Euskara eta euskal kultura sustatzea helburu duen elkartea

Erraustegiaren lizitazioa sinatu du Foru Aldundiak

By on 2017-01-31 in Ingurumena, Jendartea, Politika


Goizean zehar oraindik tramite burokratiko batzuk falta zirela aipatu du Imanol Lasa Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramaileak, baina foru gobernu taldeko beste kide batek, Jose Ignacio Asensio ingurumen diputatuak dekretu bidez sinatu du jada, Zubietako erraustegiaren esleipena. Ondoko irudietan duzue Asensio irribarretsu, esleipena sinatu duen unean. Aldundiak dituen aurreikuspenak betetzen badira, hilabete eta erdi barru inguru hasiko dituzte erraustegiko eraikitze lanak.

Epaitegiek diotenari itxaron gabe
“Gaur ez bada bihar”, hala adierazi die hedabideei Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramaile Imanol Lasak astearte goiz honetan, foru gobernuak egin duen asteroko bilera amaitu ostean eskaini duen prentsaurrekoan. Egunotan esleitu nahi zituztela beraz erraustegia eraiki eta kudeatzeko lanak, horretarako tramite burokratiko batzuk baino ez omen zitzaizkien falta. 

Astelehenean EAEko Auzitegi Nagusiak hondakinen kudeaketaren inguruko parte hartze prozesu bat irekitzeko GuraSOSek eginiko eskaera alboratu ostean, epaia hausnartu ostean pozarren eta lasai agertzearekin batera, azken asteotako “impasse” egoera gainditutzat eman du foru gobernuko bozeramaileak eta “orain aurrera egitea tokatzen da” adierazi die kazetariei. Orain arte bizitakoa ametsgaiztotzat jo du eta iragarri duenez, “hemendik aurrera abian jarriko ditugu aurreikusiak dauden instalakuntza guztiak”. 

Epaitegietan oraindik ebazteke dauden GuraSOSen edota hainbat udalen (Usurbilgoarena tartean) errekurtsoen aurrean epaileek esan dezaketenari itxaron gabe aurrerantz egin nahi dute beraz. Are gehiago, epaileek esan dezakeena aurreratzera ausartu da hedabideen aurrean. “Ilusio handiz eta gainera itxaropen handiarekin gaude, hemendik aurrera jada ez dugulako inongo eragozpenik izango”, ziurtatu du Lasak.

Kazetari batek FCCk esleipen honi errekurtsoren bat aurkez diezaiokeen galdetu dio Foru Aldundiko bozeramaileari. Lasak ia ezinezkotzat jo du halakorik gertatzea. Gogoan izan, enpresa hau kide zuen taldeari esleitu zitzaiela garai batean erraustegia eraikitzeko lanak. Begi bistakoa dena aitortu du Lasak. Orain Zubieta gainean gauzatu asmo duten proiektua aurrekoarekin alderatuta eta begi bistakoa denez, guztiz desberdina dela adierazi baitu, “testuingurua, finantziazioa, proiektua desberdina da” zioen. Gogoan izan, hainbat eragileek Eusko Jaurlaritzak aurreko proiektuari emandako 2010eko ingurumen baimen bateratua baliatu nahi dutela garai hartakoarekin zerikusirik ez duen proiektu honetarako ere. 

GuraSOSentzako “lasaitasun” mezua
GuraSOSentzako hitz gogorrak izan ditu Lasak. GuraSOS taldeak esandakoak aintzat hartzen dituztela, baina ziotenez, “orain arte epaitegietan dena galdu du, ez du ezer irabazi. Guk eskatzen dieguna da aintzat hartzeko zer dioten epaileek eta lasai egoteko, guk gure bidea abian dugula, erabakiak ondo hartuta daudela, legez hartuta daudela, legedia errespetatuz, eta gainera Batzar Nagusien gehiengoak babesturiko plana dugula abian jarri eta burutzeko”. Gaineratu duenez, “Gurasosek epaitegietan galduta egoten segi dezake, baina Diputazioak eta Gipuzkoako gizarteak hondakinen kudeaketa txar honen herentziak suposatu duen ametsgaiztoarekin bukatu nahi du behin betiko”.

Zubietan eraiki nahi duten erraustegia, erraustegi hitza aipatu gabe esan du, plangintza ona, bermeduna, erreferentziala, europar zuzentarauekin bat egiten duena dela. “Ilusioz esleituko dugu Zubietan eraikitzera goazen ingurumen gune hau”, berretsi du, “ahalik eta lehenen” gauzatua egoteko desioa agertzearekin batera.  

Harpidetu

Albiste hau atsegin baduzu, harpidetu orain horrelako albiste gehiago jaso ahal izateko.

Iruzkinak itxita daude.

Usurbilgo baserriak
Usurbilgo ondarea
Igo
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.