Euskara eta euskal kultura sustatzea helburu duen elkartea

Olatz Lasagabaster eta Patxi Uranga presoen alaba jaio da

By on 2017-01-20 in Jendartea, Politika

Usurbilen Nahi Ditugu bilgunetik aditzera eman dutenez, Olatz Lasagabaster eta Patxi Uranga presoen alaba jaio zen ostegun goizaldeko 07:00etan Valentziako erietxean. “Xua du izena eta dena ondo joan da”, adierazi dute ohar bidez. 

Gogorra izan da ordea; Sara Majarenas euskal preso donostiarra ere Picassenteko espetxean da. Gogoan izan, asteburuan bere bi urteko alaba labankadaz larriki zauritu zuen aitak. “Olatz Picassenteko espetxean, amen moduloan zegoen abenduaren 18tik eta azken egunak oso gogorrak izan dira Sara Majarenasen alaba Izarri gertatutako jazoera tamalgarriaren ondorioz”, adierazi dute Usurbilen Nahi Ditugu bilgunetik. 

Salatu dutenez gainera, “Patxi, berriz, Foncalenteko espetxean daukate eta oraindik ez daki noiz eramango duten alaba ezagutzera. Gauzak nola diren, bere alaba jaiotako egun berean Patxi oriotarrak bere aitona galdu du”. 

Argazkia datorren elkarretaratzean
Astebete barrurako, urtarrilaren 27rako deituko du Usurbilen Nahi Ditugu bilguneak, euskal presoen eskubideen aldeko hileroko elkarretaratzea, iluntzeko 20:00etan Mikel Laboa plazan. Deitzaileek iragarri dutenez, “argazki bat egingo dugu Xuari ongi-etorria opatzeko. Apuntatu hitzordua: ostirala 27, 20.00tan, Usurbilgo Mikel Laboa plazan”.

Sara Majarenas berehala aske uztea eskatzeko sinadura bilketa 
Sara Majarenas euskal presoa berehala aske uztea eskatzeko sinadurak biltzen hasiak dira sarean, change.org web orrialdean. Gogoan izan, Valentziako Picassent espetxean dagoen euskal preso donostiarraren bi urteko alaba labankadaz larriki zauritu zuen bere aitak. Egunotan eraso hau salatu eta Sara aske uztea eskatzeko hainbat mobilizazio egin dira. Larunbaterako Sare mugimenduak elkarretaratzea deitu du 19:00etan Donostiako Alderdi Ederren. Eraso hau salatu zuen baita Matrakak Usurbilgo Talde Feministak. Aipatu web orrialdean abiatu duten ekimenak gogorarazten duenez, “Sara Majarenasek espetxe zigorraren hiru laurdenak bete ditu jada eta haurra bere ama uztera derrigortua egongo da, gutxi barru hiru urte beteko baititu”. 

Amak aske behar luke jada, alabarekin. Horregatik, euskal preso donostiarra aske uztea eskatzeko sinadurak biltzen ari dira sarean. Jasotako atxikimenduak Espetxe Erakundeei helaraziko zaizkie. Ostegun goiz honetarako jada mila sinaduratik gora bilduak zituzten. Esteka honetan sartuta eman dezakezue zuen atxikimendua: https://www.change.org/p/instituciones-penitenciarias-libertad-inmediata-para-sara-majarenas-madre-de-la-niña-agredida-por-su-padre-en-valencia

Irudia: artxibokoa.

Harpidetu

Albiste hau atsegin baduzu, harpidetu orain horrelako albiste gehiago jaso ahal izateko.

Iruzkinak itxita daude.

Usurbilgo baserriak
Usurbilgo ondarea
Igo
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.