Euskara eta euskal kultura sustatzea helburu duen elkartea

Euskal preso eta iheslarien kaleratzea eskatzeko, hilabeteko itxialdia Usurbilen

By on 2016-11-09 in Jendartea, Politika

Euskal preso eta iheslari ohiek hilabeteko dinamika abiatuko dute Usurbilen laster. Hilabeteko itxialdia egingo dute abenduaren 10etik urtarrilaren 8ra udalerri honetan. Modu batean edo bestean, gutxienez mila bat lagunek parte hartzea aurreikusten da. Preso ohiez gain, herritarrek ere parte hartu ahalko dute, bakoitzak nahi edo ahal duen neurrian. Tarte horretan hainbat ekimen eta jarduera antolatuko dituzte Kaleragunea deituriko eremuan; hitzaldiak, mahai inguruak, kultur ekitaldiak… Tartean, nazio mailako mus txapelketa abenduaren 17an. 358 bikoteek parte hartuko dute, preso bakoitzeko batek, eta normalean bisitan joaten zaizkienek osatuko dituzte bikoteok. Bestalde, presoen auziaz ekarpen zein iritziak jasotzeko gizarte, sindikatu, politika edota kultur eremuko eragileekin harremandu nahi dute.

Hilabete osoan zehar, “Absentziaren mahaia” egongo da Kaleragunean. Mahaia bat presoak adina aulki eta plater hutsekin. Espetxean daudenek utzitako hutsunea irudikatu nahi dute ekintza sinboliko honekin.

Ekimen gehiago ere egingo dituzte beste herri eta auzoetan. Adibidez, urteko azken egunetan martxak espetxeetara; Martutenekoa abenduaren 31n.

Usurbilgo Kaleragunea ixteko agerraldi jendetsua egingo dute urtarrilaren 8an. “Kalera, kalera! Bakea eta askatasuna irabaztera” aldarripean burutuko den datorren hilabeteko dinamikarekin, jauzi kualitatibo bat eman nahi dute, espetxeak presoz husteko exijentzian. Euskal presoak lehenbailehen kaleratzeko beharra azpimarratu dute, “bakearen eta askatasunaren alde borrokatzen” jarrai dezaten. Eta helburu hau betetzeko, euskal gizartea ere kalera ateratzeko beharra nabarmendu dute.

Dinamika honen sustatzaileen esanetan, “presorik gabeko herria” irudikatzeko ordua heldu da.

Iragarri diren zenbait ekimen
Abenduak 10, larunbata
19:00 Kaleragunearen irekiera.

Abenduak 17, larunbata
10:30 Nazio mailako mus txapelketa, egun dauden preso adina bikoterekin; 358 bikoterekin. Bisitan joaten direnekin osatu asmo dago parte hartzaile kopurua.

Abenduak 31, larunbata
Martxa Martuteneko espetxera.

Urtarrilak 6, ostirala
19:00 Eduardo Txillidaren “Haizearen orrazia” eta Jorge Oteizaren “Eraikuntza hutsa” eskultura lotuko dituen giza-katea Donostiako Kontxako Badian. Kandelekin ingurua argitu eta “Kalera, kalera!” abestiarekin girotu nahi da.

Urtarrilak 8, igandea
Usurbilgo Kaleragunearen amaiera, preso ohien agerraldiarekin.

Informazio gehiago:
kalerakalera.eus
Facebook: Kalera kalera
Twitter: @kalera_kalera

161109kalera

Harpidetu

Albiste hau atsegin baduzu, harpidetu orain horrelako albiste gehiago jaso ahal izateko.

Iruzkinak itxita daude.

Usurbilgo baserriak
Usurbilgo ondarea
Igo
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.