuk berezko dantzak dira, beste batzuk asmatutakoak. Helburua, edonork egiteko moduko dantza errazak izatea da.

Zergatik Ttipika?
M.T.:
Ttipika ttipikak, pixkanaka pixkanaka adierazi nahiko luke. Dantzak ere pixkanaka ikasten direla. Gainera, asko gustatzen zitzaigun ahoskatzerakoan nola geratzen zen. Taldearen filosofia islatzen zuen.

Usurbilgo emanaldiaz geroztik nondik nora ibili zarete?
A.A.:
Oiartzunen, Hondarribian, Barakaldoko Errekatxo auzoan… Oso harrera ona egin ziguten. Abuztua amaieran La Seu d´Urgellen (Katalunian) izan ginen, oso gustura.

Ze giro sumatu zenuten egun historikoak bizi dituzten Katalunia aldean?
Maitane Arteaga:
Sekulako harrera ona egin ziguten. Han dantza gehiago egiten zuten. Gu bezala nahiko folklorikoak dira. Jende asko hurbildu zen gugana. Guk ere izugarri gozatu genuen haiekin, haien musika entzun eta ikasten. Guganako harrera handia dute. Trago batzuk hartzera irten ginen eta ikaragarria zen. Gu jotzen ari ginenean, denak gu inguratuta begira eta txaloka. Beste era batera gozatzen dute.
M.T.: Akordeoi diatonikoa jotzen zuen gazte batekin izan ginen. Konparazioan kanta katalan bat nekien nik eta berak kanta euskaldun asko. Beraiek bazekiten fandango, arin-arinak dantzatzen eta dena. Eta hemen sardanak ez ditugu dantzatzen. Lehen abestitik hasi ziren dantzan, bukatu arte. Beste bat eskatu zuten. Bukatu genuenean gugana argazkiak atera eta autografoak eskatzera etorri ziren, ia diskorik bagenuen galdezka. Han hartu dugun aprezioa kontuan izanda, gure kontzertu hoberena izan da dudarik gabe.

“Hasieran agian kosta jendea dantzan hastea. Baina gero jendea erraz animatzen da”
Hemen oraindik badirudi kosta egiten zaigula hasieran dantzara animatzea. Erraz animatu da jendea zuen emanaldietan?
Josu Furundarena:
Lotsa puntu bat badago. Halakoak ere tokatu zaizkigu, plazan hasieran agian kosta jendea dantzan hastea. Baina gero jendea erraz animatzen da.
A.A.: Lehenengo beldur eszeniko hori beti egoten da, ia zein egongo zait begira plazara ateratzen banaiz, gaizki egingo ote dudan… Azkenean guk nahi duguna da dantza errazak erakutsi, lotsa hori galtzeko.
M.A.: Lehenengo lauak irteten direnean gero segituan irteten dira besteak.

Dantza gidatuez ari gara. Zein da zure papera Aitor?
A.A.:
Nire funtzioa, dantza egin nahi duen orori zer egin behar duen azaltzea da, oinarrizko orientazioa eskaintzea, erraza, abiapuntu bat denak bateratsu aritzeko eta hortik aurrera bakoitzak dakiena egitea. Ez da derrigorrez perfekzioz dantzatu behar.

Lan erraza al da dantza eta musika koordinatzea?
M.T.:
Tolosan proba moduko emanaldi bat eskaini genuen, jendea dantzan hastean kantak nola geratzen ziren ikusteko. Hasieran arazotxo batzuk izan genituen. Gerora kantak moldatzen joan gara. Eta azkenean lortu dugu modu bat bai musikariok eta dantzaria elkar ulertzeko.
J.F.:
Hor Aitor eta Manexen artean egon da konexioa. Aitor gidatzen ari denean, Manexek soinuarekin segitzen du. Gu beraiei begira.

Begiradekin funtzionatuko duzue hein handi batean?
A.A.:
Bai, keinuekin.
J.F.: Oihu batzuk ere egiten ditugu batzuetan. Dantzaren batean konplikatu ere egin zaigu egoera. Geratu eta zain egon behar, ildoa berriz hartzeko.
A.A.: Dantza bat hasi eta bukatzen da, baina jendearen arabera luzatu daitekeenean gure arteko konexioak funtzionatu beharra du.

Maketa Lehiaketa batera zenbait abesti aurkeztu zenituen. Bi abesti hautatu zituzten disko baterako. Zertan da lan hau?
M.T.:
Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak, 25 urtez azpiko trikitilarientzako maketa lehiaketa antolatu zuen. Jende berriari zuzendua zegoen. 27 abesti aurkeztu ziren eta horietatik guk 4 aurkeztu genituen, eta 4 horietatik bi hautatu dituzte lehen hamarretan. Hamar horiekin disko bat aterako da eta ziurrenik, Durangoko Azokan, Trikititxa Elkarteko postuan egongo da erosi nahi duenarentzat.
J.F.: Lehenengo bertsioa entzun dugu eta itxura polita du.

Zer berezitasun dituzte bi abestiok?
M.T.:
Bat euskararen ingurukoa da, zailtasunen inguruko kanta; “Ezinaren ekinaz”. Ezina ekinez egina, hortik datorren nahasketa bat. Zailtasunen aurreko ekiteari buruzkoa.

Erromeria giroa gainbehera zihoala zirudien. Berpizte bat ematen ari da orain?
A.A.:
Gurea formatu desberdina da. Gauekoa baino arratsaldeko formatua da gurea. Beste publiko bati zuzendua, nahiz denetik egoten den.
J.F.: Gure dantza gidatu giroa ez dago hainbeste. Gaueko erromeria asko dago. Baina zailagoa da, betiko abestiekin arratsaldez plazan dantza giroa ikustea. Errespetu bat ematen dio jendeari plazara atera eta dantzan jartzeak.
M.T. Gure publiko handiena ez da gaztea, dantza egitea gehiago kostatzen zaie. Umeak edo helduak izaten ditugu emanaldietan. Katalunian kontrakoa ikusi genuen, denetarik zegoen, denak dantzarako gogotsu.

Ttipika, Nafarroa Oinezen
Adi dantza zaleok. Usurbilgo Ttipika Dantza Gidatuak taldeko kideak Lesakan “Bikin bat in” aldarripean ospatuko den Nafarroa Oinez jaialdian aurkituko dituzue igande honetan, urriaren 15ean. Ibilbideko lehen gunean, arratsaldeko 17:00etan hasita. “Erronka handia eta polita izango da guretzat, hainbeste jenderen aurrean emanaldia eskainiko dugun lehen aldia izango baita”, adierazi diote NOAUA!ri. Nafarroaoinez.eus atarian duzue jaialdiko egitarau eta gainerako xehetasunen berri.

Ttipikakoak berriz Facebook-en aurki ditzakezue; “Ttipika Dantza Gidatuak” izeneko orrialdean. Bide honetatik kontakta dezakezue taldearekin. Emanaldi gehiago eskaintzeko gogotsu dira.

Ttipika kideak
Aitor Agirre: dantza emanaldiko gidaria.
Maitane Arteaga: abeslaria eta pandero jolea.
Manex Torrealdai: trikitixa eta kaxa flamenkoa.
Josu Furundarena: kitarra.

Harpidetu

Albiste hau atsegin baduzu, harpidetu orain horrelako albiste gehiago jaso ahal izateko.

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

*

Usurbilgo baserriak
Usurbilgo ondarea
Igo
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.