Euskara eta euskal kultura sustatzea helburu duen elkartea

Batzar Nagusiek ez dute ikertuko, erraustegiek osasun eta ingurumenean duten eragina

By on 2016-06-29 in Ingurumena, Jendartea, Politika

Erraustegiek osasun eta ingurumenean duten eragina aztertzeko, Gipuzkoako Batzar Nagusietan batzordea osatzea eskatu zuten maiatza amaieran‎ EHBilduk eta Ahal Duguk. Aipatu erakundeak asteartean egindako osoko bilkuran ordea, EAJ, PSE eta PP hirukoak duen gehiengo osoa baliatu zuten, bi eragileok eginiko eskaera atzera botatzeko. Bozketako emaitza; 27 batzarkide gipuzkoarren artean kezka nabaria eragiten ari den gai hau aztertzearen aurka, 22 batzarkide alde.

“Oraindik garaiz gaude”
Arduragabetzat jo du EHBilduk erraustegiaren aurka aktibatua dagoen herri mugimendu zabalaren eta erraustegia gaixotasunekin lotzen duten hainbat ikerketa egonda, “Diputazioak belarriak itxi eta ezikusiarena egitea”. Iban Asenjo batzarkidearen esanetan, “Administrazio publiko orok osasuna babesteko lehentasuna izan beharko luke. Azken urteotan burututako nazioarteko hainbat ikerketa zientifikok, baina, argi ondorioztatzen dute erraustegien inguruan minbizia izateko arriskua areagotu egiten dela eta hilkortasuna handitzen dela. Hortaz, hondakinak errausteak gizon-emakume guztiok inguru osasungarri batean bizitzeko dugun oinarrizko eskubidea urratzen du”. Gainera, Asenjok foru agintariei leporatu die “herritarrak frogak egiteko akuri moduan erabiltzea”.

Foru Aldundiari erraustegia eraikitzeko tramiteak bertan behera uztea eskatu diete eta hondakinen kudeaketaren inguruko “eztabaidaren beharra aldarrikatzen dugu, zalantzak argitu eta prebentzio-printzipioa ezarri. Gure interes bakarra osasuna da, gurea, gure bizilagunena eta gure haurrena. Oraindik garaiz gaude; gero berandu izan daiteke”.

“Fede gaiztoko erabakia”
Gipuzkoako Ahal Dugu Podemosek ere gogor gaitzetsi du Batzar Nagusietako EAJ, PSE eta PP hirukoak erraustegiari buruzko ikerketa batzordea osatzeko eskaera atzera bota izana. EAJri gai hau ez ikertzea hobeto iruditzea kritikatu du Ione Cisneros batzarkideak eta gaineratu duenez, fede gaiztoko erabakia da herritarrei arduratzen dien gai bati buruz ikertzearen aurka bozkatzea. “Erraustegiaren kaltegabetasunean sinistea fede kontua da, baina guk azterketak nahi ditugu”, zioen Cisnerosek.

PSE eta PP alderdiek eztabaidan parte hartu ez eta herritarren artean kezka eragiten ari den gai bati buruzko ikerketa batzordearen aurkako haien ezezkoa ezkutatzea egotzi die. Batzorde hau osatzeko eskaeraren helburua ez da proiektuak atzeratzea Cisnerosek Batzar Nagusietan adierazi zuenez, “gai honekin kezkatua dauden herritarrentzako onena aurkitzea baizik”.

 

Irudia: ehbildu.eus

batzordeskaera

Harpidetu

Albiste hau atsegin baduzu, harpidetu orain horrelako albiste gehiago jaso ahal izateko.

Iruzkin adierazgarri bat dago

Trackback URL | Iruzkinen RSS jarioa

  1. Patxi(e)k dio:

    Pnv eta Psoe-Pse itsututa daudenez proiektuarekin ez dute ezer eztabaidatu nahi inposatu eta listo, baina PPk alde ekonomikoarekin ados ez badago, zer egiten du haiekin bozkatzen?
    Ez dauka indarrik ezta irizpiderik ere.

Usurbilgo baserriak
Usurbilgo ondarea
Igo
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.