Euskara eta euskal kultura sustatzea helburu duen elkartea

Minbizia izan duten herritarrak, erraustegiaz: “Arrisku portzentai txikiena ere ez dugu onartzen”

By on 2016-05-17 in Ingurumena, Jendartea

“Arrisku portzentai txikiena ere ez dugu onartzen”, diote mediku, zientzialari edota gurasoek egin duten moduan, erraustegiaren aurkako borrokara batu diren Olatz Matxain eta Garbiñe Zaldua herritarrek. Minbizia gertutik, lehen pertsonan sufritu dute, eta argi diote, “halakorik bizitzea ez diogu inori opa”. Halako gaixotasunak, berez, bestela ere etortzen direnez, onartezina iruditzen zaie, Osasuna eta Errausketa Ikerketa Taldeak (OEIT) azken aldian sarritan aditzera eman duen moduan, Zubietan eraiki asmo duten erraustegiagatik herritar gehiago gaixotu ahal izatea.

Nazioarteko hainbat azterketetako datuetan, lotura ebidente bat baino gehiago aurkitu ditu mediku eta zientzialari talde honek, erraustegia eta gaixotasunen artean. “Hitzaldietan datu oso kezkagarriak azaldu dituzte. Hori entzuteak asko ukitu nau, pasa dudan esperientziatik oso gogorra izan baita”, adierazi dio NOAUA!-ri Olatz Matxain usurbildarrak. Erraustegiak dakartzan arriskuen berri jasotzen joan ahala, zerbait egiteko beharra sortu zitzaion. Esperientzia bera bizi eta gainditu duen beste herritar batekin, Garbiñe Zalduarekin bildu eta gai honi buruzko lanketari ekitea erabaki dute. Euren kezka helarazi nahi diete, “elkarteei, erakundeei. Bizi eta gainditu dugun gaixotasuna oso larria da eta ez diogu inori halakorik pasatzea opa”.

“Gaixo bakar bat ere ez erraustegiagatik”
Beraiek dioten moduan, tokatzen denean, gaixotasunok “bestela ere etortzen dira eta gainditu beharrak daude. Gu zorionez hemen gaude, zoritxarrez ez dute denek lortzen”. Horregatik, onartezina iruditzen zaie, mingarria, OEIT ezagutzera ematen ari den datuak aintzakotzat hartuta, erraustegia eraikitzeko proiektuak oraindik indarrean segitzea. “Asko ukitzen gaituen gaia da. Ez dugu inolaz ere inor gaixotzerik nahi, ezta bakar bat ere erraustegiagatik, mindu egiten baikaitu”, adierazi digute Matxainek eta Zalduak.

Euren kezka helarazteko saiakeran, lehen urratsak eman dituzte. Aspanogi, Kattalin eta Minbiziaren Aurkako Espainiako Elkartearekin hartuemanetan jarriak dira. “Mezu bana bidali diegu eurekin elkartu nahi dugula adierazteko, elkarte bezala zeresana dutela uste baitugu”, berri eman dute. Egunotarako deitu diren ekimenetan parte hartzeko gonbita luzatu asmo diete, minbiziaren aurkako eragile hauei. Bestalde, hedabideetarako hainbat artikulu prestatzen ari dira.

“Denok batera joan behar dugu”
Ideologia ezberdinetako jendearengana heldu nahi dute, eta batez ere denok osasunaren alde bat egitea eskatzen dute. “Alderdikeriak alboratu eta batzea, gai honekiko sentsibilizazioa izatea. Osasunaz ari gara, denok batera joan behar dugu”, gogorarazten digute. Hondakinak erraustearen aurrean alternatibak badirenez, zera eskatzen dute, “topa dezatela behar duten sistema. Baina hemen ez gaude esperimentuetarako”.

Egiten ari diren lanketa osoa ostiral honetan, 18:00etan Potxoenean deitu duten hitzorduan aurkeztuko dute. Ekitaldi irekia izango den arren, bereziki, minbizia izan edota dutenei, haien senide eta lagunei, edota osasun munduko profesionalei zuzendua egongo da hitzordua. Larunbatean Lasarten, Valdemingomezeko (Madril) erraustegiaren aurka salaketa aurkeztu zuen gaixo taldeko kide batek bere lekukotza eskaintzeko hitzaldia antolatu dute. Gogoan izan, minbizia duten 36 lagunek azpiegitura horren aurka salaketa aurkeztu zutela eta Madrilgo 49. Epaitegiak tramitera onartu duela. Haietatik “15 lagun hil dira zoritxarrez”, aipatu digute usurbildarrek.

“GuraSOS lan handia egiten ari da”
Hunkituta hartu du Matxainek, Gurasos mugimenduaren sorrera. Maiatzaren 7ko aurkezpen ekitaldian egon zen eta dioenez, “pertsonalki hunkitu egin nintzen, bai familiak agertu zirenean, bai bideoa ikustean. Neure ekarpena egiteko asmoa dut. Lan handia egiten ari dira”. Taldearen manifestuak izan duen harrera bikaina eta gurasos.org atarian ikus daitekeen erraustegiaren arrisku eremuko maparen garrantzia nabarmendu digu. Gipuzkoako 200 ikastetxe daude besteak beste, eremu honen baitan. “Arrisku handia da hemen jokatzen ari dena”, aipatu digute.

OLYMPUS DIGITAL CAMERA

OLYMPUS DIGITAL CAMERA

 

Harpidetu

Albiste hau atsegin baduzu, harpidetu orain horrelako albiste gehiago jaso ahal izateko.

Iruzkin adierazgarri bat dago

Trackback URL | Iruzkinen RSS jarioa

  1. Patxi(e)k dio:

    Jendeak kontzientziatzeko testimonio horiek oso baliagarriak dira

Usurbilgo baserriak
Usurbilgo ondarea
Igo
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.