Euskara eta euskal kultura sustatzea helburu duen elkartea

Udal diru-laguntzak eskatzeko epea zabalik

Diru-laguntza deialdi honen oinarriak astelehen honetako, otsailaren 13ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialak  argitaratu ditu Usurbilgo Udalak. Segidan dituzue lotura zuzenak. Bertan jaso dezakezue, deialdi honetan parte hartzeko bete beharreko baldintza, epe, edota aurkeztu beharreko dokumentazioaren berri. Atzo argitaratu ziren oinarriak, eta gaurtik, otsailak 14, zabalik dago eskaerak egiteko epea. “20 egun balioduneko epean aurkeztu beharko dira” eskabideok. Igogailuak ezartzeko diru-laguntza eskaeren kasuan aldiz 3 hilabeteko epea egongo da. Honatx diru-laguntza deialdi guztien informazio zehatza:
Kulturako udal diru-laguntzak
Gizarte-zerbitzuetako udal diru-laguntzak
Kiroletako udal diru-laguntzak
Ingurumeneko udal diru-laguntzak
Nekazaritza eta abeltzaintzako udal diru-laguntzak
Igogailuak jartzeko udal diru-laguntzak

168.000 euro laguntzetan
Udalak guztira 168.000 euro bideratuko ditu aurten, sei eremuotako proiektuak sustatzera; kultura, kirola, gizartegintza, nekazaritza eta abeltzaintza, ingurumena eta igogailuen instalakuntza.

Alde batetik, usurbildar norbanako, eragile nahiz erakundeek 2017. urte honetan zehar kultura, kirola nahiz gizartegintza eremuetan gauzatu asmo dituzten egitasmoak lagunduko ditu Udalak. Nekazaritza, abeltzaintza eta ingurumen eremuetako laguntzak aldiz, 2016an zehar bideratu ziren ekimenentzako eskatu ahalko dira. 

Igogailuen instalakuntzarako laguntzak
Bada ordea berrikuntza bat aurten. Etxean igogailua jartzeko diru-laguntza ere eskatu ahalko baita. Horretarako, Udalak guztira 10.000 euroko diru-partida erreserbatu du. Zenbait baldintza bete beharko dira ordea, laguntza honen onuraduna izateko. “Instalazioak 2016an jaso beharko luke Usurbilgo Udalak emandako obra amaiera ziurtagiria, eta balizko onuradunek sei hilabeteko antzinatasunarekin erroldatuta egon eta bertan bizi beharko dute. Horrez gain, udalerri berean igogailua duen bigarren etxebizitzaren jabe ez izatea beharrezkoa izango da. Diru laguntza honetarako, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hiru hilabeteko epean aurkeztu beharko dira eskariak. Eskaera bakoitzeko diru laguntza, gehienez, 1.000 eurokoa izango da”, ohartarazi du Udalak.

Guztira honenbestez, 168.000 euro bideratuko ditu Udalak, usurbildar norbanako nahiz eragileen egitasmoak laguntzera. Honakoa izango da diru-laguntza deialdiak jorratuko duen bidea. “Usurbilgo Udalak 2017 urteari dagozkion diru laguntzen deialdi orokorra ireki du dagoeneko. Diru-laguntza hauek norgehiagoka erregimenean erabakiko dira eta 168.000 euroko diru partida erabiliko du Udalak zeregin horretan. Dagokion arloko teknikariak diru-laguntza eskariak aztertu ondoren, txostena egin eta dagokion Batzordera eramango du, honek txostena kontuan hartuta, bere iritzia eman dezan”, iragarri dute Udaletik.

Udal diru-laguntza kopuruak eremuka
-Kultura: 80.000 euro.
-Kirola: 46.000 euro.
-Gizartegintza: 12.000 euro.
-Nekazaritza eta abeltzaintza: 10.000 euro.
-Ingurumena: 10.000 euro.
-Igogailuen instalakuntza: 10.000 euro.
Guztira: 168.000 euro.

Eskabideak non aurkeztu: udal erregistroan.
Noiz aurkeztu: otsailaren 14tik aurrera, 20 egun balioduneko epean. Igogailuak jartzeko diru-laguntzen kasuan, eskabideak aurkezteko 3 hilabeteko epea egongo da.
Zer aurkeztu: “Dirulaguntza eskaera formalizatua, eskatzailearen NAN fotokopia, Elkartearen Estatutuak (hala badagokio), Gizarte Segurantzako zein Ogasuneko betebeharrak egunean egotearen egiaztagiria, beste dirulaguntza eskabideen aitorpena, elkarteak ez duela inor baztertzen adierazten duen agiria, emakume eta gizonen berdintasunari lotutako ziurtagiria eta ekintzei buruzko fitxak”.
Informazio gehiago:
943 371 951
usurbil.eus

Harpidetu

Albiste hau atsegin baduzu, harpidetu orain horrelako albiste gehiago jaso ahal izateko.

Iruzkinak itxita daude.

Usurbilgo baserriak
Usurbilgo ondarea
Igo
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.