Euskara eta euskal kultura sustatzea helburu duen elkartea

2017ko udal aurrekontuen aurkezpena, 18:00etan Potxoenean

By on 2016-11-22 in Ekonomia, Hirigintza, Jendartea

Hurrengo urteko inbertsioak aurkeztu eta udal aurrekontuen prozesuari buruzko nondik norakoen berri azaldu nahi die Udalak herritarrei. Horretarako bilera deitu dute astearte honetarako, azaroaren 22rako, 18:00etan Potxoenean.

40.000 euro, lehen egitasmoentzat
“Kale Irekiak” espazio publikoa berrantolatzeko parte hartze prozesuan herritarrek eginiko ekarpenetako batzuk 2017an gauzatzen ahalegintzekoa da Usurbilgo Udala. Horretarako, 40.000 euroko diru partida gorde du datorren urterako udal aurrekontuetan.

Honez gain, ez da aurrekontuotan isla izango duten herritar edota udal langileek eginiko ekarpen bakarra izango. Duela urtebete guztiokin landutako udal Gobernu Programarako bildutako proposamen eta iritziak ere datozen eta hurrengo urteotako udal aurrekontuetan islada izango dute, Udaletik ohartarazi dutenez. “Datorren urterako inbertsio dagokienez, Etxebeste eta Hirutasuna kaleen urbanizazio lanak, hilerri berria handitzea, Oiardo kiroldegiko aireztapena egokitzea eta Txokoaldeko zubiaren legeztatze proiektua egitea izango dira inbertsio handiena eskatuko dutenak. Aurrekontuetan partida propiorik ez badute ere, Aginagako espaloiaren konponketa eta Kalezarko eskailerak berritzea ere udal baliabideekin egingo dira. Azkenik, Zumarteren eraberritzeko lanak ere 2017an definituko dira eta proiektu honek ere aparteko finantzaketa bideak izango ditu”, Udaletik ohar bidez iragarri dutenez.

Aurkezpena
Usurbilgo espazio publikoa berrantolatzeko hilabetez herrian egin den prozesua amaitu berri da. Balantze baikorra egin dute Usurbilgo Udaletik. “67 herritarrek parte hartu dute zuzenean. Haurrekin eginiko lanketan, Udarregi Ikastolako 185 haurrek parte hartu dute. Aginagako Eskola Txikikoek parte hartuko dute orain”, Xabier Arregi alkateak azaroaren 18ko aldizkarirako eskainitako elkarrizketan adierazi zuenez. Zenbakietatik haratago, hirigintza eremuko egitasmo honek sustatu duen parte hartzea aberatsa izan dela diote. “Genero ikuspegitik lanketa berezi bat egin da, emakumeentzat bi saio egin dira. Adin tarte ezberdinetako jendea egon da, emakume eta gizon, sektore eta auzo desberdinetako jendea, lanbidez eta bizikeraz jarrera desberdinak dituztenak”, zehaztu du Usurbilgo alkateak.

Herritarrek eginiko ekarpenak, Urak Bide  tokiko arkitektura eta ingeniaritza taldeak bildu, ordenatu eta ekarpenokin otsailean jendaurrean aurkeztuko den proposamen tekniko bat osatuko du. Lehenago halere, Usurbilgo Udaletik NOAUA!ri aurreratu diotenez, parte hartze prozesu honetan herritarrek egindako proposamen zerrenda liburuxka batean jaso eta etxez etxe banatuko du aste gutxi barru. “Hor proposamen horien zerrenda bat izango dugu, udal honi enkargu moduan emango zaiona. Udal honen aurrekontuek aukera ematen duten neurrian gauzatzen saiatuko gara”, alkatearen esanetan.

Irudia: Usurbilgo Udala.

161116kaleirekiak

Harpidetu

Albiste hau atsegin baduzu, harpidetu orain horrelako albiste gehiago jaso ahal izateko.

Iruzkinak itxita daude.

Usurbilgo baserriak
Usurbilgo ondarea
Igo
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.