Euskara eta euskal kultura sustatzea helburu duen elkartea

Erraustegiari buruzko galdeketa auzoka egingo da, eta hiru egunez

By on 2016-08-17 in Ingurumena, Jendartea

OLYMPUS DIGITAL CAMERA

Uztailean iragarri moduan, erraustegiaz galdetuko zaie herritarrei iraila amaieran. Erraustegia egitea nahi den edo ez erabakitzeko aukera izango dute aginagar, usurbildar eta zubietarrek, irailaren 30etik urriaren 2ra. Uztailaren erdialdean galdeketa honi begira finkatu den prozedura aurkeztu zuten sustatzaileek, Erraustegia Erabakia herri plataformako kideek, Potxoenean egin zuten agerraldian.


“Hitza ukatzea ez da inolaz ere onargarria”

Datorren herri galdeketari buruzko protokoloaren aurkezpenean onartezintzat jo zuten, hainbesteko kezka eragiten ari den gaiari buruzko iritzia ematea ukatzea herritarrei. “Urteak daramagu erraustegiaren polemikarekin. Eta ez da kontu hutsala, ezta gutxiago ere. Herrian tentsioa eta kezka eragiten duen gaia da, eta zentzu honetan, gure ustez, tamaina horretako kezka sortzen duen gai baten inguruan herritarroi hitza ukatzea ez da inolaz ere onargarria. Are gehiago oraindik, galdeketa ofizialaren aldeko saiakera egin ondoren, Udalak ezezkoa jaso duenean”, adierazi zuten Maialen Unanuek eta Patxi Azpirotzek.

Galdeketa, herrian gai honekiko dagoen kezka handiaren adierazgarri izango dela aurreikusten dute. “Hilabete barru egitera goazen herri kontsulta honetan ere parte hartze maila handia izatea espero dugu. Herritarren kezkari eta eskaerari erantzuten diolako galdeketa honek”, Erraustegia Erabakia herri plataformakoen esanetan.


Galdeketa auzoka:

Irailak 30, ostirala: 16:00-20:00 Aginaga.

Urriak 1, larunbata: 9:00-14:00 Santuenea.

Urriak 1, larunbata: 16:00-20:00 Zubieta.

Urriak 2, igandea: 9:00-20:00 Kaxkoa.


Herri galdeketaz  jakin beharrekoak

Egunak:

Irailak 30 (ostirala), urriak 1 (larunbata) eta urriak 2 (igandea).


Galdetuko dena:

“Erraustegia egitea nahi al duzu? Bai ala ez?”.


Erantzun posibleak:

“Bai” eta “Ez” dioten bi bozka paper izango dira aukeran.


Nortzuk parte hartu  ahalko duten:

Usurbilen eta Zubietan erroldaturiko 16 urtetik gorako herritarrek. Guztira, 4.106 lagunek izango dute bozkatzeko aukera.


Aurkeztu beharreko dokumentazioa:

DNI-NAN, EHNA+Errolda agiria, pasaportea edo gidabaimena.

Espainiar estatuak herritartzat hartzen ez dituen pertsonek dokumentuotako bat erakutsi beharko dute: bizileku-txartela, jatorrizko estatuak jaulkitako nortasun agiria edo pasaportea, nortasun agiria/ziurtagiria, edo gidatzeko baimena.

Oharra: kasu guztietan, aurkeztu beharreko dokumentazioan bizitokia Usurbil edo Zubieta dela agertu beharko da. “Hala ez bada, Udalaren erroldatze ziurtagiria eraman beharko da”.

Harpidetu

Albiste hau atsegin baduzu, harpidetu orain horrelako albiste gehiago jaso ahal izateko.

Iruzkinak itxita daude.

Usurbilgo baserriak
Usurbilgo ondarea
Igo
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.