Euskara eta euskal kultura sustatzea helburu duen elkartea

“Olatz, Patxi eta Xua lehenbailehen Euskal Herriratzea eskatzen dugu”

By on 2017-02-01 in Jendartea, Politika

Olatz Lasagabaster, Patxi Uranga eta Xua jaio berria Euskal Herriratzea eskatu zuen Usurbilgo Udaleko udalbatzak, astearte arratsaldean egin zuten osoko ohiko bilkuran, EHBilduk aurkeztu eta gehiengo osoz (EHBildu eta EAJren aldeko bozkekin, PSE abstenitu da) onartu zuten mozioaren bidez. “Usurbilgo Udalak irmoki salatzen du erditze hori gertatu deneko egoera eta baldintzak. Ez da onargarria preso dagoen euskal herritar bat bere herritik 600 kilometrotara erditzera behartzera, familiakoen eta lagunen inolako babes eta gertutasunik gabe. Biolentzia hori mendeku goseak eragindakoa da, eta erabat tokiz kanpo dago. Hortaz, Olatz, Patxi eta Xua lehenbailehen Euskal Herriratzea eskatzen dugu. Era berean, gainontzeko euskal preso politikoak ere Euskal Herriratzea eskatzen dugu horrelako egoerarik berriz gerta ez dadin”, dio mozioak.

Era berean ongietorria ematen dio Xua jaioberriari. Kezka adierazten du Mari Karmen Anzaren osasun egoeragatik, “lehenbailehen senda dadila opa dio” eta nabarmentzen dutenez, “Mari Karmen Anza ere urruntze horren biktima dela. Alaba eta biloba bisitatzera joan, eta etxetik urrunduta gaixo dago, bere ingurutik erabat apartatuta”. Udal gobernu taldetik adierazi zutenez aste hasiera honetan hobera egin du Mari Karmenen osasun egoerak.

Honez gain, Olatz Lasagabasterren espetxe berean, Picassenten da Sara Majarenas euskal presoa ere. Sara eta Izar lehenbailehen baldintzapeko askatasunean jartzea eskatzen du mozioak.

Mozio alternatiboa
Bozketa aurretik, PSE-ko ordezkari Fermin Oruek mozio alternatiboa aurkeztu zuen. Udal taldeek testu hau aztertzeko osoko bilkura eten zuten une batez. Etenaldiaren ostean, EHBildu eta EAJko ordezkariek PSEren mozioa ez babestea erabaki zuten. Xabier Arregi alkatearen esanetan, EHBilduk aurkezturiko testuan “giza legedia aplikatzea eskatzen dugu”.

Aldiz, PSE-k aurkezturikoa “balorazio politikoen gainean eraikitako mozioa da” zioen alkateak. ETAri armagabetzea, gizarteratzera bideraturiko espetxe-politika malgua eta eragile guztien artean adostua, presoei zein epaitzeko zain daudenei egindako kaltea aitortzea eta lege penitentziarioa onartzea eskatzen du testu alternatibo honek.

Aipatu moduan, EHBilduk eta EAJk ez zuten babestu PSEren mozioa. Fermin Oruek EHBilduren testua puntuka bozkatzea ere proposatu zuen. Udal gobernu taldetik ordea, mozioa bere osotasunean bozkatzeko beharra nabarmentzen zuten, bestela zentzua galtzen zuela zioten. Azkenean, EHBilduk aurkezturikoa onartu zen gehiengo osoz, EAJren babesarekin. PSEko ordezkaria abstenitu zen. Albiste honetan beherago duzue onartu zuten mozioaren edukia bere osotasunean.

Bozketen emaitzak
1.- Aurreko bilkuretako akten onespena:
* 2016/10/25eko bilkura.
* 2016/11/29ko bilkura.
* 2016/12/20ko bilkura.
2.-Alkatetzako dekretu hauen berri ematea: 2016ko abenduaren 5etik 2017ko urtarrilaren 20ra (2016/1173-2017/0063).
3.- A-107 Iarza eremuko 107.11 exekuzio unitatean kokatutako herri bidearen trazatu berriaren aldaketa gauzatu ahal izateko jaregitea eta trukaketa. Behin betiko onespena. 
Alde: EHBildu eta PSE. Abstentzioa: EAJ.
4.- Euskal Autonomia Erkidegoko Tokiko Jasangarritasunarekiko konpromisoa berritzeko akordioa: “Udalsarea 21, jasangarritasunerako udalerrien euskal sarea”.
Aho batez onartua.
5.- Hiri Antolamenduko Arau Subsidiarioetako Berrikuspenaren Testu Bateginaren 02 Aldaketa Puntuala. Behin behingo onespena.
Alde: EHBildu eta PSE. Abstentzioa: EAJ.
6.-Olatz Lasagabasterren egoera salatzeko eta Euskal Herriratzea eskatzeko mozioa.
Alde: EHBildu eta EAJ. Abstentzioa: PSE.
7.- Galdera-eskaerak.

Harpidetu

Albiste hau atsegin baduzu, harpidetu orain horrelako albiste gehiago jaso ahal izateko.

Iruzkinak itxita daude.

Usurbilgo baserriak
Usurbilgo ondarea
Igo
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.