Euskara eta euskal kultura sustatzea helburu duen elkartea

36ko Gerraren 80. urtemugako oroitzapen ekitaldiak larunbatean

By on 2016-09-16 in Jendartea, Kultura, Politika

OLYMPUS DIGITAL CAMERA
Zer hitz egina, ikertua, eta azaleratua bada, hamarkada luzez isilarazia izan den euskal herritar askoren sufrimenduaren inguruan. Argi utzi zuen Aitzaga Elkarteak bart Sutegin antolatu zuen hitzaldian. Hori eta iraganera begira jarri gintuzten arren, gaurkotasunetik zenbat duen gaiak. Hitzaldiak piztu zuen interesa horren adierazgarri. Sutegi askotan ez bezala bete baitzuen “Memoria eta aztarnak”, 36ko Gerraren 80. urtemugaren testuinguruan antolaturiko hitzaldiak. Mahaiaren bueltan, Aranzadiko bi kide bildu zituzten: Lourdes Errazti eta aurkezpen askorik behar ez duen Pako Etxeberria. Haiekin, Lasarte-Orian memoria historikoa berreskuratzeko lan itzela egiten ari den Islada Ezkutatuak taldeko kide Joxa Muguruza.

Begi bistako interesa sortzen du gaiak. Etxeberriak berak zioen, “gainezka” egin diela duten lan kargak. Desagertuak segitzen dutenen bila segi, hilobiak aurkitu, azaleratu eta identifikazio lanak burutzen dabiltza azken 16 urteotan. Gaiak jendartearen harreran izandako bilakaera nabarmen aldatu dela aipatzen zuen Etxeberriak Sutegin. Mugimendu ekologistarekin parekatzen zuen, memoria historikoaren alde lanean dihardutenena izaten ari den bilakaera. Garai batean baztertu eta antisistematzat jotzen ziren ekologistak. Etxeberriaren esanetan, denborarekin ohartu dira, agintariak esaterako, “ingurumenaren baloreak interesa duela”. Memoria historikoaren gaia ere antzeko bidea jorratzen ari da bere ustez. “Interes sozialekoa” bilakatu da.

Eta gehiagora joango da. Bide horretan, guztiok dugu gure ardura, guztiona da gaiak dagokion tokia izateko erantzukizuna. “Biktima guztiek dute memoriarako eskubidea. Eskubidea existitzen bada, betebeharra baita. Gainerakoona da, memoriaren betebeharra. Gutako bakoitzari dagokio zerbait egiten ahalegintzea”, Etxeberriaren esanetan. Argi zioen, giza eskubideen urraketen aurrean, gaurkotasun handiko gai honen aurrean, “ezin gara inpartzialak izan”. Memoria historia iraganaz soilik ez, “orainaz ari da hitz egiten”. Desagertuen senideak laguntza eske gerturatzen zaizkienean esandakoek, urratuak izan zaizkien eskubideak betetzeko exijitzea, izan duten atentzio falta, memoria historikoaz ari garenean horri buruz ere ari gogorarazi zuen Aranzadiko kideak.

Emakumeen aurkako errepresioa, ezagutzeke
Memoria historikoa berreskuratzeko lan horretan, gako garrantzitsuena, lekukotzena dugu, Lourdes Erraztik Sutegin nabarmentzen zuenez. Ezinbestekoak haien lanean. “Oraindik garaiz gaude”, oroitarazten zuen. Lekukotza gehiago biltzeko garaiz. Lekukotza hauek eraman ditzakete eta, urteotan egin dituzten aurkikuntzetara. 16 urteko tartean, 500 hobitik gora eta 7.700 gorpuzkin atera dituzte. Tartean, gerra izan ez zen lekuetan baita. Biktimen %3-4 emakumeak direla ere azpimarratu zuen. Eta gai honi buruz, emakumeek jasandako errepresioari buruz ezer gutxi dakigula. “Egiteko asko dago alor honetan”, zioen Errastik. Bi biktimizazio pairatu behar izan baitituzte emakumeek; senidea erahiltzearena eta haien aurkako errepresioa.

Desagertuta jarraitzen dutenak aurkitzeko lekukotzak ezinbestekoak dira. Eta aurkikuntzen kasuan, identifikaziorako inguruan dituzten objektuek pista ugari eman ditzakete. Eraztun, botoi, erloju eta abarrek. Alde horretatik, Eusko Gudarosteko kideak identifikatzeko erraztasunik eman dien bereizgarririk izan badutela dio Erraztik; identifikazio plaka bat baitzeramaten, eta “hori zeinena den jakin dezakegu”.

Urteotan aurkitu dituzten hobi asko, herrien kanpoaldean eta bide ertzean aurkitu izan dituzte. “Atxilotu, herritik kanpoaldera eraman eta tiroz erahiltzen zituzten”, zioen Erraztik. Eta gero, era klandestinoan, ezagunek sarritan, gunean bertan lurperatu edota hilerrira eramaten omen zituzten. Azaleratu duten errealitatea, oraindik orain, neurri handi batean, lurpean isildua segitzen duen sarraski handi batena da.

“Estatu kolpea izan zen”
36ko Gerrako borroka latzetako bat etxe ondoan, Zubieta gainean, Txaldatxurren bizi izan zen, orain justu duela 80 urte. Modu oker batean guneari Estenaga deitzen ziotela jabetu zirenean, okerreko izen hari lotuta zegoen informazioa biltzen hasi zen Islada Ezkutatuak, memoria historikoa berreskuratzeko lanean dabilen Lasarte-Oriako taldea. Hamarkada luzez gai honen inguruan egon den desinformazio prozesua salatu zuen Joxa Muguruzak, Sutegin. 36ko Gerra gisa ezagutzen dugunak, estatu kolpe batek abiarazi zuela nabarmendu zuen. Eta urte hartako uztaileko estatu kolpe haren eragina pairatu zuela gerora Gipuzkoak. Kosta zitzaien altxatuei inguru hau garaitzea. “Indar eta amorru handiz defendatu zen” inguru hau, Muguruzaren esanetan. Defentsarako fronte giltzarria izan zen inguruotakoa eta hau desegin zutenean, Gipuzkoa galdu zela zioen.

Orduko begi bistako arrastoak badira Txaldatxurren eta haiek ezagutzeko aukera izango da larunbat honetarako, Aitzaga Elkarteak antolatu duen txangoan. Gero oroitzapen ekitaldia ospatuko da 13:00ean Askatasuna plazan. Zehaztasun gehiagoren berri, ondoko kartelean.

OLYMPUS DIGITAL CAMERA

160915gerrazibila

Harpidetu

Albiste hau atsegin baduzu, harpidetu orain horrelako albiste gehiago jaso ahal izateko.

Iruzkinak itxita daude.

Usurbilgo baserriak
Usurbilgo ondarea
Igo
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.