Euskara eta euskal kultura sustatzea helburu duen elkartea

Ordu laurdeneko aparkaleku berriak Usurbil erdigunean

By on 2016-11-10 in Ekonomia, Hirigintza, Jendartea

161110aparkalekuak
Kale Nagusian bi gune berri eta Bordatxo taberna pareko errotondan ordu laurdenez aparkatu ahal izateko beste gune bat egokitu dituzte Usurbilgo Udalak eta Hurbilago Elkarteak. Hauez gain, ordubetez aparkatua utzi daitekeen fondo urdinez margoturiko beste 22 gune daude Kaxkoan. Eta zamalanetarako beste 25 plaza. Plaza kopurua handituz, Udalak eta Hurbilagok usurbildarrei herriko saltokietan erosketak egitea erraztu nahi diete. Gune guztiok erabiltzeko, ezinbestekoa izango da aparkamendu-diskoa izan eta autoan jarrita uztea, ibilgailua aparkatua dagoen artean. Oraindik eskuratu ez dutenek, Hurbilago Elkarteko establezimenduetan eska dezakete.

OLYMPUS DIGITAL CAMERA

Tipi-Tapa tabernetatik, plazara orain
Tipi-Tapak jorraturiko bideari segida eman nahi diote, urrats bat gehiago eman, eta kale giroa indartu, Hurbilago Elkarteak abiatzear duen Bizi Kalea egitasmo berriarekin. Azken urteotan hilean behin ospatu den pintxo festa. tabernetatik plazara aterako du. Hasteko, igande honetan, azaroaren 13an, goizeko 11:00etan hasita Mikel Laboa plazan altxako duen karpa gunera. Lumagorri oilasko pintxoak edota sagardoa txotxetik edateko aukera izango da goiz osoan zehar. Trikitilariek girotuko dute hitzordua.

Bizi Kaleak Tipi-Tapak bezala sariak dakartza. Bat baino gehiago. Orain arte, Tipi-Tapan egiten zen moduan, 150 euroko erosketa balea jokoan jarriko du Hurbilago Elkarteak, jan edanera gerturatzen direnen artean. Antolatzaileek iragarri dutenez, baita opari gehiago ere. Zozketa hauetan parte hartzeko, adi jan dana eskuratzeko txartelei, zenbakituak izango baitira. Eta zenbakiok, ekimen honen amaieran, 14:30ak aldera egingo den zozketarako baliatuko dira.

Hurbilago Elkarteko kide diren tabernariak dira egitasmo hau elkarlanean aurrera atera dutenak. Kalea girotzea dute helburu, hortik egitasmoaren izena; “Bizi Kalea”. Tipi-Taparekin jorratu duten bidean aurrerapuso bat eman nahi dute, kale giroa indartzen segi. Alde horretatik, azaroaren 13an Mikel Laboa plazan kokatuko duten karpa gunea, azoka ibiltari berri honen abiapuntua baino ez da izango. Aurrerantzean hilean behin, karpa gune hau herriko gune ezberdinetan kokatuko dute, igandeko formula bera baliatuz; jan edana eskainiz, musikaz eta zozketekin girotua.

Kale giroa bizitu nahi dute, herri bizitza sustatu, eta horretarako Kaxko osora hedatuko dute ekimena, izaera ibiltaria emanez.

Egutegia
Denboraldi honetarako, guztira, “Bizi Kalea” egitasmoari loturiko 7 hitzordu finkatu ditu Hurbilago Elkarteak. Horietatik bostek azoka formatua izango dute eta Kaxkoko gune ezberdinetan egokituko dute karpa. Azkena, maiatzean ospatuko da. Edizio berezia izango da honakoa, dendariekin batera ospatu asmo baitute azoka. Baina hitzordu honen inguruko xehetasunen berri, aurrerago emango dituzte antolatzaileek.

Bestalde, denboraldi honetan zehar, orain arteko Tipi-Tapa formatu ezagunari loturiko bi egun ere ospatuko dira. Momentuz, eta aldaketarik ez bada behintzat, honatx Hurbilago Elkarteak kale giroa bizitzeko finkatu duen egutegia:
-Azaroak 13, igandea: 11:00etan hasita, lehen azoka Mikel Laboa plazan.
-Abenduak 11, igandea: bigarren azoka Artzabalen.
-Urtarrilak 15, igandea: munduko janarien inguruko Tipi-Tapa tabernaz taberna.
-Otsailak 12, igandea: hirugarren azoka frontoian.
-Martxoak 12, igandea: laugarren azoka Txapeldun taberna aurreko plazan.
-Apirilak 16, igandea: koloreen inguruko Tipi-Tapa tabernaz taberna.
-Maiatzak 13, larunbata: Hurbilago Azoka frontoian.

Antolatzailea: Hurbilago Elkartea.

OLYMPUS DIGITAL CAMERA

Usurbilgo txoko ederrenaren bila
“Usurbilgo txokorik eder eta berezienen” bila segitzen du Hurbilago Elkarteak. Horretarako antolatu dute argazki profesional eta amateurrei zuzenduriko argazki lehiaketa. Bi kategoriotan banaturiko adin tarteotako herritarrek parte hartu ahalko dute; 4-16 urte artekoek eta 17 urtetik gorakoek. Baldintzok bete beharko dituzte lehiakideek: aurrez argitaratu ez eta urriaren 1az geroztik Usurbilen eginiko argazki bat edo bi aurkeztu ahalko dira (argazkiaren tokiko helbidea eta deskribapena adierazi). Argazkiko edukien erantzunlea aurkeztu duena izango da. “Identifika daitezkeen pertsonak agertzen diren argazkien kasuan, lehiakideek pertsona horien baimena izan beharko dute. Pertsona horiek bere irudiaren erabilera baimendu badute, Hurbilagok baimen hori eskatzeko eskubidea izango du”, ohartarazi dute Hurbilago Elkartetik.
Argazkiak azaroaren 15a baino lehen aurkeztu beharko dira, Ivan Perez argazkilariaren establezimenduan; Bordaberri 3, 2.lokala.

Bi sari daude jokoan; gazteen kategorian, Fujifilm XP90 argazki kamera; helduenean, Canon 760D + 18-55 mm EF-S IS STM kamera. Argazkiak gero herriko saltokietan jarriko dituzte ikusgai.

Argibide gehiagorako:
hurbilago.com
Facebook: Hurbilago

Harpidetu

Albiste hau atsegin baduzu, harpidetu orain horrelako albiste gehiago jaso ahal izateko.

Iruzkin adierazgarri bat dago

Trackback URL | Iruzkinen RSS jarioa

  1. Txomin(e)k dio:

    Merkatarien asmoa ona izan zitekeen baina nola zainduko ditu Udalak 15’ko tareas, espaloi gainetan (oinezkoen ibilbidea) orduak eta orduak egoten diren autoak zaintzen gai ez denean?

Usurbilgo baserriak
Usurbilgo ondarea
Igo
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.