Euskara eta euskal kultura sustatzea helburu duen elkartea

Euskara ikasteko inon baino erraztasun gehiago Usurbilen

By on 2016-11-09 in Euskara, Jendartea, Kultura

Usurbilen euskara doan ikasteko aukera eskaintzen baitu Usurbilgo Udalak. Eta ez hori bakarrik. Behar ekonomiko bereziak izan eta baldintza zehatz batzuk betetzen dituzten herritarren kasuan gainera, Udalak euskara ikasteko dirua aurreratu dezake. Ezin eskaini beraz, erraztasun gehiago. Edo bai. Doakotasun horretan sakontzeko asmoa baitu Udalak. “Aurtengo bideari eutsi nahi zaio diru-laguntzekin”, aditzera eman zuen Udaletik, Etumeta AEK euskaltegiko 2016-17 ikasturtea aurkezteko astelehenean Potxoenean ospatu zen ekitaldian.

Une honetan, 29 ikasle ditu Etumeta AEK euskaltegiak. Haietatik 26 ohiko ikastaroetan parte hartzen ari dira, beste 3 ikasle autoikaskuntzan murgilduak daude. Honez gain, 19 lagun parte hartzen ari dira Mintzalagun egitasmoan. “Eragin handia izan dezake herrian” zioten aurkezpenean, euskaltegiak, Udalak eta NOAUA!k elkarlanean abian jarritako mintzapraktikarako ekimenaz. Berrikuntzarik ere bada aurtengoan; gurasoei zuzenduriko ikastaroa antolatu baitu euskaltegiak, Udarregi Ikastolarekin eta Usurbilgo Udalarekin elkarlanean. Astebete barru abiatuko dela iragarri zuten aurkezpen saioan.

“Eskertzekoa da egiten duzuen ahalegina”
Ikastaro guztiok Udalak diruz laguntzen ditu, doan izateraino. Gaur egun, Usurbilen euskara doan ikasteko aukera baitago. Euskaltegitik aprobetxatzeko moduko aukera dela gogorarazten dute eta herritar oro animatzen dute euskara ikasi edo hobetzera. Eta ikasitakoa gero, praktikan jartzera, erabiltzera noski.

Baldintza batzuk bete behar dira diru-laguntzon onuradunak izateko. Tartean, klaseen %80ko asistentzia egiaztatzea. Udaletik nabarmendu nahi izan dutenez, azken urteotan jaso dituzten eskaera guztietan bermatu da asistentzia maila hau eta pozgarria da. Udalak egun, ehuneko ehunean lagundu dezake euskara ikasten ari den ikaslea, beti ere 500 euroko mugarekin. Apustu honi eusteko asmoa agertu zuen Udalak Etumeta AEK-ren ikasturte aurkezpen honetan.

Eta ahal den neurrian indartzekoa. Behar berezi ekonomikoak dituztenentzako laguntza lerro bat ere badu Udalak egun. Baldintza zehatz batzuk betetzen dituzten ikasleei matrikulazioa ordaintzeko dirua aurreratzeko aukera eskaintzen die. “Ez dugu diruagatik inor euskara ikasi ezinik geratzerik nahi”, azpimarratzen dute.

Euskalduntzen hasia den ikasle talde bat bertaratu zen Potxoeneko aurkezpen ekitaldira. Azalpen guztiok adi entzuteaz gain, Udalaren laguntzeko prestutasuna, esker ona eta euskalduntze bidean aurrera jarraitzeko animu mezua jaso zuten. “Eskertzekoa da egiten duzuen ahalegina. Euskaraz bizitzeko hautua egiten dugunok behar dugu euskara ikasi eta erabiliko duen jendea izatea”, Xabier Arregi Usurbilgo Udaleko alkateak zioenez. “Ez zaudete bakarrik”, oroitarazten zien. Herria euskalduntzeko bidean, “ontzi berean goaz denok”.

Etumeta AEK euskaltegiko 2016-17 ikasturtea
Ikastaroetako parte hartzea

Ikasle kopurua guztira: 29.
Ohiko ikastaroetan: 26.
Autoikaskuntzan: 3.
Mintzalagun egitasmoan: 19.

Diru-laguntzak
Egutegia

Ekainean: deialdia egiten da. Eskaerak aurkezteko 10 eguneko epea izaten da udal erregistroan.
Uztailean: eskaerak jaso eta aztertzen ditu Udalak.
Abuztuan: udal iragarki oholean eta Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzen dira diru-laguntzen ebazpenak. Interesdunek, erreklamazioak aurkezteko 10 eguneko epea izaten dute.
Irailean: diru-laguntzak jasotzen dituzte eskatzaileek. %100eko laguntza jasotzeko aukera, 500 euroko mugarekin. Honez gain, behar ekonomiko berezian egon eta baldintza zehatz batzuk betetzen dituztenei dirua aurreratu diezaieke Udalak.

2015-16 ikasturtean…
16.614 euro banatu zituen Udalak laguntzetan.

Diruz laguntzen diren ikastaroak
Irailetik abuztura eginiko ikastaroak; euskaltegikoak, autoikaskuntza eta barnetegiak.

Euskararen ezagutza Usurbilen (2011ko datuak)
Euskaldunak: %70.
Ia euskaldunak: %17.
Erdaldunak: %13.

Argibide gehiago: 
Potxoenean, Usurbilgo Udaleko Euskara Zerbitzuan
943 371 999

OLYMPUS DIGITAL CAMERA

Harpidetu

Albiste hau atsegin baduzu, harpidetu orain horrelako albiste gehiago jaso ahal izateko.

Iruzkinak itxita daude.

Usurbilgo baserriak
Usurbilgo ondarea
Igo
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.