Euskara eta euskal kultura sustatzea helburu duen elkartea

Gure Esku Dago Usurbil: “Gure erabakitzeko eskubidea ere jokoan dago”

By on 2017-09-13 in Jendartea, Politika

Adi adi jarraitzen ari dira euskal herritar asko bezala, Katalunian egunotan bizi dutenari. Baina begira egoteaz gain, elkartasuna adierazi eta gure bide propioa jorratzeko urratsak ematen jarraitzeko gonbita luzatzen dute Gure Esku Dago Usurbiletik. Euskaldunon erabakitze eskubidea ere jokoan dagoela gogorarazten digute. Horregatik, urriaren 1eko erreferenduma babesteko larunbatean Bilbon egingo den manifestaziora joatera deitzen digute, aste honetako NOAUA! aldizkarirako eskaini dioten elkarrizketan. Esteka honetan duzue irakurgai: 710. NOAUA!, 2017ko irailak 15

Autobus zerbitzua Bilbora
“Irailaren 16an, denok Bilbora!” deitu dute Usurbilgo Gure Esku Dago taldetik. Urriaren 1ean Katalunian deitua dagoen erreferenduma babesteko manifestazioa deitu du Gure Esku Dago mugimenduak, irailaren 16an Bilbon. Arratsaldeko 17:30etan abiatuko da mobilizazioa “Demokrazia. Bozkatu erabakitzeko” aldarripean, Kasillatik. Autonomia kalea, Hurtado Amezaga eta Plaza zirkularra zeharkatu ostean, Udaletxean amaituko da.

Herritarra, jendetsua, anitza eta bateratzailea izan nahi duen hitzordu honetara joateko autobus zerbitzua antolatu du Usurbilgo Gure Esku Dagok. Irailaren 14ra arte eman daiteke izena guneotan; Artzabalen, Aitzagan, Patrin, Santuenea eta Aginagako Zahar egoitzetan eta Zubietako Alamandegin. 

“Erabakitzeko eskubidearen alde eta Kataluniako herritarren defentsan. Ez zaudete bakarrik. No esteu sols. Estem amb vosaltres. Eman izena autobusean, irailaren 14a baino lehen”, animatzen dute erabakitze eskubidearen aldeko bilgunetik.

Usurbildarren argazkia
Bilborantz abiatuko den autobuses igo aurretik usurbildarren argazkia aterako da 15:25ean Oiardo Kiroldegi parean.

Gure Esku Dago Usurbilen adierazpena

KATALUNIA ETA ERABAKITZEKO ESKUBIDEA BABESTEKO UNEA
Kataluniak abagune historikoa bizi du. Gehiengo zabalez, etorkizuneko estatus politikoa erreferendum baten bidez erabaki nahi du datorren urriaren 1ean. Demokraziarekin eta erabakitzeko eskubidearekin konpromisoa duen edonor ezin da ezer esan gabe gelditu Kataluniako egoeraren aurrean. Demokrazia eta erabakitzeko eskubidea daude jokoan. Biak babesteko unea da.

Beraz, Kataluniako herriarekiko elkartasun nahia euskal herritarren artean nagusi delakoan, manifestazio jendetsu bat antolatu Gure Esku Dagok, irailaren 16an Bilbon. Mobilizazioa herritarra, anitza eta bateratzailea izango da, eta erabakitzeko eskubidearen alde dauden sektore guztiak barnebiltzeko borondatea du. 

Gure ustetan katalanen ahaleginak merezi du une honetan euskal herritarron babesa, bultzada eta beroa; orain, inoiz baino gehiago. Erreferendumak posible izan behar du. Gure babesak balio behar du zigor bidea eta neurri errepresiboak alde batera geldi daitezen. Auzi politikoetan ez dute tokirik.

Irailaren 16an Bilbon begirunea eta errespetua adieraziko diogu Kataluniako herritarren gehiengoaren borondateari; hau da, herritarrek etorkizuna erreferendum baten bidez erabakitzeari. Erabakitzeko bozkatzea demokrazia baita. Demokrazia besterik ez. 

Usurbilgo Gure Esku Dagotik ere Irailaren 16an Bilbora joateko dei luzatze dizuegu herritar guztioi, Kataluniako herritarrei gure elkartasun osoa adierazteko. Ez zaudete bakarrik. No esteu sols. Estem amb vosaltres. 

Informazio gehiago: gureeskudago.eus

Irudia: Gure Esku Dago Usurbil.

 

Harpidetu

Albiste hau atsegin baduzu, harpidetu orain horrelako albiste gehiago jaso ahal izateko.

Iruzkinak itxita daude.

Usurbilgo baserriak
Usurbilgo ondarea
Igo
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.