Euskara eta euskal kultura sustatzea helburu duen elkartea

Jasotako elkartasunagatik esker ona helarazi du Mari Karmen Anzak

By on 2017-02-16 in Jendartea, Politika

Usurbilen Nahi Ditugu bilgunetik berri eman dutenez, pixkanaka bada ere hoberantz doa, Olatz Lasagabaster presoaren ama Mari Karmen Anzaren osasun egoera. “Mari Karmen pixkanaka hoberantz doa eta bere kabuz arnasteko gaitasuna berreskuratzen ari da”, nabarmendu dute. Halere gogorarazten dutenez, hoberantz egin arren, Anzak “oraindik ZIUn jarraitzen du”. Valentziako ospitalean, gugandik 600 kilometrora. Valentziako ospitaletik hain zuzen, Mari Karmenek bere esker ona helarazi nahi izan die usurbildarrei, “erakutsitako elkartasunagatik”, Usurbilen Nahi Ditugu bilgunetik aditzera eman dutenez.

Bitartean, Picassent espetxean aldaketarik ez. Gogoan izan, Xua ezagutzeko baimena eskatua izan arren, 21 egun beranduago eraman zutela Patxi Uranga Alacanteko espetxetik Valentziako Picassentera, alaba jaioberria ezagutzera. “Patxi momentuz ez dute lekualdatu eta Picassenten segitzen du”, aditzera eman dute Usurbilen Nahi Ditugu elkartetik.

Datorren elkarretaratzea, Zubiaurreneako mural parean
Otsailaren 24rako deituko du Usurbilen Nahi Ditugu elkarteak, euskal preso eta iheslarien eskubideen aldeko hileroko elkarretaratzea. Ohi bezala iluntzeko 20:00etan izango da, baina ez betiko moduan Mikel Laboa plazan, Zubiaurreneako errotondan baizik. Biribilgune honen parean, euskal presoak euskal herriratzeko aldarria biltzen duen mural berria landu baitu Ugarri taldeak, Usurbilen Nahi Ditugu bilgunearen enkarguz. Gogoan izan, garai batean aldarrikapen bera zuen horma irudia, baina gerora hondatzen joan zen. Oraingoa metaforikoagoa izango da. Ostegun honetan bertan amaitzekoak dira mural berria. “Senideek presoekiko duten maitasuna islatu nahi izan dugu”, adierazi digute murala lantzen aritu diren Antton Ugarte eta Ibai Etxarri donostiarrek. 

Horma irudi berri honen aurrean deitu du Usurbilen Nahi Ditugu elkarteak, hilaren 24ko elkarretaratzea. “Halere, desiratzen gaude horrelako mural erreibindikatiboak egiteko premiarik ez izateko! Baina bitartean, ez gaituzte isilduko eta presoen eta euren senideen eskubideak aldarrikatzen segiko dugu”, adierazi dute Usurbilen Nahi Ditugu bilgunetik.

Olatz, Patxi, Xua eta Mari Karmenen aldeko azken asteotako elkartasun ekimenak

Otsailak 13, astelehena: Usurbilgo Sorturen adierazpena
NOAUA!ra helarazitako idatzian, pozarren ospatu asmo zuten Xuaren jaiotza une gazi-gozoan bilakatu dela gogorarazten du Usurbilgo Sortuk, Olatzen ama Mari Karmen Anzaren osasun egoera dela eta. Animu eta besarkadak helarazi dizkiote Olatz, Patxi, Xua eta Mari Karmeni, idatzi honen bidez: Usurbilpo Sorturen adierazpena


Otsailak 10, ostirala: Olatz, Patxi eta Xua lehenbailehen Euskal Herriratzea eskatu zuten Orion
Olatz Lasagabaster, Patxi Uranga, Xua eta haien senideak bizitzen ari diren egoera bidegabea salatu, elkartasuna adierazi eta hirurak lehenbailehen euskal herriratzea eskatu zuten hainbat usurbildar eta oriotarrek, hilaren 10ean Orioko Salatxo aretoan egin zuten agerraldian. “Ez da inorentzat zaila irudikatzea ama berriaren bakardadea, aitaren ezintasuna, amonaren tristura. Erraz konpreni dezakegu familiaren eta gertukoen ezintasuna. Izan ere, zer dela-eta jaio behar izan du Xuak bere herritik 600 kilometrora? Zergatik behartu da familia hori hain egoera zailera? Sufrimendu hori doakoa da eta bidegabea. Biolentzia hori ez da onargarria. Garai hauetan horrelako egoerak erabat tokiz kanpo daude. Hortaz Olatz, Patxi eta Xua lehenbailehen Euskal Herriratzea eskatzen dugu”, adierazi zuten. Honatx agerraldi hartako berri: Orioko agerraldia


Otsailak 1, asteazkena: Olatz eta Patxiren Orioko lagunen gutuna (Irudia: Karkara)
“Dispertsioak senide zein lagunei trabak jarri eta presoen kontra ingeniaritza emozional krudela egitea errazten du. Bizi dugun egoera politikoari dagokion humanismoa da eskatzen dugun gauza bakarra. Preso daudenek ere berezkoak dituzten giza eskubideak bermatuak izan daitezela eta askea den haur jaio berria dagozkion eskubideen jabe izan dadila bizitzaren lehenengo momentutik”, adierazi dute Olatz Lasagaster eta Patxi Urangaren Orioko lagunek, “Haur jaio berri bat preso?” izenburupean udalerri bereko Karkara herri aldizkarira igorri duten gutunaren bidez. Ondoko argazkiarekin ongi etorria eman nahi izan diote Xua, Olatz eta Patxiren alaba jaioberriari. Esteka honetan irakur dezakezue gutuna bere osotasunean: Olatz eta Patxiren Orioko lagunen gutuna.


Urtarrilak 31, asteartea: EHBilduren mozio onarpena osoko bilkuran
“Olatz, Patxi eta Xua lehenbailehen Euskal Herriratzea eskatzen dugu”, eskaera argi hau egin zuen Usurbilgo Udaleko udalbatzak azken osoko bilkuran, EHBilduk aurkeztu eta gehiengo osoz onartu zen mozioaren bidez. Testuak, Xuari ongi etorria eman eta kezka adierazten du Mari Karmen Anzaren osasun egoeragatik, familiari laguntza eskaintzearekin batera. Era berean Olatzen espetxe berean, Valentziako Picassenten dagoen Sara Majarenas eta Izar lehenbailehen baldintzapean aske uztea eskatu zuten. Honatx osoko bilkura hartako mozioa eta kronika.

Urtarrilak 27, ostirala: elkarretaratze berezia
Usurbilen Nahi Ditugu bilguneak Mikel Laboa plazan antolaturiko elkarretaratzean Olatz Lasagabaster, Patxi Uranga eta haien senideak bizitzen ari diren egoera bidegabea salatu eta elkartasuna adierazi zien Usurbilgo herriak. Eskutitzak idazteko aukera izan zen, animu eta elkartasun mezuak helaraztekoa bai idatziz baita irudi bidez ere. Gazteak, helduak, preso ohiak, presoen senideak, gurasoak, haurrak, Usurbilgo herriak berak… Denek babes eta elkartasun mezua igorri nahi izan zieten, gugandik 600 kilometrotara diren Olatz, Patxi, Xua, Mari Karmen eta haien senide eta lagunei. Hemen mobilizazio hartako irudiak eta kronika.



Urtarrilak 25, asteazkena: Olatz Lasagabasterren izebaren gutuna GARA egunkarian
Eskutitz gogor eta hunkigarria argitaratu zuen Gara egunkariak. Arantza Anza, Olatz Lasagabasterren izebarena hain zuzen. Oso argi adierazten zuen bizitzen ari diren injustizia. Hemen duzue osorik, “Gizatasuna guztiaren gainetik” izenburua daraman gutuna (euskaratua): Aranza Anzaren gutuna

 

 

Harpidetu

Albiste hau atsegin baduzu, harpidetu orain horrelako albiste gehiago jaso ahal izateko.

Iruzkinak itxita daude.

Usurbilgo baserriak
Usurbilgo ondarea
Igo
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.