Euskara eta euskal kultura sustatzea helburu duen elkartea

“M-7an langileok ere bozkatzera”

By on 2017-05-03 in Iritzia

Herritzartu eta Zubiartean elkarteek egin dituzten bideoetan ikusi dugun bezalaxe, herritar askok babestu dute maiatzaren 7ko herri galdeketa. Maider Izagirre Txoperenak idatzi hau igorri du NOAUA!ra. Langileen izenean mintzo den gutunean, “erabakitzeko eskubidea geroz eta beharrezkoagoa dugu, egoera laboral eta soziala irauli ahal izateko”. Gutuna hemen duzue osorik:


Gure etorkizuna erabakitzeari bai!

M-7an langileok ere bozkatzera!

Azken urteetan, tamalez, Euskal Herrian lanaren eta bizitza beraren prekarizazioa nagusitzen joan da. Erreforma basati eta murrizketen bidetik, lan harremanak erasotzeaz gain, soldata geroz eta murritzagoak ezarri dizkigute, emakumeon zaintza lanak aitortu gabe jarraitzen du, lan munduan bigarren mailako lanak egitera behartuta gaude, pentsioak arriskuan jarri dizkigute, bizitza duin bat izateko eskubidea uneoro urratzen digute… Beste askoren artean aipa genitzakeen adibide garbiak dira hauek.

Egoera honen aurrean, erabakitzeko eskubidea geroz eta beharrezkoagoa dugu, egoera laboral eta soziala irauli ahal izateko. Oinarri berriak dituen jendarte eredu askea eraikitzen hasi behar dugu gaurdanik. Langileok aukera paregabea dugu geure hitza eta erabakia aditzera emateko Usurbilen zein beste 49 herrietan, maiatzaren 7an antolatu diren galdeketetan.

Eta zertarako erabaki? Gure etorkizunaren jabe izateko, jendarte eredu berria eraikitzeko, herri askea posible egiteko, egoera ekonomiko eta soziala iraultzeko, geure erabakien protagonista bilakatzeko, zapalkuntza oro gainditzeko…

Zapalkuntza hirukoitza bizi dugula esan genezake: patriarkala, soziala eta nazionala. Gaur egun, gure errealitate eta beharren araberako erabaki politiko, ekonomiko eta sozialak beste batzuen esku daude, eta honek herri bezala ahuldu egiten gaitu. Beraz, maiatzaren 7an erabaki dezagun, izan gaitezen gure etorkizunaren jabe, herri askea eta burujabea gure esku dagoelako!

Maider Izagirre Txoperena

 

(Argazkia: Ibai Arrieta).

Harpidetu

Albiste hau atsegin baduzu, harpidetu orain horrelako albiste gehiago jaso ahal izateko.

Iruzkinak itxita daude.

Usurbilgo baserriak
Usurbilgo ondarea
Igo
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.