Euskara eta euskal kultura sustatzea helburu duen elkartea

Huntza taldea: “Sustoa gainetik kendu ezinda gaude”

By on 2017-02-03 in Aisia, Kultura

Une honetan, puri-purian da ‘Aldapan gora’ abestia. Bideoklipak ia 800.000 jaso ditu bi hilabeteko epean. Pentsa. Huntza taldekoak zur eta lur daude kantuak izan duen oihartzunarekin. Halaxe adierazi digu Aitor Huizik, Huntza taldeko biolin joleak. Larunbat honetan Usurbilen joko dute, Hurbilagok antolatutako jaialdian.

 

NOAUA! Ikasleak zarete denak, ezta?

Aitor Huizi, Huntza-ko kidea. Bai, unibertsitatean gaude denak.

 

Garai honetan, azterketetan egongo zarete burubelarri.

H. Nik aurreko astean amaitu nituen baina beste taldekide guztiak azterketetan daude egunotan.

 

Atzera egingo dugu. Duela urtebete, inork gutxik ezagutzen zuen Huntza taldea, ezta?

H. Unibertsitate giroan ezagutu genuen elkar. Batek trikitixa jotzen zuen, besteak gitarra, nik biolina jotzen dut… Tarteka hasi ginen elkartzen, gustuko musika egiteko. Beti ere, modu lasaian. Helburua zen pixkanaka gure kantu propioak sortzen joatea, eta erromeria moduko emanaldiak eskaintzea. Baina lagun giroan beti ere.

 

Oso denbora laburrean, oso ezagun egin zarete.

H. ‘Aldapan gora’ kantua plazaratu genuen udazkenean eta bapatean jende askorengana iritsi zen. Hilabete hauek guztiak erotzekoak izan dira. Esperientzia oso potentea izaten ari da, baina oso positiboa ere bai.

 

Esan daiteke behetik gora lehertu dela abestia. Jendeak egin zuela arrakastatsu abestia, eta ondoren hasi zirela hedabide handiak zuetaz hizketan.

H. Kantua irratian hasi zen bere bidea egiten. Handik gutxira, Youtube-ra igo genuen kantuaren bideoklip-a eta hortik hasi zen zabaltzen eta zabaltzen.

 

Mugak gainditu dituela esan daiteke.

H. Atzerritik ere idazten digute. Espainia aldetik, eta baita beste herrialde batzuetatik ere. Sare sozialetan edonork dauka idaztea, eta Kataluniatik jende askok idatzi digu, baita Madrildik eta Andaluziatik ere. Baina Hego Amerikatik ere iritsi zaizkigu mezuak. Harrituta gaude sare sozialek zenbaterainoko zabalkundea izan dezaketen.


Usurbilgo Higain estudioan grabatu zuten diskoa

NOAUA! Usurbilen grabatu zenuten diskoa. Zein garaitan izan zineten hemen lanean?

Aitor Huizi, Huntza-ko kidea. Abuztuko azken astean eta iraileko lehenengo astean izan ginen Higain estudioan.

 

Zuen lehen diskoa da hauxe. Nolako esperientzia izan da?

H. Guretzako moduko grabazio bat egitea zen asmoa. Inguruan zabaltzeko. Horretan genbiltzala, Mauka argitaletxekoek deitu ziguten Haritz Harreguyk bazuela bere estudioan tarte bat egiteko aukera.

Kristoren aukera iruditu zitzaigun eta aurrera egin genuen. Abuztuaren amaieran izan ginen Higain estudioan, eta gauza asko ikasi genituen Haritzekin.

 

Esperientzia handiko teknikaria da Haritz.

H. Hori da. Asko daki, jende askorekin grabatu du. Guretzat dena berria zen eta Haritzek asko lagundu digu. Oso gustura egon ginen berarekin lanean.

 

Beraz, Usurbilgo San Esteban inguruan ibiliko zineten bi astez.

H. Hala da. Goizean estudiora igotzen ginen, eta eguerditan Usurbilera jaisten ginen bazkaltzera. Oso ondo pasa genuen egun haietan. Oso atsegina izan zen garai hura. Ederki ibili ginen denak.


“Erromeria giroko bertsioekin osatzen dugu errepertorioa”

NOAUA! Eta diskoa plazaratzearekin batera, ‘Aldapan gora’ fenomenoa piztu zen. Horrelakorik espero al zenuten?

Aitor Huizi, Huntza-ko kidea. Teknikari on batekin ari ginen grabatzen, eta diskoari oso itxura ona hartzen genion. Baina “munstrokeria” hau ez genuen inondik inora ere espero. Ez irratian eman den fenomenoa, ezta Durangoko Azokan izan zuen oihartzuna ere.

 

N. Erromeria kutsuko taldea zarete. Baina diskoan kantu denak zuenak dira. Nolakoak dira Huntzaren zuzenekoak?

H. Hamabi kantu dira eta guztiak jotzen ditugu eta erromeri giroko beste bertsio batzuekin osatzen dugu errepertorioa.

 

N. Erromeria baino, kontzertu gisako saioa izango da Usurbilen eskainiko duzuena?

H. Diskoa grabatu aurretik erromeria luzeak egiten genituen, baina orain diskoa atera dugunetik, eta jendeak gure diskoa entzun nahi duen aldetik, kontzertu formatuko saioak ematen ditugu. Gure kantuak eta parranda giroko bertsio batzuk.


Larunbat honetan, Bizi Kalea musika eta gastronomia festa

Otsailak 4, larunbata

19:00-21:00 Bizi Kalea. Sagardotegiko pintxoak 2 eurotan (bakailu tortila, txorizoa eta saiheskia), edaria euro batean.

21:00-21:30 Hurbilago Elkarteko saltokietan xahutzeko 150 euroko erosketa balearen eta tabernarien oparien zozketa.

Borladun animaliak lantzeko tailerra antolatuko du Txirinbolo dendak eta dron bat erabiltzeko aukera eskainiko du baita, eguraldi ona bada.

 

Kontzertuak

20:00 The Hastelen´s.

22:30 Huntza. Sarreren salmenta: aurrez 5 eurotan salgai Usurbilgo tabernetan. Egunean bertan 6 eurotan.

00:00 Zaparra.

Antolatzailea: Hurbilago. Babesleak: Usurbilgo Udala eta Eusko Jaurlaritza.

Harpidetu

Albiste hau atsegin baduzu, harpidetu orain horrelako albiste gehiago jaso ahal izateko.

Iruzkinak itxita daude.

Usurbilgo baserriak
Usurbilgo ondarea
Igo
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.