Euskara eta euskal kultura sustatzea helburu duen elkartea

Donostiako Gipuzkoa plaza, erraustegiaren aurkakoa igandetik aurrera

By on 2016-05-26 in Ingurumena, Jendartea

Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak iganderako deitu duen giza-katearen osterako, elkartzeko deia egin da maiatzaren 29an, arratsaldeko 16:00etan, osasunaren aldeko eta erraustegiaren aurkako mobilizazioa amaituko den gune berean; Foru Aldundiko egoitza aurreko Gipuzkoa plazan. “Gipuzkoa Zutik” aldarripean, eta “erraustegia geldituko dugu” adieraziz, bertaratzeko deia egin da. Igande arratsaldeko 16:00etan egingo dute lehen batzarra. Baina iragarri dutenez, gero “Ez goaz etxera!”. Bizipoza eta lotarako zakuak eramateko eskatu dute, sare sozialen bidez zabaldu duten mezu honen bidez:

M29 EZ GOAZ ETXERA!!

“Hemen oso ondo bizi da…” biztanleen %1-a, lauzpabost familia. Eta horiek hurrengo hiru belaunaldietan kolpe zorrik jo gabe ongi bizitzen jarraituko dute, denon diruarekin beren interesei bakarrik erantzuten dieten proiektuak aurrera ateraz. Oso erraza da. Bost axola astakeria guzti hauek ordaintzen ari garenak prekarioak, etxetik kaleratuak, langabetuak garen. Berdin zaie airea, lurra eta janaria pozoitzea.

Eta guk hemen ongi bizi nahi dugu… baina herritarron %100. Eta hil ere zahardadez hil nahi dugu. Bonba kimiko-biologikoak kudeatzen dituzten arduradun politiko suizida hauekin, gaixotasunak eta heriotzak aurre-programatzen dituzten “teknikari” salduekin… nork zaintzen du herritarron osasuna eta bizitza duina? Nora goaz?

Erabat indibidualizatuta eta apalduta nahi gaituzte. Atzera goaz.

Inflexio puntu bat behar dugu.

Gipuzkoako lau familiaren patrika betetzeko egiten duten jokaldia beti bera delako, haserreak, borrokak eta erantzunak elkartu behar ditugu. Sistema da arazoa, eta horretarako sinbolo bat hartu eta denon artean garaitu behar dugu. Erraustegia Gipuzkoako politika eta sistema ustel honen sinboloa da dudarik gabe. Orain erraustegia geldituko dugu, eta berarekin batera gainerako dena! Bizitzaren aldeko borroka hau herritarrok altxatzeko txispa izatea nahi dugu.

Amildegi batera garamatza %1ak Europan, Euskal Herrian eta Gipuzkoan. Troikatik hasita, gure agintari lokaletaraino, interes berei erantzuten dieten egitura politiko bat montatuta daukate, beren hedabide eta eragingune guztiekin. Lau urtean behin botoa eman, eta hortik aurrera herritarrok ez dugu hitzik ez erabakimenik, ezta gure bizitza baldintzatuko duten eta guk ordainduko ditugun proiektuetan ere!

Erraustegia egiten uzten badiegu, onartzen ari gara baietz, herritarron bizitzak baino gehiago balio duela betiko lauen diruak. Onartzen ari gara etorkizuneko belaunaldiak zorpetuta jaioko direla! Erraustegia onartzen badugu, arnasa garbi hartzea ere debekatuko badigute, zer geratzen zaigu? Asko dugu jokoan.
Herritarrak mundu osoan altxatzen ari dira, plazak hartuz botereari desafio egiten. Nuit Debout, M15, Saharako Gdem Izik, Istanbuleko Gezi eta mundu osoan zabaltzen ari den Occupy gara. Mundu mailako erantzuna behar du egoerak, eta Euskal Herrian ez dugu gutxiago izan nahi!

Zer proposatzen dugu?

Aldi berean eta batera jardunda politika hau aldatzeko palanka izan behar dugu. Eskaini diezaiogun gure denbora eta bizipoza inflexioa sortzeari.

Gaurdanik hasita denok hobeto bizitzea nahi dugulako, plaza hartu behar du bizitzak, pertsonek, norbanako bakoitzaren hitzak. Jar dezagun praktikan nahi dugun bizitza. Sakondu dezagun demokrazia zuzenean. Kalean, elkarrekin, eta gure artean sortuko dugun logika baten arabera mugitzen, desafioa gara dena kontrolpean nahi duen boterearentzat.

Mugimendua izango gara, ordezkaririk eta hierarkiarik gabe, borroken arteko puntu komunak bilatuz, ikaragarri pila baikara bestelako mundu baten alde lanean ari arenok. Mugimendua izango gara, denean ados jarri behar izan gabe, baina sinkronizatzean olatuak sortzeko gai dena.

MAIATZAREN 29AN EZ GOAZ ETXERA!

DONOSTIAKO GIPUZKOA PLAZAN ELKARTUKO GARA. LEHEN BATZARRA 16:00ETAN.

EKARRI BIZIPOZA, GORPUTZ ETA BURU ASKEAK, ETA LOTARAKO ZAKUA.

LAGUNDU MEZU HAU ELKARBANATUZ POLBORA BEZALA ZABALTZEN SAREAN!!!

USTELAK LURPERA, BIZITZA DA HANDIENA!

m29

Harpidetu

Albiste hau atsegin baduzu, harpidetu orain horrelako albiste gehiago jaso ahal izateko.

Iruzkin adierazgarri bat dago

Trackback URL | Iruzkinen RSS jarioa

  1. Esti(e)k dio:

    Bua ze ona! Bizirik eta mundu mailako borrokekin sintonian gaude! Eskerrik asko deialdia egin duzuenoi, horrelako zerbaiten unea zen. Han izango gara! Gipuzkoa zutik!!

Usurbilgo baserriak
Usurbilgo ondarea
Igo
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.